Kazeta.info - Lebranchu ministroa: "Ez dut uste Euskal Herri mailan erakundea sortzeko aukera dugunik"

Publié le par Abertzaleen Batasuna

Lebranchu ministroa: "Ez dut uste Euskal Herri mailan erakundea sortzeko aukera dugunik"


Argazkia, Le Corrier du Parlement.

Marylise Lebranchu eta Manuel Valls, Deszentralizaziorako eta Barne ministroak, hurrenez hurren,  Frantziako Auzapezen Kongresuan izan dira. Gaur hasita eta ostiral bitartean Parisen eginen den topaketari begira estatu eta tokiko hautetsien arteko harremanak tenkatuak dira. Murrizketen ondotik kexu baitira Hexagonoko herri agintari anitz. Lebranchu Deszentralizazioaren III Akta aurkeztera joan da bilkurara. Saveur Bacho Arberatzeko auzapezak Iparraldean Lurralde Elkargoa sortzeko asmoari buruz galdera pausatu du. Hautetsiak KAZETA.INFOri azaldu dioenez, "ez daukat soluziobide juridiko eta instituzionala zure galderari erantzuteko eta ez dut uste Euskal Herri mailan eskala instituzionala sortzeko aukera dugunik". Ministroak emandako erantzunak ez du Bacho harritu. Etsipenean erori gabe lanean segitzeko deia luzatu du, heldu den asteburuan hautetsien kontseiluaren bilkura dela oroituz. ( à lire aussi: Marylise Lebranchu confirme le dépôt "tout début 2013" du projet de loi sur l'avenir de la décentralisation ).

Astelehenean zabaldu zen Parisen Frantziako Auzapezen Kongresua. Lehen egunean Itsas Harago lurraldeen dozier berezia aztertu dute Parisko Herriko Etxean. Bestalde, eztabaida orokorra gaur abiatu da. Auzapez eta eskualde presidenteen presentzian, lehen mahainguruan Frantziako gobernuak prestatzen duen Deszentralizazioaren III Aktari buruz mintzatu dira.

Eztabaida horren karietara, Marylise Lebranchu, Deszentralizazo ministroak lege marko horren nondik-norakoak eman ditu. Manuel Valls Barne ministroak "Frantzian eraiki duguna ez dela hautsi behar" adierazi duen bitartean, Lebrachuk argiki utzi du, besteak beste, departamenduak ez direla desagertuko. Era berean eskualdeen indarra sendotu nahi duela Parisko gobernuak azaldu du. "Deszentralizazioaren aldeko shock bat" ekarriko duela lege berriak gaineratu du ministroak.

Saveur Bacho, Arberatseko auzapezak eta Batera mugimenduko kideak galdera bat pausatu du euskal jendartean kontsentsu zabala lortu duen Lurralde Elkargoa sortzeko egitasmoari buruz. Hautetsiak KAZETA.INFOri azaldu dioenez, Lebranchu ministroaren erantzuna ez da baikorra izan. "Ez daukat soluziobide juridiko eta instituzionala zure galderari erantzuteko eta ez dut uste Euskal Herri mailan erakundea sortzeko aukera dugunik", erantzun du ministroak, Bachok eginiko laburpena segituz.

Hala ere, ministroak emandako erantzunak ez du hautetsia harritu. Ministroak elkarrizketarako agertu duen prestutasuna nabarmendu du Erberatzekoak eta lanean segitzeko deia luzatu du, heldu den asteburuan hautetsien kontseiluaren bilkura dela oroituz.

Legetik kanpo 
Heldu den urtarrilean gobernuak onartarazi nahi duen legeak ez du jasoko, antza guztien arabera, Iparraldeko hautetsiek eta jendarteak sostengatzen duten proposamena.

Oroitarazi behar da, iragan azaroaren 11an Parisen euskal ordezkaritza zabala jaso ondoren Lebranchuk hitza eman zuela lurralde antolaketari buruzko elkarlanari prest zela. Alta, Parisetik etorri diren oihartzunak ez dira batere baikorrak.

Iduriz, lege horretarik kanpo litekeena da eztabaida segitzea... agian heldu den udaberrian Lebranchu Euskal Herrira etorriko denean.

( Entzun: Saveur Bachori Euskal Irratietan egin dioten elkarrizketa ).

à lire aussi: la ministre Lebranchu lève un coin du voile sur le projet de loi de décentralisation qui sera finalement présenté en conseil des ministres début 2013).

www.kazeta.info

Publié dans Berriak - Infos

Pour être informé des derniers articles, inscrivez vous :
Commenter cet article