Kazeta.info - Lurralde Elkargoaren sorrera "gizarte zibilaren nahikeria ere badela" erakutsi nahi du Baterak

Publié le par Abertzaleen Batasuna

Lurralde Elkargoaren sorrera "gizarte zibilaren nahikeria ere badela" erakutsi nahi du Baterak

Baterak Euskal Herriko Jardunaldiak antolatu ditu irailaren 29an Baionako Merkatal eta Industria Ganbaran (MIG). Biltzar horretan parte hartzeko deia zabaldu du gaur platormak. Hautetsier baina baita gizarte eragileer gomita helarazi die Euskal Herrian lurralde elkargoa sortzeko egitasmoa egia bihurtzeko "baitezpadakoa delako -Bateraren ustez- gizarte zibilaren parte hartzea". Bilkura horretan adierazpena adostu nahi dute. "Lurralde elkargoa sortzeko proposamenak euskal jendartean atxikimendu zabala bildu duela agerian utzi nahi dugu ondoren goi mailako erakundeetara euskal gizartearen ahotsa entzunaraziz".

Baterak prentsaitzinekoa eskaini du gaur goizean Baionan. Agerraldi horretan, bai Hautetsien Kontseiluaren biltzarrean bai Lurralde Demokrazioari buruzko Eztabaidan "lurralde elkargoa sortzearen alde irudikatu den adostasun politikoa" urrats garrantzitsutzat jo du plataformak. Martine Bisautak oroitarazi duenez "bada hamarkada bat basarmotuan senditzen ginen gai hau aipatzen eta gaur egun eztabaida gori-gorian da".

Izan ere, hautetsiek hartu engaiamendua inportanta izanik ere, Baterak gizarte zibilaren bultzadarik gabe nekez lortuko direla egiazko aurrerapausuak uste du. Senatuak urriaren hastapenean helduko dio III. Deszentralizazio Aktari buruzko eztabaidari. Bestalde, George Labazée, Pirinio Atlantikoetako Kontseiluko presidenteak eta senatariak urriaren 8 aurkeztuko deszentralizazioari buruzko txostena.

Parisen, beraz, hitzordu garrantzitsuak finkatuak dira. Izan ere, lurralde elkargoa sortzeko egitasmoaren gainean "euskal gizartean adostasu maila handia dagoela" erakutsi nahi du Baterak. Hilaren 29an Baionan antolaturik diren jardunaldietan herritarrek erakundetze prozesuari adierazitako atxikimendua agerian utziko duen adierazpena onartzea proposatuko du. Ondotik, adierazpen hori Parisko goi mailako erakundeetara eramanen dute plataformako ordezkariek.

Baterako kideek "gizarte zibilaren topaketa" bilakatu nahi dute 29ko bilkura. "Herritarrek jakin behar dute lurralde elkargo baten sorrerak duen indorio bakarra ez dela Euskal Herriaren aitortza instituzionala, jakin behar dute baitaere egitura horrek ondorioak dituela kultura eta ekonomia alorretan, besteak beste", laburbildu du Mixel Berhokoirigoinek.

Gizartearen inplikazioa inportanta izan bada lurralde elkargoaren gaineko eztabaida agenda politikan sartzeko, herritarren inplikazioa are eta inportantagoa izanen da hurrengo fasean. " Urrats handia eman dira baina aurrera begira lurralde elkargo horrek zer nolako antolakuntza duen, zer fiskalitate eredua, zoin hauteskunde ereduari segituz eta zoin hautes-eremuan hautatuko den bere biltzarra, edo-ta bertze egitura publikoekin zer nolako harremanak dituen... eta beste zonbait gauza zehaztu behar ditugu", laburbildu dute Baterako kideek.

Mementua politikoa, "benetan erabakigarria" izan dadin, euskal jendartearen aktore orori Baionan antolatu eztabaida mamitsu horretan parte hartzeko deia luzatu diote Baterako ordezkariek. Euskal Herriko Jardunaldian irailaren 29an, larunbatarekin, 14.30etarik goiti iragaiten dira Baionako MIG-en.

www.kazeta.info

Publié dans Berriak - Infos

Pour être informé des derniers articles, inscrivez vous :

Commenter cet article