Kazeta.info - Lurralde Elkargoaren aldeko lanean sakonduko dute hautetsiek, "presio-ekintzak" baztertu gabe

Publié le par Abertzaleen Batasuna

Lurralde Elkargoaren aldeko lanean sakonduko dute hautetsiek, "presio-ekintzak" baztertu gabe


Ezkerretik eskuinerat, Galant, Etcheto, Lasserre, Brisson eta Boloqui. Bob EDME argazkia.

Euskal ordezkaritza zabala bildu da atzo Parisen Deszentralizazio ministroarekin. Gaur goizean Baionan zapore gazi-goxoa utzi duen bilera horri buruz azalpenak eman dituzte delegaritzako kideek Baionan. Marylise Lebranchuk "Errepublikak Euskal Herriari aitortza instituzionala eman behar diola" azaldu du bilkura horretan. Alta, oso zaila dela Lapurdin, Baxe Nafarroan eta Xiberoan gehiengo zabal batek sostengatzen duen Lurralde Elkargoaren eskaria frantziar Parlamentuak heldu den abenduan onartuko duen lege markoan jasotzea oharrarazi du Lebranchuk. Ministroak agertu borondate onaren gainean, lurralde elkargoaren egitasmoaren definizioan -ahalmenak, fiskalitatea...- sakontzeko kemena agertu dute hautetsiek. Hori, bai, helburu argi batekin: epe motzera Parisek aitzat hartu dezala haien aldarrikapena. Hori egin ezean, Garapen Kontseiluan eta Garapen Kontseiluan "presio-ekimenak" garatzea ez dute baztertzen. Jean Jacques Lasserre eta Max Brisson estatuarekin hitzarmena arraberritzeko prozedura blokatzeko prest lirateke.

Agerraldiaren hastapenean, Jean Jacques Lasserrek Hautetsien eta Garapen kontseiluen baitan eginiko lana goraipatu du. Gogoeta zabala horren ondorioz, "pays" eskemaren baitan badira bi hamarkada sortu dispositiboak eman dituen fruituak egonkortzeko bidean, "beste estadio batera pasatzeko ordua dela" azaldu du.

"Azaldu diogu ministroari desmartxa luze honetan lan harreman berriak sustatu direla eta giro berriak   -bakea aipatu du Lasserrek- lagundu duela" laburbildu du Hautestsien Kontseiluaren buruak.

Iragan irailean ebazpen bat onartua izan zela, eta Angelun eta Sorbonan izan diren topaketetan eztabaida horren emaitza aurkeztua izan dela oroitarazi diote ere euskal ordezkariek ministroari.

Oren bateko bilkura horretan "euskal ordezkaritzak borondate azkar bat dela Ipar Euskal Herrian eta herri batendako lanjerosa dela hitzordu garrantzitsuak galtzea erran diogu, hau dela momentua gure herriak behar duen dispositiboa plantan sartzeko nabarmenduz", jarraitu du Lasserrek.

Are, Ipar Euskal Herrian "etsipen handia" sortuko litzatekela gehiengo zabal batek eginen duen galdera erantzunik gabe geldituko balitz aipatu diotela ministroari gaineratu du delegazioaren buruak.

"Ministroak Euskal Herriaren aitortzaz, erakunde ezagupenaz mintzatu da, baina behin baino gehiagotan esan du egun Frantziak abiatu duen deszentralizazio eztabaida horretan zaila dela kokapen bat ematea gure eskariari, nahiz eta aitzina egiteko borondate badela azpimarratu", erran du Lasserrek.

Lege koadroan sartzea ezinezkoa dela dio ministroak 
Ministroak "ezinezkoa" ikusten omen du euskal eragile politiko, ekonomiko eta sozial anitzek Ipar Euskal Herrian ezarri nahi duten erakunde eredua deszentralizazioari buruzko lege-koadroan jasotzea. "Ni ez nator bat iritzi horrekin", aitortu du argiki Lasserrek.

Max Brisson, UMPko ordezkariak harago joan da: "Ministroak aitortza bat lortzeko helburua agertu du eta guk esan dugu lan egin nahi dugula lurralde elkargo bat sortzeko, anbiguetaterik gabe. Aitortza instituzionala aipatzea ondo da, baina esaera horren baitan dena eta ezer sartu daiteke. Argi erran dugu aitortza horren helburua ezin dela kontratu bat izan. Are, esan diogu ezin dugula imajinatu legeak soluziobideak ekartzea kortsikar, alsaziar eta, agian bretoinentzat ere, eta ez guretzat. Onartezina da hori guretzat".

Jean Mixel Galant, Garazi-Baigorriko Herriko Elkargoko lehendakariak bere iritzia eman du ondoren. Bere ustez atzoko bilerak bere helburuak bete ditu. "Goi mailarat eraman dugu gure eskaria, eta ministroa entzuteko prest atzeman dugu. Helburua bete da, Euskal Herriko ahotsa entzunarazi dugu. Aitzina begira, lan handia dugu, definizio lanean segitu behar dugu, baina etapa garrantzitsua bete dugu atzo Parisen".

"La République est une mais diverse" 
Bestalde, Jean-Baptiste Etcheto, Garapen Kontseluaren buruaren ustez etapa berria ireki da. "Azken urtetan eginiko lan guztiak aitzat hartzeko eskatu diogu ministroa, agiri telnikoak, juristen txostenak, baina baita Baonako Merkatal eta Industria Ganbarak emandako aburua ere... dokumentu horiek guztiak eman dizkiogu, engaiamendu zabala dela lurralde elkargoaren aldeko agerian uzteko. Desmartxa azkarra, anitza, kontsentsuala, legeari lotua daramagula jakinaraziko diogu ministroari", azaldu du.

Agiri horiek eskutan hauxe erakutsi nahi izan diote ministroari: "lurralde hau ez dela aldarrikapen eszenatoki batean, arrazionalitatearen eztabaidan baizik". Zailtasun-zailtasun, esaldi batekin gelditu da Etcheto: "La République est une mais diverse" ( Errepublika bakarra baina anitza) erran du Lebranchuk".

Beraz, ministroak azaldu duen borondate ona noraino iristen den jakiteko xede, hemendik aurrera lurralde elkargoa sortzeko egitasmoa definitzeko lan egiten dute hautetsiek. Jakinik ere, ordea, "denbora gutxi behar dugula ahalmen edo fiskalitateen gainean erantzun zehatzak emateko". Beraz, urtea amaitu baino lehen behin-betiko txostena egina izanen da.

"Estatuarekin hitzarmena ez izenpetzeko prest" 
Mementuz, Hautetsien Kontseiluak eta Garapen Kontseiluek aitzineratu proposamena berritz aztertua izanen da urriaren 22an.

Biltzar horretan urratsa berria ematea ez dute baztertzen hautetsiek. Max Brissonek agerraldiaren ostean baieztatu duenez: Parisen hemendik gutxira ez bada deus mugitzen, Hautetsien eta Garapen Kontseiluan "presio ekimenak" garatzean proposatuko dute. Hala nola "Estatuarekin izenpetu behar den hitzarmen berria prestaketa lana bertan behera uztea". Ildo beretik mintzatu da Jean Jacques Lasserre, Hautetsien Kontseiluaren burua. "Euskal Herriak erakundea ukanen duen ala ez argitu bitartean, Pays egituraren baitan dugun elkarte kontratuaren ez arraberritzea proposatuko dut".

www.kazeta.info

Publié dans Berriak - Infos

Commenter cet article