Berria.info - Ezker abertzalea berriz batzeko beharra eta gogoa adierazi du ABk

Publié le par Abertzaleen Batasuna

Ezker abertzalea berriz batzeko beharra eta gogoa adierazi du ABk

Azken urteetan alderdi abertzaleen artean ziren desadostasun anitz «desagertu» edota «leundu» direla dio ABk

Frantziako Legebiltzarrerako bozentzat, EH Bai koalizioa lehenetsi dute kideek

JENOFA BERHOKOIRIGOIN BAIONA

Jakes Bortairu eta Peio Etxeberri-Aintzart, ABko idazkaritzako kideak. / BOB EDME

 

«Testuinguru historiko batean gara, eta horren mailara igo behar gara hamar urteko zatiketa gainditu eta ezker abertzalearen berriz batzearen bidea hartuz». Horra zer adierazi zuen atzo Peio Etxeberri-Aintzart Abertzaleen Batasuneko idazkaritzako kideak, biltzar nagusiaren berri emateko antolatu prentsaurrekoan. Larunbatean burutu zuten bilera, Uztaritzen (Lapurdi), 145 bat kideren artean.

Hamar urte pasatu dira Ipar Euskal Herriko ezker abertzalean zatiketa izan zenetik, AB zatitu eta Batasuna agertu zenetik. Orduko desadostasunak «desagertu» edota «leundu» direla erranik, berriz elkartzea posible ikusten du ABk. Adibidetzat eman zituen estrategia politiko- militarraren desagerpena edota alderdi baten funtzionamenduari begira diren ikuspuntuak. Are gehiago, Euskal Herrian martxan den bake prozesuari begira «arduratsu» jokatzea bide hori hartzea dela azaldu zuen Etxeberri-Aintzartek. Zuberoa, Lapurdi eta Nafarroa Beherearen ezagupen instituzionalari dagokionez ere, ezker abertzaleak «mezu kolektibo eta adostu» bat eraman behar duela gehitu zuen. 

2014a gaurdanik prestatuz

2014an egingo diren herriko boz «garrantzitsuak» gaurdanik prestatzen hasi behar direla erranik, abertzale guztien artean proiektu politiko komun baten lantzen hasi behar direla uste du ABk. Gogoeta eta eztabaida anitz beharko direla badakite, «desadostasun batzuk desagertu badira, adostu beharreko anitz puntu gelditzen direlako oraindik». Frantziako Legebiltzarrerako hauteskundeentzat ere EH Bai hobetsi du ABk. Biltzar nagusian, 76 kide agertu ziren abertzaleen arteko elkartzearen alde eta 65 ekologistekin osatzeko koalizio baten alde. Bildu edota Amaiur koalizioek sortu «uholdeak» ere bideratu ditu kideak hautu horrerantz: «Abertzaleen arteko haustura ezagutu dute Hego Euskal Herrian ere eta zatiketaren gainetik pasatzea lortu dute... Zergatik ez hemen?». Horrez gain, beste erabaki batzuk hartu zituzten biltzar nagusian: Udalbiltzan inplikatzea, euskal preso politikoen eskubideen defentsan jardutea, ezagupen instituzionalaren alde«lobby» lana egitea eta hainbat arlo sektorialetan inplikatzea.

Idazkaritza ere berritu zuten, hamabost kidek osatzen dute, besteak beste Filipe Bidarte, Jean-Marc Abadie eta Mertxe Colina izango dira hango kide aurrerantzean.



 

PEIO ETXEBERRI-AINTZART. ABKO IDAZKARITZAKO KIDEA

«Eraman gogoetatik proiektu politiko komuna eraiki beharko dugu»

J. B. BAIONA

Hamar urte pasatu dira ABn izan zen zatiketaz geroz. Orain, berriz batzeko garaia dela uste du Peio Etxeberri-Aintzartek (1973, Baiona). Nahiz jakin denbora beharko dela, sineskor da. 

Hainbat desadostasun desagertu direla eta, ezker abertzalearen berriz bateratzea beharrezkoa ikusten duzue. Desadostasun batzuk badira seguru aski oraindik, ez?

