Kazeta.info - Lurralde demokraziari buruzko eztabaida, arrats huntan, Baionan

Publié le par Abertzaleen Batasuna

Lurralde demokraziari buruzko eztabaida, arrats huntan, Baionan


Hautetsien Kontseiluak Ipar Euskal Herrian lurralde elkargoaren sorreraren hipotesia aztertzea galdeginen du Baionan antolatu bilkuran.

Frantziako Senatuak lurralde antolamenduari buruzko eztabaida martxan emanen du, gaur Euskal Herrian, eta bihar, Biarnon. Les Etats Généraux de la Democrátie Territoriale delako biltzar nagusia 17.30etatik 20.30ak arte iraganen da Baionako Elkarteen Etxean. Xiberoa, Baxe Nafarroa eta Lapurdi bere baitan hartzen duen Departamenduko hiru senatari - Georges Labazée, Jean-Jacques Lasserre eta Frédérique Espagnac- asanbleako anfitrionak izanen dira. Jean-Michel Uhaldebordeerakaslea, berriz, eztabaidaren moderatzailea.

Maite UBIRIA 
Bi mahai-inguru antolatuak izanen dira. Lehenengo mahainan "estatu eta lurralde kolektibitateen arteko harremanak: baliabide eta eskuduntzak" gaia aztertuko dute hauetsiek. Jean-Jacques Laserre senatari zentristak hala eskaturik, Hiriburuko auzapezak Alain Iriartek dinamizatuko du eztabaida hori. Bigarren mahainguruan "tokiko demokrazia: estatusa eta hautatze-sistema" gaia jorratuko dute.

Mahai-inguruetan burutuko diren eztabaidak salan izanen diren ordezkariekin partekatuko dituzte. Berez,états généraux edo biltzar berezi honetan ahalmen exekutiboa duten hautetsi guztiek hartu dezakete parte. Hau da, auzapezak, herri-elkargoetako presidenteak, kontseilari orokorrak, eskualde kontseilariak eta parlamentari zein senatoreak gonbidaturik dira gaurko eztabaidan parte-hartzerat. Ber maneran, Estatuaren ordezkariak -prefeta edo suprefeta- present izanen dira bilkuran.

Capdevielle ez da egongo, Lassalle auskalo 
Iragan ostegunean Hautetsien Kontseiluko biltzar nagusia kari eztabaida garrantzitsua izan zen. Lurralde elkargoari buruz proposamen zehatzak egitea zen bilkuraren helburua. Azkenik, ordea, hipotesi hori lantzeko eskari orokorra baizik ez zuen onartu Hautetsien Kontseiluak. Bilera horretan presentzia eta baita ausentzia adierazgarriak izan ziren. Ausentzien atalean zentro-eskuineko hautetsi esanguratsuek piper egin zutela aipatu beharra dago. Parte hartzeari buruz mintzo garelarik, gonbidapena jaso zuten Alderdi Sozialistako hautetsi guztiak izan zirela bileran nabarmendu behar da...nahiz eta denak ez ziren aho batez mintzatu. Are, sozialistek "lurralde elkargoa" aipatzen ez zuen mozionea aurkeztu zuten, Hautetsien Kontseiluak azken hilabetetan emandako gogoeta amankomunatik at kokatuz. Horrek ika-mika piztu du eta jasotako kritikei erantzunez gutuna zabaldu dute eledun horiek "Le Journal du Pays Basque" kazetan.

Gaurko bileran Ipar Euskal Herrian lurralde elkargoa sortzeko proposamena aitzat hartzeko eskaria mahaigainean jarriko dute euskal hautetsiek. Izan ere, ikusteke dago sozialistek hartzen duten jarrera. Mementuz, adierazgarria da Colette Capdevielle Baionako legebiltzarkidea, Parisen bestelako lanak dituela-eta, bilkuran ez izatea. PS ez da, ordea, zalantzak agertzen dituen eragile politiko bakarra. Jean Lassalle diputatu zentristak ez du baieztatu bileran izanen den edo, orain arte egin duen bezala, bere agenda politikotik kanpo utziko duen Ipar Euskal Herrian ikusmin berezia sortzen duen eztabaida.

Batera: "baldintza guziak bilduak dira Euskal Herriko ezagupen instituzionala lortzeko" 
Sartze politikoa goitik behera markatuko duen ekimenari begira kokatu dira bertze hainbat eragile.Baterak Jardunaldia eginen du hilaren 29an Baionako Merkatal Ganberan.

Plataforma honek Hautetsien Kontseiluak eginiko biltzarrari buruz bere iritzia eman du agiri baten bitartez. Idatzi horretan adierazi duenez, "aitzakia gehiagorik ez da lurralde elkargo berezitu bat sortzeko eta baldintza guziak bilduak direla Euskal Herriko ezagupen instituzionala lortzeko".

"Euskal Herriko jendartearen aldarrikapena entzunarazi behar dugu, dezentralizazioaren III. atalean sartua izan dadin" gaineratu du Baterak.

Heldu den abenduan Frantziako parlamentuak bozkatuko duen legeak "estatutu bereziko lurralde elkargoaren sortzeko aukera integratu behar du, gure lurraldearen jendartearen nahia baita" aldarrikatu sentsibilitate politiko ezberdinetako ordezkariak biltzen dituen plataformak.

Batasuna eta EAJ-PNB 
Batasunak autonomia aldarrikatzen du Ipar Euskal Herrian. Izan ere, estatus hori lortu bitartean, euskal herritar gehienek hobesten duten lurralde elkargo baten aldarria bere egiten du. Alta, egitura horrek ez duela "oskol hutsa" izan behar eta "eskumenak eta baliabide propioak" behar dituela ukan argiki adierazi du Xabi Larraldek.

Batasunako eledunak azaldu duenez, besteak beste krisi ekonomikoak areagotu dituen erronka sozialei aurre egiteko, egitura horrek zonbait irizpide bete beharko lituzke. Batasunaren ustez, lurralde elkargo horrek departamendu batek dituen eskumenak baino gehiago beharko lituzke ukan, abantzu Eskualdeko Kontseiluaren pare ezarriz. Hortaz gain, "mugaz-gaindiko" harremanak aitzat hartu beharko lituzke,  Euskal Herriko gainerateko administrazioekin elkarlanean aritzeko. Larraldek azpimarratu duenez, herritarrek galdeketaren bidez erabakiko beharko lukete egiturari buruz. ( Xehetasun gehiago hemen ).

Jean Telletxea EAJ-PNBko eledunak herritarrek, alderdiek eta alderdiek eginiko ekarpenek ahalbideratu dutela irailaren 6an Hautetsien Kontseiluak onartu adierazpena goraipatu du. Alta, hainbat hautetsi sozialistak zuzenketa bat aurkeztu izana gogor kritikatu du Telletxeak. Sozialisten "kordarkeria" eta "ahulezia" salatu du. Hautetsi jeltzaleak bere alderdiak lurralde elkargoa sortzeko duen engaiamendua berretsi. Egitura berriak departamenduak eta eskualdeak gaur egun dituzten ahalmen guztiak hartu beharko lituzkela uste du EAJ-PNBk.

www.kazeta.info

Publié dans Berriak - Infos

Pour être informé des derniers articles, inscrivez vous :

Commenter cet article