Kazeta.info - Kanporatzeko arriskuari aurre eginez, animazio programa zabala San Mixelen

Publié le par Abertzaleen Batasuna

Kanporatzeko arriskuari aurre eginez, animazio programa zabala San Mixelen


Gaizka IROZ argazkia.

Asteartean Baionako auzitegiak lekua husteko hiru egun zituztela jakinarazi ondoren, ostiral huntatik kanporatuak izaiteko arriskuan dira Donaixtiko San Mixeleko eskola zaharra okupatzen duten lagunak. Horrendako bertara joaiteko eta proiektua babesten laguntzeko deia luzatu dute, era berean lekuko herritar, hautetsi, alderdi eta elkarteek azalduriko elkartasuna eskertu dutelarik. "Sostengua molde ezberdinetan gauzatzen ari da. Obretan parte hartuz edo sostengu morala emanez", nabarmendu dute. Asteburuan zehar animazio programa zabala antolatu dute.

Lekuko hautetsien, elkarteen, Izura eta Bunuzeko auzapezen eta herritarren sostengua eskertu dute Donaixtiko eskola okupatu duten gazteek. Jaso duten elkartasunarekin indarturik, Baionako auzitegiaren erabakiari muzin egin eta beren proiektua aurrera eramateko asmoa agertu zuten, azteazken goizean, San Mixelen bertan antolatu prentsaurrekoan.

Bideraturiko izenpetze kanpainarekin Euskal Herri osoko ehunka lagunen sostengua bildu dutela gogorarazi dute, eta Daniel Olzomendi eta Eric Ithurralde Izurako eta Bunuzeko auzapezek, eta Donaixti, Arhantsusi eta Larzabaleko hautetsiek beraiekin bat egin zutela jakinarazi dute. Alta, Donaixtiko auzapeza, Jean-Pierre Vigneauk, eta Jean-Louis Caset, Iholdiko kontseilari orokorrak San Mixel okuparen aurkako kanpaina burutu dute, gazteen eta haien burasoen aurkako irainak bota dituztela.

"Jaso digun sostenguaren aitzinean betebehar bat badugu eta ez dugu huts egin nahi. Hilabete batez hemen bizi izan duguna ez dugu hiru jeloskorren jarreragatik sakrifikatuko", azpimarratu eta bertan geratzeko asmoa handizki baieztatu dute.

Horiek horrela, Baionako auzitegiak lekuak husteko emandako 72 orduko epea ostiral huntan bukatuko bada ere, kultur ekitaldiaz beteriko asteburua prestatu dute San Mixelen. Hemen programa:

  • Ostiralean, agorrilak 24an: 21etan kantaldia: Unama, Lümendi eta gomitekin.
  • Ibiakoitzean, agorrilak 25ean: Arratsaldeko 17.00etan: Zirko tailerra haurrentzat "Que ne faire" konpainiak antolataurik. Marue clowna eta Battit musikariarekin. 19.00etan aperitifa eta tako K-Way 731 taldeak alaturik. 21.00etarik 23.00tara: kontzertuak: Izate eta DJ Porito.
  • Igandean, agorrilak 26an: 12.00tan : piknika ( jatekoa ekartzea gomendaturik). 15.00etan: Elektro siesta, Moï Möi kolektiboarekin. 21.0etan: Xora, xiberutarrez eginiko lehenengo filmaren proiekzioa. Ondotik : Solasaldia Jeremy Garat eta Peio Cachenot egileekin.

www.kazeta.info

Publié dans Berriak - Infos

Pour être informé des derniers articles, inscrivez vous :
Commenter cet article