Kazeta.info - AB: "Ezkerreko mugimendu abertzalea bateratzeko prozesuak denbora hartuko du, baina goazen gaurdanik bidea jorratzera"

Publié le par Abertzaleen Batasuna

AB: "Ezkerreko mugimendu abertzalea bateratzeko prozesuak denbora hartuko du, baina goazen gaurdanik bidea jorratzera".

Abertzaleen Batasunak iragan larunbatean Uztaritzen burutu zuen biltzar nagusiari buruz prentsaurrekoa eman du astearte arratsean Baionan. Bertan, Jakes Bortairu eta Peio Etxeberri-Aintzart, idazkaritza berriko kideek, eztabaidaren nondik-norakoak eman dituzte. Legebiltzarreko bozen gainean izandako eztabaida bigarren auzitzat jo ondoren, biltzarrak abantzu aho batez "ezker abertzaleko mugimenduaren birbateratzea" xede duen estrategia hobetsi duela nabarmendu dute. "Zatiketa politika ez da patu bat, momentu historiko batean bizi gira eta jakin behar dugu maila bereko hautuak egin" adierazi dute ondoren.

Maite UBIRIA / BAIONA 
ABren biltzarra ezkerreko mugimendu abertzalea indartzearen alde azaldu da eta, beraz, EH Bai-ren aldeko proposamena onartu dute militanteek. Mugimendu abertzalearen zatiketa gainditzea hobetsi zuen mozioneak bozen %54a jaso zuen ( 76 boz ) eta ekologistekin aliantza lehenetsi zuenak %46a ( 65 boz) .

Izan ere, Peio Etxeberri-Aintzartek eta Jakes Bortairuk irakurketa sakonagoa eskeini nahi izan dute eztabaida horri buruz asteartean Baionan eskaini duten prentsaitzinean. Azaldu dutenez, estrategia politikoari buruz adostasun maila handia erakutsi du biltzarrak. Gainerau dutenez, "bi mozioetarik partituz idatzi amankomun bat sortu da, eta eztabaidagai ziren sei gaietarietarik bostetan abantzu aho batez bozkatu dute militanteek".

Bortairuk laburbildu duenez, Udalbiltza berriz abiarazteko, presoen aldeko ekimenak azkartzeko, Ipar Euskal Herrian erakundea sortzeko bidean lobby lana burutzeko eta krisi ekonomikoaren gaineko gogoetak eta erantzunak emateko orduan "hautu argiak" egik ditu ABk.

Ondorioz, ezkerreko abertzaleen artean "proiektu amankomuna lantzeko" oinarri sendoak ezarri direla uste du ABk. "Prozesuak bere denbora hartuko du, baina bidea aski luzea izanik ere, behar dugu gaurdanik jorratu" laburbildu du Etxeberri-Aintzartek.

EH Bairen alde eta 2014ra begira 
Biltzarrean defendatu bezala, badira hamar urte ezkerreko abertzalearen zatiketa eragin zituzten arrazoinak gainditzeko bidean direla nabarmendu dute ABko ordezkariak, partikularazki estrategia politiko-militarreko bukaera eta euskal lurraldeen arteko "asimetriari" buruzko hausnarketa berria aipatuz.

"Borroka armatua amaituta, arduratsu izan behar gira, eta maila historikoa erakutsi behar dugu; Bildu eta Amaiur eredu berria dira eta horiek sortutako uholdeak eragin badu Ipar Euskal Herrian", adierazi du.

2001-2010 zatiketaren aroa izan bada "azken hamar hilabetetan aldaketa handiak" izan direla azpimarratu dute, horregatik, beste alderdi abertzaleei gonbita bikoitza egin diote: EHBai berriz ere martxan jartzea, Frantziako Legebiltzarrerako bozetarako, eta horren ondorik "epe luzeago batera begira, gogoeta amankomuna eta zabala abiatzea, 2014an iraganen diren herri bozetan "zeru-muga ezarriz".

"Zergatik ez ezker abertzalea osatzen duten erakundeen eta militanteen arteko jardunaldiak antolatzea ?" galdetu dute, ezkerreko mugimendu abertzalea berriz bateratzeko deia Batasuna eta EA alderdiei baina baita Autonomia Eraiki bezalako elkarte bati zabalduz.

Jakin behar da aste honetan bertan biltzarrak deituak dituztela EHBaiko beste bi kideek: Eusko Alkartasunak, ostiralean eginen du bere bilkura, Baionan, eta Batasunak, berriz, larunbatean, Uztaritzen.

Idazkaritza berria 
ABko Biltzarra Nagusiak harturiko erabakiak aitzina eramateko bere idazkaritza berritu du alderdiak. Hona hemen idazkaritza berria osatzen duten kideak:

  • Jean-Marc Abadie
  • Alzibar Mikel
  • Berterretche Maixan
  • Bidart Filipe
  • Blain Nikolas
  • Bortayrou Jakes
  • Casaubon Jean-Marc
  • Colina Mertxe
  • Dirassar Panpi
  • Etcheverry-Ainchart Peio
  • Galant Jean-Mixel
  • Garay Joseba
  • Harignordoquy Antton
  • Ithurbide Mikel
  • Peyrucq Beatrice

http://www.kazeta.info/euskalherria/abko-militanteek-frantziako-legebiltzarreko-hauteskundeetan-eramaten-duten-estrategia-erabakiko-dute-gaur

 

Publié dans Abertzaleen Batasuna

Commenter cet article