Berria.info - «Desarmeak konfiantza sortzen du, eta bermeak ematen dizkie aldeei»

Publié le par Abertzaleen Batasuna

BAKE PROZESUA INDARTZEKO FORO SOZIALA. IRUÑEKO SAIOA

«Desarmeak konfiantza sortzen du, eta bermeak ematen dizkie aldeei»

Bake Prozesua Indartzeko Foro Sozialaren lehen saioa egin dute Iruñean, nazioarteko adituekin; gaur jarraituko du, Bilbon

Euskal Herriko hainbat eragile bildu dira, «blokeoa gainditzeko» ideia bila

OIHANA ELDUAIEN IRUÑEA

Eusko Alkartasunako, Sortuko eta Aralarreko ordezkariak. / J. MANTEROLA / ARP

 

«Errezeta magikorik ez dugu topatuko, baina zailtasun eta erronken aurrean ideia berrien bila ekarpen baikorra eta plurala izan nahi du honek, bake prozesuan aurrera egiteko». Hala azaldu zuten Iruñean atzo abiatutako bake foroaren antolatzaileek. Beste gatazketako esperientziak jakin eta adituen gomendio eta hausnarketak hartzeko, gizarteko eragile asko batu zen Baluarte jauregian eginiko saioan. Gaur jarraipena izango du foroak, Bilbon.

Brian Currin eta Ray Kendall Harremanetarako Nazioarteko Taldeko kideak ere han izan ziren. Currinek hitza hartu zuen, eta azpimarratu Aieteko Adierazpenaren ondotik, ETAk armak uzteko erabakiaren berri eman, eta beste aurrerapausorik ezean, krisia iritsi zela «gatazka eraldatzeko prozesura». Orain, une honetan, hiru lidergo ikusten ditu aurrera egiteko: «Lehenik, herritar aktiboak; bigarrenik lidergo berebizikoa, emakumeen zein gazteen mugimenduena, sindikalismoarena, herritarren mugimenduena, alderdiena... Eta, hirugarrenik, nazioarteko eragileena. Madril eta Parisko «blokeak» hor daudela onartu zuen Currinek, baina lanean jarraituz gero, «arrakasta» izango dela.

Haiek entzuten izan ziren, besteak beste, Rufi Etxeberria Sortuko kidea, Pello Urizar EAko idazkari nagusia, Patxi Zabaleta Aralarrekoa, EAJren Nafarroako arduradun Manu Aierdi, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Laura Mintegi EH Bilduko bozeramailea, Xabier Mikel Errekondo Amaiurreko diputatua, Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusia, Ainhoa Aznarez eta Nekane Alzelai Ahotsak ekinbideko kideak, Amaia Izko euskal presoekin aritzen den abokatua, EPPKren bitartekari taldeko Arantza Zulueta, Jon Garai Herrira-ko kidea, eta beste hainbat. Bi mahai inguru egin zituzten atzo: desarmeari buruzkoa eta giza eskubideei buruzkoa.

1. Desarmatzea

Desarmatzea aldeen artean konfiantza sortzeko bidea dela azpimarratu zuten hitzaldian parte hartu zuten hiru adituek. Veronique Doduet Berlingo Berghof fundazioko programaren zuzendariak nabarmendu zuen armak uzten dituztenei bermeak ematea ere ezinbestekoa dela. Desarmearen gaian kontuan hartu beharreko sei puntu zehaztu zituen. Esan zuen toki batzuetan desarme hitza baztertu egin dutela, gobernua ez delako desarmatzen, erakunde armatua bakarrik. Bestetik, adierazi zuen armak uzten dituzten talde eta norbanakoen segurtasuna bermatu behar dela, atxilotuak izan ez daitezen, eta gizartean integra daitezen. Talde armatuak golpera desegitea ere ez dela ona esan zuen, bertako kideak «erabat galduta» topatu daitezkeelako; «Erakunde zibil edo politiko» bihurtu behar direla adierazi zuen. Halaber, gaineratu zuen aldeei prozesuan bertan parte hartzea erraztu behar zaiela, inplikatu egin behar direla, insurjentziarik-eta sortu ez dadin. Azkenik, egiaztatzea eta kontrola ezinbestekotzat jo zituen, «borrokalarien segurtasuna eta estatuen konfiantza eragiteko».

