Berria.info - Bilboko manifestazioa debekatu arren, mobilizazioak hedatuz doaz

Publié le par Abertzaleen Batasuna

Bilboko manifestazioa debekatu arren, mobilizazioak hedatuz doaz

Herrira-k deitutako martxan «terrorismoa goratu» litekeela dio Moreno epaileak; bi mobilizazio debekatu dituzte astebetean

Uribetxebarriari erradioterapia jaso ahal izateko probak egingo dizkiote astelehenean

HODEI IRURETAGOIENA DONOSTIA

Hogeita hamar dira jada Donostiako Ospitalean gose greba mugagabean dauden lagunak. / JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS

 

Gaur eguerdirako Herrira mugimenduak antolatua zuen manifestazioa debekatu egin du Espainiako Auzitegi Nazionalak. 12:30ean zen abiatzekoa mobilizazioa Plaza Eliptikotik, baina Ismael Moreno epaileak argudiatu du «terrorismoa goratu» zitekeela han. Horrela, epaileak aintzat hartu ditu AVT Terrorismoaren Biktimen Elkarteak eta Dignidad y Justicia taldeak egindako eskaerak. Herrira-k, berriz, deia egin die herritarrei manifestazioa bertan behera uzteko eta eguneroko elkarretaratzeetan parte hartzeko. Bilbokoa 12:00etan izango da, Moyua plazan. Ondoren, Areatzara biltzeko eskatu die mugimenduak herritarrei. Han, bihartik aurrera Euskal Herriko hainbat lekutan egingo den bezala, baraualdi masiboa egingo dute.

Debeku eskaera egin zuten elkarteek esan zuten «biktimen memoria» iraintzen zuela Josu Uribetxebarriaren eta gaixorik larri dauden presoen askatasuna aldarrikatzeko Bilboko mobilizazioak. Gainera, adierazi zuten Herrira-ko kideek «etakide baten alde» egiteaz haratago, «borroka armatua goretsi» nahi dutela kalejira horrekin. Joan den asteartean, Angeles Pedraza AVT elkarteko presidenteak esan zuen «hiritar gisa ez baina biktima gisa Uribetxebarria espetxean hiltzea» desio zuela. Bilboko Aste Nagusiaren barruan egin ohi den mobilizazioa da gaurko deitua zegoena.

Herrira-k aurreko larunbaterako Giza eskubide guztiak. Euskal presoak Euskal Herrira lelopean deitutako manifestazioa ere debekatu egin zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak, bertan «borroka armatua goretsi» zitekeela eta. Debekuaren ondoren, Gernikako Akordioak ekitaldia egin zuen larunbatean bertan, Konponbide garaia da. Preso gaixoak kalera! lelopean.

Biharko manifestazioan parte hartzeko deia egina zuen EH Bildu koalizioak «oso larritzat» jo du debekua. Koalizioak salatu du Auzitegi Nazionalak legez «kanporatzeen eta debekuen» dinamikan jarraitzen duela, eta «Euskal Herrian zabaldu den aro politiko berria» baldintzatzeko helburua duela. PPri egotzi dio Uribetxebarria eta gaixotasun larriak dituzten presoak askatzeko aldarrikapen «masibo eta plurala» ezkutatu nahi duela debeku horien bidez. Jarrera hori behin betiko gainditu eta «euskal jendartearen normalizazio politiko eta demokratikorako itxaropenen aurka» egiteari uzteko exijitu dio EH Bilduk PPri. Euskal herritarrei berriz, asteburuan egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egin die koalizioak.

