Berria.info - «Ezin dut jasan Espainiako egoerak eztabaida kutsatzea»

Publié le par Abertzaleen Batasuna

JEAN-JACQUES LASSERRE. HAUTETSIEN KONTSEILUKO PRESIDENTEA

«Ezin dut jasan Espainiako egoerak eztabaida kutsatzea»

Euskal lurralde elkargoaren alde diren eragile guztien artean koordinazio bat osatu dute, aldarrikapena «aho batez eramateko». Paraleloki, egitura bakoitza dabil bere inguruan «eskakizun horri buruzko kontzientzia hartzea sakontzen eta zabaltzen».

JENOFA BERHOKOIRIGOIN BAIONA

/ BOB EDME

 

Frantziako Deszentralizazio ministroak Ipar Euskal Herrira etortzeko engaiamendua hartu zuen iazko urriaren 11n, Hautetsien Kontseiluaren ordezkaritzarekin bildu zenean. Baina bisita horren berririk ez du Jean-Jacques Lasserre Hautetsien Kontseiluko presidenteak, eta horrek zalantzak sortu dizkio. Hala eta guztiz, aldarrikapena eramaten segitzeko beharra ikusten du: «Antolaturik segitu behar dugu, pazientzia handikoak izan, eta une berean ihardukitzeko prest egon».

Euskal lurralde elkargoaren aldeko hainbat eragile batu zarete koordinazio batean. Zer dela eta?

Gobernuaren partetik adierazpen oso bortitzak jaso ditugu, eta ez dugu oraindik erantzunik ukan gure eskaerari begira. Hori ikusirik, koordinazio bat osatu dugu, aldarrikapena bizirik atxikiarazteko. Euskal Herriko indar eragileok batzeko hautua egin genuen, mezua aho batez eramateko.

Zein dira koordinazioaren lan ardatzak?

Koordinazioko eragile bakoitzak bere arduren araberako pausoak ematen ditu. Niri dagokidanez, Euskal Herriko herri eta hiri elkargoen itzulia egiten segitzen dut. Egin dugun lan seriosaren berri eman nahi diet, eskaki- zun horri buruzko kontzientzia hartzea sakontzeko eta zabaltzeko.

Zer harrera jasotzen duzu herri elkargoetako kideen partetik?

Balorazioa egiteko goizegi da; bilkura bakarra dugu egina. Baina ez da ahantzi behar Hautetsien Kontseiluak aho batez bozkatu zuela lurralde elkargoaren alde, jakinda herri elkargoen ordezkariak daudela Hautetsien Kontseiluan.

Marylise Lebranchu Deszentralizazio ministroa jin beharra da laster Euskal Herrira...

Ez dakit, ez dut inolako berririk.

Nahiz ez jakin noiz etorriko den, Paristik hitzemandako bisitaren bezperan gara. Ez ote da herri mobilizazio handi bat antolatzeko garaia? 

Horri begira, iritzi propioa dut, baina erantzuna emanen dizuegu ondoko egunetan. Kolektiboki hartuko dugu hitza.

Deszentralizazioaren III. Akta apirilaren 10ean aurkeztua izanen da Ministroen Kontseiluari. Denbora guti gelditzen da.

Espero dut aitzinamendu batzuk egotea erreforma horretan. Lan luze eta sakona egin dugu eta harremanetan egon gara Marylise Lebranchurekin; gobernuaz hurbil diren parlamentariek ere mezua pasarazi dute; behintzat hori espero dut... Hori guztia ikusirik, espero dut gure zentzura doazen irekidura batzuk egotea legean. Bestela, zuzenketen prozedura geldituko zaigu bakarrik, eta biziki ausazkoagoa litzateke hori.

Aldarrikapenak duen sostengu zabalaren isla da koordinazio taldea. Aniztasun horrek eragina izanen du?

Hautetsien Kontseiluan aho batez lurralde elkargoaren alde bozkatu izana ez da ahantzi behar sekula; berebiziko garrantzia du; iraganean ez zen halakorik gertatu. Koordinazio horrek pisu bat gehiago ekartzen dio jada zabala zen sostenguari, eta espero dut emaitza onak eraginen dituela.

Manuel Valls Frantziako Barne ministroaren adierazpenak gogoan dituzu, segur aski; lurralde elkargoaz hitz egiteko baldintza gisa, ETAren armen itzultzea planteatu zuen. 

Nazioko negoziaketen meneko dugu Manuel Valls. Madrilez hurbil izateak mugatzen dio jarduteko duen askatasuna. Bestalde, uste dut ez duela ezagutzen Euskal Herria , eta iraintzat jo ditut haren adierazpenak. Frantziako instituzioen koherentzia mehatxatzeko lan egiten dugula zioen... Ni oso argi naiz: aldarrikapen horren aldeko ardurak hartu ditut, baina beti koadro errepublikano batean. Gure egoerari egokituriko instituzio errepublikano frantsesa dut bilatzen. Zinez mindu naute Vallsen hitzek.

Frantziako Gobernuak Espainiarekin duen lotura aipatu duzu. Are zailagoa izanen da lurralde elkargoaren lortzea, jakinda Madril ere baduzuela parean.

Espainiak eztabaida izugarria du, autonomien burujabetza eta koherentzia nazionalaren bilaketaren artean tirabiran delako. Autonomien garapenaz ari garenean, beti mesfidati agertzen da Madril; batez ere, Katalunia eta Euskal Herriarekin. Beso borroka etengabea da Madril eta autonomia horien artean. Gure eskakizuna asebeteko duen erantzun bat nahi dut lortu Paristik, eta ezin dut jasan Espainiako egoerak eztabaida kutsatzea .

Alta, bake prozesuaren testuinguruan gara. Bakerako bidean urratsak ematea galdetua zaio Frantziari ere. Nahikaria sendi duzu gobernuaren partetik?

Iruditzen zait gauzak mugituz doazela poliki-poliki. Duela hiruzpalau urte pentsaezina zena orain entzungarria da; mintza daiteke horretaz, eta hori bera, berez, pauso garrantzitsua da. Baina argi da bi aldeen partetik bakerantz joateko nahikaria izatea eta bi aldeek haien jarrera mugitzea dela beharrezko baldintza. Hori imajina dezakegu bakarrik, elkarrekin hitz egiten badute.

Diozu bake prozesua solasgai dela. Hori Ipar Euskal Herrian, ala Parisen ere bai?

Eztabaida hori ez da gehiago lokala: erabat Pariskoa bilakatua da. Euskal lurralde elkargoaren gaia bezala, funtsean. Nire ardura laster bukatuko da, zeren badira bi urte ari naizela buru-belarri horren alde; egin ahala egin dut, baina orain eztabaida erabat politikoa eta Frantziakoa da.

Hori guztia erranda, euskal lurralde elkargoaren eskakizunari begira, baikor zara?

Egia erran, espero nuen epe nahiko laburrean ukanen genituela erantzun batzuk, baina, orain, dudatzen hasia naiz. Alderdi Sozialistaren zintzotasunari buruz ditut zalantzak, kanpaina guztian gai horri buruz mintzatu delako eta orain, ardurak dituela, ahalkerik gabe erabat beste zentzura doan jarrera duelako. Hori ikusirik, egoera zailean gaudela diot. Segur naiz egun batez lortuko dugula nahi duguna, baina noiz? Hori da galdera. Antolaturik segitu behar dugu, pazientzia handikoak izan behar dugu, eta une berean ihardukitzeko prest egon.

 

www.berria.info

Publié dans Berriak - Infos

Pour être informé des derniers articles, inscrivez vous :

Commenter cet article