EUSKAL HERRIA BAI ( BERRIA 2007/05/10)

Publié le par Abertzaleen Batasuna

Mahai beraren gibelean eseri dira Abertzaleen Batasuna, Batasuna eta Eusko Alkartasuneko arduradunak. Euskal Herria Bai koalizioak beste urrats bat egin du, hautagaiak aurkeztu baititu. Hiru alderdi abertzale horiek aspaldian ez ziren batera aurkeztu. Batasuna sortuz geroz, ez zen halako batasunik lortu Ipar Euskal Herrian. Ekainaren 10ean eta 17an iraganen dira Frantziako Legebiltzarrerako hauteskundeetako hautagaiak zein diren jakitera eman zuten, atzo, hiru alderdiek.

Leonie Agergarai aurkeztuko da laugarren hauteskunde barrutian (Baxenabarre eta Zuberoa), eta Mirentxu Lako ukanen du ordezko gisa. Agergarai Muskildiko zinegotzia da, eta adineko pertsonen artatzea da haren lana. Mirentxu Lako Jutsikoa da, eta irakasle gisa ari da lanean. Bosgarren hauteskunde barrutian (Baiona, Angelu, Lapurdi iparraldea eta Baxenabarre iparraldeko zati bat) hautagai nagusia Migel Torre izanen da, gaur egun erretretan dagoena. Haren ordezko gisa aurkeztuko da Manex Pagola. Pagola ere erretretan dago.

Seigarren barrutian (Lapurdi hegoaldea) Beñat Elizondo aurkeztuko da. Urruñako zinegotzia da, eta gaur egun Pausuko Xaia ostatuko arduraduna da. Haren ordezkoa Eliane Galarraga izanen da, Senperekoa, hezitzaile gisa lanean ari dena.

Sei hautagai horiek «Euskal Herriaren ezagupenari buruzko mezu baikor eta indartsua luzatzen diete herritarrei, Euskal Herrian gatazkaren gainditzeko prozesu bat abiatzeko entsegua egiten ari den testuinguruan». Koalizioaren ustez, Ipar Euskal Herriko «biztanle gehienek manera batez edo bestez aldarrikatzen dute beren euskaldungoa». Gehiengo horrek «erabakitzeko boterea azkartzea» nahi dutela adierazi du koalizioak.


SARKOZYREN AURKA. Frantziako presidente hauteskundeak Nicolas Sarkozy UMPkoak irabazteak Euskal Herriaren egoera zailduko duela uste du EH Bai-k, «bereziki gatazka politikoaren konponbideari, Iparraldeko lurralde ezagupenari, euskararen ofizialtasunari eta preso politikoen eskubideei begira». Koalizio abertzalearen ustez, Sarkozyren garaipena «dirudunen aldeko eskuin ultraliberalaren garaipena» da.

Sarkozyren eskuinak «EPR proiektu nuklearra eta transgenikoak» defendatzen dituela salatu du EH Bai-k. Halaber, «etorkinen ehiza antolatzea eta prekarietate sozial gero eta zabalagoak sortzen dituen kezkak baliatuz, jendarteko sektoreak bat bestearen kontra» jartzea leporatzen diote. Sarkozyren proiektuari «ezetz borobila» errateko deia egin du koalizioak. Ezetz hori Frantziako Legebiltzarrerako hauteskundeetan erratea proposatu du EH Bai-k. Alderdi abertzale gehienak batera aurkezteak indar gehiago emanen diela pentsarazten die.

Haatik, EAJk ez du bat egin koalizioarekin. Urtarrilean jakinarazi zuen koaliziotik aterako zela, Barajasko atentatuaren ondorioz. Geroztik, beste hiru alderdiek zazpi eginahalak egin dituztela ohartarazi dute, baina EAJk ez du jarrera aldatu. Ez du oraindik jakinarazi ea hauteskunde horietara hautagaitza bat aurkeztuko duten ala ez.

Pour être informé des derniers articles, inscrivez vous :
Commenter cet article