Kazeta.info - RPS federazioaren udako unibertsitateak bere ateak ideki ditu Miarritzen

Publié le par Abertzaleen Batasuna

RPS federazioaren udako unibertsitateak bere ateak ideki ditu Miarritzen

Régions et Peuples Solidaires federazioak bere 17. udako unibertsitatea ospatuko du agorrilaren 21etik 23ra Miarritzeko ostalaritza lizeoan. Lurralde erreforma, hizkuntz guttituak eta baita ere Euskal Herrian abiatu prozesu politiko berria izanen dituzte aipagai jardunaldi horietan. Eusko Alkartasuna eta Abertzaleen Batasuna alderdiak RPS federazioaren partaide izanki, beraiek izanen dira jardunaldi hauen anfitrionak. ( Irakurri: Gustave Alirol, Régions & Peuples Solidaires federazioaren lehendakariak udako unibertsitateari begira idatzitako agurra ). ( RPS federazioaren udako unibertsitatea twiterren bidez jarraitu dezakezu ).

Alegia, federazioko presidentearen agurrarekin zabaldu da, goiz huntan, RPS federazioaren udako unibertsitatea. Ondotik, lehen eztabaida abiatu da. Alegia, erakunde baten aldarrikapena aztertu dute. Jakes Bortairu ABko kideak aldarrikapen horren ibilbide historikoa jorratu du eta ondoren gaiari buruz mintzatu dira honako mahaikideak: Frédérique Espagnac PSko senataria eta Christinne Bessonart Senpereko auzapeza eta Euskal Herriko Hautetsien Biltzarreko lehendakaria.

Azken honek adierazi duenez, "bake prozesua ez doa nahi genuke bezain fite baina jada onura bat ekarri digu: lurralde kolektibitatearen sortzeak eragitzen zituen kezkak uxatzeko lagungarria izan delako". Espagnac-ek, bestalde,  "Frantziak hitzordua duela Euskal Herriarekin" erran du. Alta, "senatari naizen heinean Parisen oso zaila dela herri honen ahotsa entzunaraztea ziurtatu dezaket" gaineratu du.

Arratsean, 14 tik 17.30tara Euskal Herrian martxan den gatazka konponbide prozesua izanen dute aztergai Jon Iñarritu Amaiur taldeko legebiltzarkideak Madrilgo Kongresuan, Lorena Lopez de la Calle, Bilduren hautetsiak eta Joseba Garai ABko idazkaritzako kideak. François Alfonsi eurodeputatu ekologistak eta Eguzki Urteaga unibertsitateko erakasleak aurkeztuko dute mahaingurua.

Bi mahainguruen ostean eztabaida zabalik izanen da unibertsitateko partehartzaile zein gonbidatuekin.

Asteazkenean, goizean, hizkuntz guttituen estatus-ari buruz mintzatuko dira Paul Molac deputatu bretoia, David Grosclaude Akitaniako kontseilari okzitandarra eta Bernat Joan i Marí, eurodeputatu ohia eta Kataluniako gobernuaren hizkuntz politikako arduradun ohia.

Arratseko 16.00etan, RPSk Miarritzen antolatu jardunaldietan parte hartzen dituztenak hartuko ditu Ikerne Badiolak, Kultura arduraduna Gipuzkoako Diputazioan, Donostian.

Udako Unibertsitatea ostegunean bururatuko dute RPS osatzen duten hamaika alderdiek -EA eta ABren ondoan EAJ bada ere federazioaren partaide-. Egun horretan adierazpena publikoa eginen dute.

Ziurtzat ematen da agiri horretan bake prozesuari buruz bere iritzia emanen duela federazioak. Are, Iosu Uribetxebarriak pairatzen duen osasun egoera larria dela-eta agiria zabaldu zuen berriki RPSk.

Agiri horretan, "bake iraunkorra ez dela posible izanen alde guztiek ez badute aurrera egiten" oharrarazi zuen federazioak. Era berean frantziar eta espainiar estatuei preso politikoen auzian urratsak emateko eskaera luzatu zien RPSk.

www.kazeta.info

Publié dans Berriak - Infos

Pour être informé des derniers articles, inscrivez vous :

Commenter cet article