Bereizten gintuzten puntuak geroz eta lasterrago desagertzen ari dira. Baina erronka handiak gelditzen dira oraindik. Erabaki eta printzipio batzuk adostu arren, kultura politiko desberdinak gelditzen dira, eta horiek emeki-emeki aldatzen dira, ez da denbora laburrean egiten. Ezin da ukatu hamar urtez bi mikrokosmos pixka bat urrundu direla eta jendeak barneratu dituela politika eramateko manera ezberdinak. Hori guztia berriz osatzeko denbora behar da. Horri buelta emateko, ez da dekreturik, ezin da erran «hemendik aitzina berriz elkarrekin gara eta dena ongi doa». Beharko da egunerokotasunean elkarrekin ari izan. Horretarako, ariketa konkretuak beharko dira.

Zer-nolako ariketa konkretuak?

Jardunaldi batzuk behar dira antolatu. Gogoeta gune zabal bat, non ezker abertzaleko jende guztiak bilduko diren, izan ABko, izan Batasuneko, EAko edo independenteak, adostasun puntuak bai, baina ere bereizten gaituztenak aipatzeko. Asumitu behar dugu ez garela %100 ados eta ez garela inoiz osoki ados izanen. Asumitze horretarik jinen da bateratzea. Gogoeta hori eraman behar da. Hortik gauza konkretuago batzuk eraiki behar dira, eta horietariko bat da proiektu politiko komuna. Azken urte hauetan, bereziki hauteskundeentzat, alderdi bakoitzak bere proposamenak zituen, eta negoziaketa bazen minimo batzuk adosteko. Baina guk, proiektu politiko komun bat sortu behar dugu. Ez dogmaren mailan bakarrik, printzipio orokorretan errazki adosten garelako. Baina konkretuki herritarra egunerokoan hunkitzen duten gaiei buruz. Elkarrekin gogoetatuz lortuko dugu naturalki osatzen.

Hori argitzeko asmoz da abiaturik Ipar Euskal Herriko ezker abertzaleari buruzko galdeketa?

Bai. Nire ustez, hastapen bat da, gogoa pizteko da, nondik abiatu behar den ikusteko eta gero gauza konkretuagoetara joateko. Norabideak aipatzen dira inkestan, ez da funtsera sartzen. Aipatu beharreko gaiak zerrendatuak dira, eta gero gai horietaz zer dugun errateko ikusi beharko da. Jadanik alderdi bakoitzak bere aldetik baditu proposamenak, eta dena trukaturik, osatu beharko dira proposamenak.

Berriz batze hori lortzeko zenbat denbora beharko da?

Epea 2014 da, herriko bozak direlako. Erronka nagusi hori lortzeko, operatiboak izan beharko gara. Herriko bozak garrantzitsuak dira, eta birfundatze horretan etapa bat izanen dira. Hiru urtez hamar urteko zatiketaren digestioa lortzeak harrituko ninduke. Posible bada, hainbat hobe, baina denbora anitz hartuko du nire ustez. Ez nau beldurtzen, ez dakit zer forma hartuko duen, baina ez badugu bihar edo 2014an lortzen konfederazio edo alderdi bakar baten sorrera ez da larria... Elkarlana dugu bederen lortu behar. Hori lortuz geroz, segituko dugu indar hori eramaten eta lortuko dugu zatiketa hori gainditzen. Garaian zaila izan zen AB bera lortzea, hogei urteko kultura politiko ezberdinak bazirelako gibelean. Pentsaezina zena lortu zuten garaian.

Orduan lortu bazen, orain ere lor daiteke beraz.

Edo pentsatzen dugu zatiketa fatalitate bat dela edo uste dugu historiatik ateratzen ahal direla esperientziak. Historia hurbilak erakusten digu gure erronkak jada aitzinekoek gainditu zituztela. Ez da beldur izaterik. Hegoaldean ere ber erronka dute; hauteskundeetarako koalizioa lortu dute eta ez da gutxi. Borondate bat badelarik, bidea atzematen da.

 

http://paperekoa.berria.info/harian/2011-12-07/006/001/Abertzaleen_Batasunak_dio_ezker_abertzalea_berriz_batzearen_alde_egin_duela.htm

Publié dans Abertzaleen Batasuna

Pour être informé des derniers articles, inscrivez vous :
Commenter cet article