Kazeta.info - Jendarmeek San Mixeleko eskola okupatua hustu dute

Publié le par Abertzaleen Batasuna

Jendarmeek San Mixeleko eskola okupatua hustu dute

Baionako auzitegiak emandako agindua bete dela iragarriz agiria igorri du eguerditan Paueko Prefeturak. Gaur goizean, 10ak aldera, jendarmak Donaixtira joan dira. 50tik gora polizi iragan uztailean bailarako gazteek okupatu egoitzara joan dira. Bortizki, ate bat bota eta barnera sartu dira. Beraien ondotik huisiera etorri da auzitegiaren agindua erakutsi duelarik. Gazteak kanporatuak izan dira eta batzuk baizik ez dute baimenik ukan beraien puskak egoitzatik ateratzeko. Bethi Aitzina elkarteak Donaixtira joateko deia zabaldu du. Hamarnaka lagun hurbildu dira. Auzapezaren etxe aitzinean piknika antolatu dute. Han jakin dugunez, Herriko Etxean errezibituak izanen dira bihar okupazioa bultzatu duten lagunak. Herri kontseilari guztiekin mintzatzeko parada izanen dute. Hitzordua 15.00etan finkaturik da. Tenore berdinean elkarretaratzea eginen dute Donaixtiko Herriko Etxearen aitzinean.  ( Txomin Catalogne San Mixeletik mintzatu da Info7 irratian eta Euskal Irratietan ). ( Ikusi argazki galeria )

Iragan agorrilaren 21ean Baionako auzitegiak lekua husteko hiru eguneko epea eman zien gazteer. Biharamunean Donaixtin prentsaurrekoan, lekuko herritar, hautetsi, alderdi eta elkarteek azalduriko elkartasuna eskertu zuzten gazteek. "Sostengua molde ezberdinetan gauzatu da. Obretan parte hartuz edo sostengu morala emanez", nabarmendu zuten.

Bideraturiko izenpetze kanpainarekin Euskal Herri osoko ehunka lagunen sostengua bildu dutela gogorarazi zuten, eta Daniel Olzomendi eta Eric Ithurralde Izurako eta Bunuzeko auzapezek, eta Donaixti, Arhantsusi eta Larzabaleko hautetsiek beraiekin bat egin zutela jakinarazi zuten.

Bestalde, Batasunak, Abertzaleen Batasunak, LAB sindikatuak, Euskaldun Gazteriak eta Bizi mugimenduak ere sostengua adierazi dietela azaldu zuten prentsaurrekoan.

"Sostengu horren aitzinean betebehar bat badugu eta ez dugu huts egin nahi", azpimarratu eta bertan geratzeko asmoa handizki baieztatu zuten orduan gazteek.

Horiek horrela, Baionako auzitegiak lekuak husteko emandako 72 orduko epea bukatu bezain laster, "noiznahi polizia indarrak" beraiek bertatik kanporatzeko baliatzen ahalko dituztela nabarmendu zuten berriz ere gazteek. Gaur mehatxu hori gauzatzeko bidean da. Goizean jandarme parrasta joan da Donaixtira San Mixeleko eskola berriz ere huts eta zerraturik uzteko agindua betetzera.

Hamarnaka jendarmek bideak hartu eta ez dute jendea San Mixelera bertaratzen. Gazteak uztailaren 21az okupatzen zuten egoitzatik kanporatu dituzte janeko. Gazteek Donaixtira joateko deia zabaldu dute poliziaren erakustaldi alimalia salatzeko eta egoitzari bizi berria emaitea saiatu den San Mixel Okupa ekimenari beste behin ere sostengua adierazteko. Jendea hurbildu da sostengua ematerat. Lehenik eskolara daraman bidean ezarri da jendea, handik auzapezaren etxe aitzinera joan direla, piknikatzera. Han jakin dugunez, Herriko Etxeak hitzordua eman die gazteer. Bilera bihar 15.00etan izanen da eta herri kontseilari guztiek hartuko dute parte.

www.kazeta.info

Publié dans Berriak - Infos

Pour être informé des derniers articles, inscrivez vous :

Commenter cet article