Kazeta.info - Konponbide demokratikoaren alde urratsak emateko agindu diote Parisi milaka herritarrek Baionako karriketatik

Publié le par Abertzaleen Batasuna

Konponbide demokratikoaren alde urratsak emateko agindu diote Parisi milaka herritarrek Baionako karriketatik

Aterabide demokratikoaren alde hainbat eragilek antolatu duten manifestaldiak sostengu zabala bezain askotarikoa jaso du. "Euskal Herria: konponbide demokratikoa orain!" lemapean 4.000 lagun inguru bildu dira Baionako erdigunea zeharkatu duen martxan. Horien artean nabarmentzekoa zen PSk igorritako ordezkaritza zabala. Pierre Cheret bere departamenduko idazkaria bertan zen, baita Frederique Espagnac senataria bearnesa, Kotte Ezenarro, Christophe Martin eta Marie-Christine Aragon kontseilari orokorrak eta Frantxoa Maitia eskualde kontseilaria. Hortaz gain, Modem, NPA, EA, Aralar, Berdeak, Bildu eta Batasunako ordezkariak baziren martxan; baita hainbat sindikatu eta elkarteetako kideak ere. Momentu hunkigarria bizi da Aurore Martin eta Josu Esparza, biak ala biak bere jarduera politikoarengatik espainiaratuak izateko arruskuan, Euskaldunen plazarat hurbildu direnean manifestazioan parte hartzeko.

LDH Giza Eskubideen Liga, Etxerat, Cimade, CDDHPB (Giza eskubideen komitea), Askatasuna, Anai Artea, Herriarekin, LAB, Solidaires eta CFDT osasungintza sindikatuak, Segi gazte mugimendua, Batasuna, NPA eta Abertzaleen Batasuna alderdiak osaturiko kolektiboak bultzatzen zuen konponbide demokratikoaren alde larunbat arratsaldean Baionan izan den manifestazioa.

Hamalau eragile horiekin bat egin dute geroztik Eusko Alkartasuna, Euskal Herriko Berdeak, PS64 eta Aralar alderdiak, Euskal Herriko CFDT ,ELB, Lapurdiko trenbideetako CGT eta Biarritzeko CGT sindikatuak, CAR/EKB,  Autonomia Eraiki eta Emazteek diote elkarteak.

Sostengu anitzak izanik, halabeharrez manifestazioaren irudis askotarikoa suertatu da. PCE eta UMP alde batera utzita, gainerako alderdiek ordezkariak bidali dituzte mobilizaziora.

Pierre Cheret, departamenduku PSko idazkaria izan da martxan eta bere ondoan Alderdi Sozialistako maila handiko ordezkaritza. Hala nola, Frederique Espqgnqc, Biarnoko senataria Aurore Martinen ondoan lasaiki solasean ikusi dugu manifestazioan.

Marie-Christine Aragon eta Christophe Martin Baionako kontseilari orokorrak, Kotte Ecenarro Hendaiako kontseilari orokorra eta Frantxoa Maita eskualde kontseilaria bertan ziren ere PS ordezkatuz.

Beste hautetsi anitz baziren, Alain Iriart Hiriburuko auzapez eta kontseilari orokorra, Alice Leizagezahar, Christine Bessonart Senpereko auzapeza eta Euskal Herriko Auzapen Biltzarreko lehendakaria, Jean-René Etxegaray, MoDem alderdiko Baionako herri kontseilaria.

Martin Garitano, Gipuzkoako Ahaldun Nagusiaren ondoan Tasio Erkizia ikusi dugu, baita Xabier Larralde ere, ezker abertzaleko beste hainbat kideren artean. ABko Peio Etxeberri-Aintzat eta Jakes Bortairu martxan izan dira, baita CFDT sindikatuko ordezkaria Mixel Larralde bertan zen.

Ordezkari politiko eta sindikalekin batera, milaka eta milaka herritarrek aterabide demokratikoaren alde. Martxan zehar gehien entzun diren leloak euskal presoen aldekoak izan dira.

 
CGT departamentala eta komunistak kanpo, baita UMP ere

Frantziako Alderdi Komunistak eta CGT sindikatuaren Departamenduko taldeak, berriz, ez du te gaurko mobilizazioarekin bat egin. UMP alderdia bezala.

Izan ere, gaur Baionako karriketatik bakea eta konponbidearen aldeko oihu ozena igorri diote frantziar estatuari milaka herritarrek.

http://www.kazeta.info

Publié dans Berriak - Infos

Commenter cet article