Uribetxebarria, «oso larri»

Bitartean, Uribetxebarriak preso jarraitzen du, eta Etxerat elkarteak gogoratu du «muturreko egoeran» aurkitzen dela presoa. Bi asteko gose grebaren ondoren, Uribetxebarria tratamendua jasotzeko prestatzen ari dela jakinarazi du Etxerat-ek. Hain zuzen, astelehenean proba batzuk egingo dizkiote ospitalean, gero burezurreko erradioterapia saioak hasi ahal izateko, buruan duen metastasi anizkoitza tratatzeko. Uztailean atzeman zizkiotenetik, nabarmen hazi zaizkio buruko noduluak. Gainera, birikan ere nodulu gaiztoa du presoak, dagoeneko 18,5 milimetroko diametroa duena. Etxerat-ek gogoratu du, Uribetxebarriaren kasuan, bestelako hainbat datu ere izan behar direla kontuan: batetik, bi asteko gose grebaren ondoren, defentsek behera egiten dute, eta horrek gaitza areagotu dezake; are gehiago giltzurrun bakarra duela jakinik. Bestetik, Uribetxebarriak espetxe erregimena jarraitu behar du. Gainera, 56 urte ditu, eta azken hamabostak espetxean igaro ditu. Gauzak hala, «muturreko egoeran» dela eta kalean egon behar lukeela aldarrikatu du Etxerat-ek, «dagokion tratamendua zorrotz jasotzeko».



 

Hogeita hamar dira jada Donostiako Ospitalean gose greba mugagabean dauden lagunak.Grebalariak, katedralean sartzen. / JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS A.I.

 

Uribetxebarriaren lekukoa hartuko dute asteburu osoan

Bederatzi pertsonak hamalau orduko itxialdia hasi dute Iruñeko katedralean presoekiko elkartasunez

ERREDAKZIOA DONOSTIA

Donostiako Ospitaleko eguneroko elkarretaratzeek aurrera segitzen dute, eta, dagoneko, 30 pertsonak bat egin dute han egiten ari diren gose grebarekin. Euskal Herri osoan zehar ere ugaritu egin dira mobilizazioak, eta asteburura begira hainbat protesta antolatu dituztela jakinarazi du Herrira-k. Era berean, EH Bilduk bere atxikimendua eman die mobilizazio horiei eta herritarrei dei egin dieprotesta horietan parte hartzera.

Bien bitartean, Donostiako Ospitalearen ataria izaten ari da mobilizazioen gune nagusia. Atzora arte baraualdian ziren hamabi pertsonei beste hemezortzi batu zitzaizkien atzo. Batzuek hamalau egun daramatzate baraurik, eta batez beste hamar kilo galdu dituzte.

Donostiako Ospitaletik, Nagore Garciak datozen egunerako mobilizazioen berri eman zuen atzo. Azaldu zuenez, era askotako protestak egingo dituzte asteburuan Euskal Herriko osoko herri eta auzoetan. Kasu gehienetan, baraualdiak egingo dituzte, larunbatean 11:00etan hasi eta igandeko 19:00ak bitarte. Garciak azaldu duenez, herri bakoitzean zehaztuko dituzte protesta moldeak, orduak eta lekuak.

Hiriburuei dagokienez, eta gaur, Bilbon elkarretaratzea egingo dute 12:00etan Moyua plazan; Donostian, 11:00etan, ospitalearen aurrean; Gasteizen, 12:00etan, Olagibel kalean; Iruñean, 12:00etan, Karlos III.a kalean; Baionan, 16:00etan, Bost Kantoien biribilgunean; Donibane Garazin, 19:00etan, Herriko Etxearen aurrean; eta Maulen, 18:00etan, Kurutxe Xurian. Arrasaten, Josu Uribetxebarriaren herrian, berriz, manifestazioa egingo dute gaur, 19:00etan, Herriko plazatik abiatuta. Ondoren, baraualdia hasiko dute.

Iruñean, berriz, hamalau orduko itxialdi bat hasi zuten bederatzi pertsonak Nafarroako hiriburuko katedralean, gaixorik dauden hamalau presoekiko elkartasunez.

Baionan, Espainiako kontsuletxearen aurrean hamabost pertsona baraualdian dira.

 

www.berria.info

Pour être informé des derniers articles, inscrivez vous :
Commenter cet article