Ipar Irlandako desarmerako batzordeko buru izandako Aaro Suoniok, berriz, azaldu zuen desarmerako batzordeak bigarren planoan egin zuela aurrera han, gainontzeko korapilo politikoak konpontze bidean jartzen ari ziren bitartean. Armak uzteko prozesuak aldeen artean konfiantza sortzea dakarrela azpimarratu zuen, eta, gainera, armak merkatu beltzetik kanpo uztea ziurtatzen duela.

Baldintzak zehaztu zituen: borondatea ezinbestekoa dela esan zuen, Michellen printzipioak bete behar direla, lidergoak behar direla eta kanpoko begirale edo laguntzaileak behar direla.

Animo hitzak ere izan zituen euskal herritarrentzat. «Buzeatzen duzunean ezin duzu kolpe batean atera ur azalera, geldialdiak egin beharra daude. Bakerako bidean berdin gertatzen da, eta Euskal Herrian une horretan zaudete. Pazientziarekin eta pertseberantziarekin lortuko duzue».

Bestelakoa izan zen Hegoafrikako prozesua. Robert McBride prozesu hartako kide izan zen, eta atzoko foroan, besteak beste, desarmerako agiriak erakutsi zituen. Zehazki, Mozanbikeko Gobernuaren agiriak erakutsi zituen, armak jaso zituela ziotenak, eta hango komandante militarrak sinatuta, entregatu zituzten armen zerrenda. Armen entrega toki guztietan egiaztatu egin behar dela esan zuen, dudarik gabe.

Hegoafrikako negoziaketetan arazo asko egon zirela ekarri zuen gogora, eta Nelson Mandelaren hitz batzuk aipatu zituen, nabarmentzeko, armak uzten dituenak ere bermeak behar dituela: «Nola entregatuko zituzten armak errugabeak hiltzen bazituzten, presoak askatzeko akordioak betetzen ez baziren...». Armak uzteko epe eta tokia ere jarri zirela azaldu zuen, eta, epe horretan, jendeak bere kasa armak uzten zituela. Gobernuak jaso zituen, eta gero amnistiak eta antzeko neurriak egon zirela azaldu zuen.

Ikasgai argi batzuk atera zituen McBridek: bakeak arrisku asko dituela eta frustrazio asko jasotzen direla, baina bide berriak topatu behar direla: «Borondate politikoa behar da konponbide justua egoteko. Armek desagertu egin behar dute, eta errepresioak ere bai». Arazo politikoari aurre egiteko desarmea konfiantza sortzeko tresna dela nabarmendu zuen, «aldeek hobeto ulertzeko». Argi hitz egin zuen: «Desarmeak formala eta egiaztagarria izan behar du, eta kanpoko bitartekariek bermatu behar dute».

2. Giza eskubideak

«Bake prozesuetan giza eskubideak txertatu egin behar dira», azaldu zuen Frank Freemanen Trantsizio Integratuentzako Institutuko zuzendariak. Eta punturik zailenetik hasteko erronka eman zuen: zatiketak gainditzetik, «gu eta zuek» banaketak gainditzetik. Hala, «narratiba berri bat» eratzea ezinbestekotzat jo zuen, eta esan zuen segurtasun publikoa eta oinarrizko askatasun demokratikoak bermatu behar direla, eta, horretarako, joko arauak ezartzeko gutxienekoen akordio bat behar dela.

Egiaren Batzordeetan aditua den Priscilla Haynerrek ere hartu zuen hitza, eta hark esan zuen, gogorra izan arren, «prozesu formal bat» behar dela, «gauzak ez baitira besterik gabe konpontzen». «Aurkakoen arteko elkarrizketa» horretan, kontsultak egiteko bitartekoak jarri behar direla esan zuen, norberak bere gatazkarentzako eredua topatu behar duela, presarik gabe aritzea komeni dela, baina aurreneko urratsa egitea ez dela gehiegi luzatu behar, eta prozesuak inklusiboa izan behar duela, elkar ulertu behar dutela aldeek.

Edinburgoko unibertsitateko Christine Bellek, berriz, nabarmendu zuen prozesu denak desberdinak direla, eta Euskal Herrian ere bertako modua topatu beharko dela, baina badaudela guztietan dauden ezaugarriak: denek izan behar dutela konponbideareen parte, eta elkarrizketei buruzko elkarrizketen fasean giza eskubideen inguruko akordioak behar direla.

www.berria.info

Publié dans Berriak - Infos

Pour être informé des derniers articles, inscrivez vous :
Commenter cet article