Kazeta.info - Milaka lagun bildu dira Hendaian Ipar Euskal Herriko ikastolen sostenguz

Publié le par Abertzaleen Batasuna

 

Milaka lagun bildu dira Hendaian Ipar Euskal Herriko ikastolen sostenguz

Eguraldia ez da oztopo izan eta Seaskak Hendaian deitu mobilizatzeko deialdiarekin bat egin dute milaka euskalzalek. Bederen 3000 lagun hurbildu dira Baionako suprefetak Herriko Etxeari ikastola berria sortzeko laguntzarik ezin duela eman erranez luzatu mehatxuari erantzuteko. Ikastoletako buraso eta haurrekin batera eragile politiko anitz izan dira. UMP, MoDem, PS, Berdeak eta, bistan da, alderdi abertzaleen ordezkari ugari bertaratu dira. Euskarak mugarik ez duela berriz ere agerian uzteko Hendaian izan dira, besteak beste, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Laura Mintegi EH Bilduko bozeramailea, talde bereko legebiltzarkide eta EAko idazkari nagusia den Peio Urizar, alderdi bereko Juanjo Agirrezabala legebiltzarkidea, Xabier Mikel Errekondo Amaiur taldeko deputatua Madrilen eta Maribi Ugarteburu ezker abertzaleko kidea eta legebiltzarkidea Gasteizen. ( Ikusi argazki galeria )

Maite UBIRIA / HENDAIA 
Hegoaldeko politikariez gain, Ipar Euskal Herriko alderdi ezberdinetako ordezkariak ere bildu ditu martxak. Horietarik anitz hautetsiak. Batzuk zoilik aipatzearren bertan ziren Jean-Mixel Hiriart Biriatuko auzapez eta UMPko kide; alderdi bereko Peyuco Duhart, Donibane Lohizuneko auzapez; Jean-René Etxegarai, Modem-eko ordezkaria eta Baionako auzapezorde; Martine BIsauta, Baionako hautetsi ekologista, Marie-Christinne Bessonart, Senpereko auzapez eta Ipar Euskal Herriko Auzapez Biltzarreko lehendakari; Alain Iriart, Hiriburuko auzapez eta kontseilari orokorra edota Kotte Ezenarro, PSko kontseilari orokorra eta Hendaiako auzapez ohia. "Ikastola Herri Eskola!" aldarrikatzen zuen banderola eramaten egungo Hendaiako auzapez den Battitta Salaverry izan da ere.

Hain zuzen ere, Hendaiako alkateak lehenik eta ondotik Paxkal Indo Seaskako presidenteak hartu dute hitza amaierako ekitaldian, Herriko Etxeko eskaileretan. Azken honek Hendaiako auzapez eta herri kontseilari gehienek ikastolaren lde azaldu engaiamendua goraipatu du.

Ez direla ezkutatzen, beraiek ez dituztela ez kultur etxeak ez aisialdi zentroak sortzen, "euskaraz osoko bizitzeko berme bakarra diren ikastolak baizik" adierazi du Indok.

Suprefetari oharra egin dio erranez lehenagoan bezala oraingoan ere "erasoen aurrean beti zutituko direla" Ipar Euskal Herrian dauden 30 ikastoletako burasoek eta erakasleek.

Paxkal Indok ez du soilik ikastolen defentsa egin. Manifestazioan beste hizkuntz guttituetan jarduten zuten eskoletako ordezkariak zirela gogoratu du. Esaterako han ziren Okzitaniako kalandreta eskoletako burasoak. Txalo zaparrada handi batekin hartu du plazan bilduak ziren milaka euskalzalek Indoren hitz horiek.

Hur Gorostiagak lege baten beharra dagoela azaldu du. "Suprefetak aldatuz doaz, baina guk hemen jarraitzen dugu. Ezin dugu suprefeta bakoitzaren erabakien menpe egon", azaldu du Seaskako zuzendariak. "Funtzio publiko bat" betetzen dutenez diru publikoaren beharra dutela oroitarazi du.

Egungo mobilizazioa oso denbora tikian antolatua izan da. Astelehenean deitu zuten martxa eta, hala ere, milaka lagunek erantzun ozena eman diote suprefetari. Izan ere, ondoko egunotan beste protestak izanen dira. Hartara, astelehenen eguerdirako, Baionako suprefetaren aitzinean elkarretaratzea deitu dute. Egoerak horrela jarraitzen duen bitartean mobilizazioekin jarraituko dutela azaldu dute.

www.kazeta.info

 

Publié dans Berriak - Infos

Pour être informé des derniers articles, inscrivez vous :

Commenter cet article