Kazeta.Info - Ipar Euskal Herriko informazioa bermatzeko bidean Baionako EiTBko delegaritza egonkortzea ezinbestekotzat jo dute AB eta Aralar alderdiek

Publié le par Abertzaleen Batasuna

Ipar Euskal Herriko informazioa bermatzeko bidean Baionako EiTBko delegaritza egonkortzea ezinbestekotzat jo dute AB eta Aralar alderdiek

Argitaratua: 2010-02-19 16:22:17


Patxi Zabaleta, Mikel Basabe, Andde Sainte Marie eta Joseba Garai, gaur goizean, Baionan. Bob EDME argazkia.

 

Abertzaleen Batasuna eta Aralar alderdiek agerraldia burutu dute goiz huntan Baionan euskal irrati eta telebistaren zerbitzua publikoa Ipar Euskal Herrian bermatu behar dela aldarrikatzeko. Heldu den martxoaren 31an EiTBk Baionan duen egoitzan jarduten dute hamar bat langileen kontratua amaituko da eta handik aurrera nehork ez daki zehazki zer bilakatuko den 80ko hamarkadaren erdialdera Xiberoa, Baxe Nafarroa eta Lapurdin eskainia den zerbitzua. Aralarrek legez besteko proposamena aurkeztuko du Eusko Legebiltzarrean. ABk, bestalde, EEPren lehendakaria den Max Brissonekin bilera eskatu du.

Maite UBIRIA | BAIONA

«Gaur egun EiTBn dagoen arazoa lehenagotik datorren arazoa dela onartuta ere», EiTBko Baionako delegaritzan emanen den «larritasun egoeraz» jabeturik urratsak egiteko tenorea dela uste dute Aralar eta ABk. Baionan eginiko agerraldian nabarmendu dutenez, heldu den apirilaletik aintzina nehork ez daki zer bilakatuko den duela bi hamarkada Baionan zabaldutako delegaritza.

«Iparraldeko eragileek pusaturik eta Iparraldeko behar informatiboak bermatzeko sortutako zerbitzu publikoa lanjeran dagoela» nabarmendu Andde Saint-Mariek. Horregatik, Xiberoa, Baxe Nafarroa eta Lapurdin irrati eta telesbistako zerbitzua euskaraz jasotzeko eskubidea babestearen mementua dela uste du Abertzaleen Batasuneko ordezkariak.

EiTBk Ipar Euskal Herrian egin duen ibilbidea ezin dela ahantzi -lan taldearen ahalegina goraipatu du- eta egoera latz honen aitzinean «ixilik geratzea onartezina dela» azaldu du ABren idazkaritza nagusiko kideak. Abertzaleen Batasunak Iparraldearen eragile ezberdinekin konpartituko du bere kezka.

Alta, erantzukizunak bilatu nahian, Euskararen Erakunde Publikoaren lehendakariarengana joko du. Dagoeneko Max Brissonekin lan bilera bat eskatu dutela iragarri du Sainte-Mariek.

Aralarreko kartarik ez izanik ere, EITBren administrazio kontseiluan alderdi hau ordezkatzen duen  Jose Ignacio Basterretxea kazetaritza katedradunak alderdiaren kezka emanen duela azaldu du Mikel Basabe legebiltzarkideak. Preseski, EiTBeko zuzendaria, Alberto Suriok, Baionako egoitzan bizi den egoerari buruz azalpenak eman ditzan eskatuko du alderdiak.

EITBko zuzendaritzak aurreikusten dituen aldaketek ez dituztela Ipar Euskal Herriko biztanlegoaren premia informatiboak aintzat hartzen eta beste euskal herrialdetako herritarrek «Iparraldeko informazioa jasotzeko eskubidea» arriskuan jartzen duela azaldu du Basabek.

«Zerbitzu publiko batek ezin ditu Ipar Euskal Herriko premia informatiboak bigarren mailako premiatzat hartu», gaineratu du Gasteizko Legebiltzarreko deputatuak.

Hartara, Aralar taldeak legez besteko proposamena aurkeztuko du legebiltzarrak afera honen karietara eztabaida burutu dezan. Preseski, honako eskakizunak luzatuko ditu alderdiak.

Lehenik, Baionako EiTBren egoitza egonkortzea eskatuko du Aralarrek.

Bigarrenik, lanpostuen beharra zehaztu eta horren arabera egiturazko lan-ekipa sortzea galdeginen du, beti ere kontratazio zuzenak bultzatuz.
Hirugarrenik, Ipar Euskal Herriko informazioa egunero emitituko dela bermatu behar da Aralarren aburuz. Are gehiago, egun astelehenetik ostiral bitartean Baionan ekoizten den emankizuna asteburuetara zabaltzea defendatuko du alderdi abertzaleak.

Azkenik, euskarazko irrati eta telebistako kateetan Ipar Euskal Herrian gertatzen diren berriei arreta gehiago eskaintzea eta eguneko agenda informatiboan tokia egitea eskatuko dute Aralarreko ordezkariek legez besteko proposamen horretan.

Sorretatik, ezegonkortasun egoeran izan da EiTB

EiTB egoera ez egonkor batean izan da betidanik Baionan. Euskal Irrati Telebista ez da, baietazpada, zerbitzu publiko ofiziala Ipar Euskal Herrian. Salbuespen-sabuelpen, hemengo langileek nehoiz ez dute EITBrekin lan harreman naturala ukan. Bi sozietate ezberdinek –Euskal Media eta Komedia– kudeatzen dituzte irrati eta telebistaren ekoizpenak Iparraldeko hiru lurraldetan, ondoren horiek EITBren eskutan jartzeko. Kudeaketa arloan izandako pasadizo argi-ilunak ahantzi gabe, zerbitzu publiko batean guziz onartezina behar luke prekarietate maila altua izan da betidanik Iparraldeko EITBn.

Alta, langileen egoera jasanezina da gaur egun. Joan den udazkenaz geroztik kontratatu zituen sozietatearekin EiTBk eginiko akordioa heldu den martxoaren 31ean agortuko dela jakin gainean daude. Besterik ez dakite. Hamaika galdera pausatu arren, zuzendaritzatik jaso duten erantzun bakarra kanporatzearen bidea zabaltzen duen eskutitza izan da. Frantziako legeak kontratua bukatzeko zehazten duen desmartxa abian da eta oraindik ere apirilaren 1etik aurrera lana ukanen duten ala ez ez dakite.

Zurrumurruak eta informazio partzialar besterik ez dira zabaldu. Hartara, azken bi hamarkadetan EITBk astelehenetik ostiralera, arratsaldeko ordutegian,  emititu duen "Iparraldearen orena" baztertu eta astekari moduko emankizun bat sortzeko asmoa agertu omen du zuzendaritzak.

 

http://www.kazeta.info/euskalherria/ipar-euskal-herriko-informazioa-bermatzeko-bidean-baionako-eitbko-delegaritza-egonkortzea-ezinbestekotzat-jo-dute-ab-eta-aralar-alderdiek

 

 


Publié dans Berriak - Infos

Pour être informé des derniers articles, inscrivez vous :
Commenter cet article