Kazeta.info - Milaka lagun espero dira gaur Baionan Herrirak deitu duen presoen aldeko manifestazioan

Publié le par Abertzaleen Batasuna

Milaka lagun espero dira gaur Baionan Herrirak deitu duen presoen aldeko manifestazioan

Herrira mugimenduak "Giza Eskubide Guztiak, Euskal Preso Politikoak Etxera" lelopean arrats huntako Baionan antolatu manifestazioa historikoa izaiteko osagai guztiak ditu. Herrirak mugimenduak deialdiak jaso duen ez ohiko sostengu maila nabarmendu du. Ipar Euskal Herrian nehoiz bildu ez duten sostegua jaso dutelako kontent da mugimendua. Alderdi politikak, sindikatuak, elkarteak, kultur eta kirol eragileak... animalea da sostengu zerrenda. Hala nola 150 hautetsi baino gehiagok larunbateko manifestaziora joateko deia egin dute. Baita Baionako Marc Aillet apezpikuak ere. 60tik gora autobus antolatuak dira. Eta eguraldia zer ? Gauean sekulako euritea bora ondoren sekulako eguraldi eguraldia dago Lapurdin !! Hurbildubaketa eta Verslapaix hashtags baliaturik manifestazioa zuzenean emanen dizuegu twiterren bidez. Ekitaldia bururaturik horren kronika eta argazkiak atzematen dituztewww.kazeta.info webgunean.

"Euskal Herriko jendarteak gatazkaren ondorioak lehen bait lehen tratatuak izan daitezen eskatzen du, bakea iraunkortu dadin" azaldu zuen Herrirak Baionan asteazkenean eginiko agerraldian. Bertan nabarmendu duenez, "preso eta iheslarien gaiak ez du sekulan gisa hontako elkartasun uholdea eragin".

Manuel Valls Frantziako Barne ministroaren azken adierazpenek eta Aurore Martinen egoerak argi utzi dutela jende askorengan "Euskal Herriak bizi duen defizit demokratikoa".

Herriraren ustez, Azaroaren 10eko manifestaldia "aukera paregabea izanen da herritar ainitzentzat, Parisko jaunttoei adierazteko marra gorria gainditua izan dela, eta bakeruntz hurbildu nahi dugula erraiteko".

Informazio tekniko batzu 
Herrirak agerraldia baliatu du manifestazioari buruz zonbait informazio tekniko emateko. Manifestaldia 15h30 ttanko hasiko da, Euskaldunen plazatik, eta berantarik arratsaldeko 5etan bururatu da. Jakin behar da 17.30etarik Xilaba bertsulari xapelketaren finala izanen dela Lauga kiroldegian.

Bereziki Hego Euskal Herritik helduko diren jendeei helarazi diete mezua: beharrezko den guzia egin dezaten tenorez iristeko Baionara.

Hego Euskal Herritik 60 bat autobus izanen dira. Bai autobus horiek baita Xiberotik etorriko diren beste bik 2 Quai Edmond-en aparkamendua izanen dute.

Manifestaldia presoen senideek idekiko dute, ondoren iheslariak emanen dira eta haien gibelean banderola bakarra izanen da, Ipar Euskal Herriko pertsonalitate batzuek atxikia.

Prentsa eta begiraleak mugan izanen dira 
Herrirak bere kezka azaldu du larunbat hontan mugan jendea ibiltzeko trabak izan daitezkeelako. "Adierazpen askatasunaren urraketaren ondotik -Aurore Martinen kasuan gertatu den bezalan-, libreki ibiltzeko askatasuna urratua izanen denaren beldur gira" adierazi dute.

Frantses agintari administratibo eta politikoei "libreki ibiltzeko eskubidea ez dadin trabatua izan" galdetu diete. Edonola, prentsa eta begiraleak mugan izanen dira ibiltzeko eskubidea errespetatzen den edo ez kontrolatzeko.

www.kazeta.info

Commenter cet article