Kazeta.info - Ipar Euskal Herriko ordezkaritza zabala bildu da Jonathan Powell-ekin Aieten

Publié le par Abertzaleen Batasuna

Ipar Euskal Herriko ordezkaritza zabala bildu da Jonathan Powell-ekin Aieten

Aiete izanen da astearte honetan berriz ere arreta gune nagusia, 10.00etan Euskal Herriko eragile ugari bertara deitu baititu Jonathan Powellek. PSEk uko egin dio bertaratzeari eta EAJk, bilerarekiko distantziak markatuta ere, lehen aldikoz Ipar Buru Batzarreko lehendakaria, Txaro Goikolea, bidali du Aietera. Ohikoa denez, ezker abertzaleak Euskal Herria bere osotasunean aitzat hartu du bere ordezkaritza osatzerakoan. Iazko konferentzian izan ziren Rufi Etxeberria, Juan Joxe Petrikorena etaAnita Lopeperekin batera Pernando Barrena bertaratu da Aietera. Ipar Euskal Herritik beste ordezkari anitz izan dira: Max Brisson eta Marc Oxibar (UMP), Jean-René Etchegaray (MoDem), Kotte Ezenarroeta Frédérique Espagnac (PS; bigarrena, PSko idazkari nagusia izendatu berri dutenez, oso diskretuki azaldu da gaur Aieten), Jean Lissar ( EE-Les Verts), Jakes Bortayrou (AB), Michel Larralde eta Jean-Pierre Etcheverry (CFDT) Donostian antolatu bilerara hurbildu dira gaur. Heldu den abenduaren 15eanBakearen Foroa eginen da Baionako unibertsitatean eta topaketa horren atarian ikusmin berezia eragin du Donostian eginiko bilerak. ( Irakurri ere: ezker abertzaleak Aieteko lan bilkuraren gainean eginiko balorapena ).

Zalantzaz beteriko momentuan egin da bilera. Duela urtebete Aieten egon zen PSEko ordezkaritza, esaterako, ez da orain bertaratu. PPk ere ez du parte hartu, baina honetan ez dago berririk, alderdi honek iazko adierazpen historikoari ere bizkarra eman ziolako.

Are bitxiagoa da EAJ bera ere bilerarekiko markatzen ari den aldea. Horren erakusle, oso ordezkaritza urria bidali du (Joseba Aurrekoetxea EBBko kidea eta Txaro Goikolea Ipar Buru Batzarreko presidentea), Gasteizko Legebiltzarra egun berean osatzen zela argudiatuta. Baina ekimenarekin ere ez daudela gustura ari dira agerian uzten jeltzaleak. Orain alderdiko eledun lanetan ari den Koldo Mediavillak ziurtatu duenez, bere garaian garrantzia izan zuen Aieteko taldearen ahaleginak, baina egoera politikoa "normaldu" den neurrian jeltzaleek egokiago ikusten dute prozesu honen guztiaren egoitza nagusia Gasteizko Legebiltzarra izatea.

Inplikazio handiagoa agertarazi du ezker abertzaleak, eta bere ordezkaritzak islatu du. Duela urtebete Aieteko Nazioarteko Konferentzian izan ziren Rufi Etxeberria eta Anita Lopepe bertaratu dira gaurkoan ere, eta horiekin batera Pernando Barrena eta Juan Joxe Petrikorena.

Martxoko aurrekaria


PSEk eta EAJk, beraz, ez dute bilera lagundu, ahuldu baizik. Baina 2011ko urriko egun erabakigarri haietatik hamahiru hilabete igarota, bistan da Aieteko Adierazpeneko lehen puntua baino ez dela bete: ETAri zegokiona. Adierazpenetik hiru egunera jakinarazi zuen erakundeak borroka armatua behin betiko amaitutzat ematen zutela. Adierazpenaren bigarren puntuan estatuei erantzun positiboa ematea eta elkarrizketak abiatzea eskatu zien Kofi Annan buru zuen taldeak, baina ezetz borobila ematen ari dira bai Madril bai eta Paris ere. Edozer aldatzeko, ETAk bere burua desegin behar duela argudiatzen dute.

Iragan den martxoaren 30an, ordurako bi estatuen jarrera agerikoa zelarik, horri buruz mintzatu zen Powell Bruselan egindako hitzaldi batean. "Erakunde armatu baten desegitea nahi bada, aurrera egin nahi bada, inplikazioa behar da, konpromisoa, elkarrizketa -adierazi zuen Tony Blairren kabinete buru ohiak-. Hauxe da Irlandan ikasi genuena".

"Bakea ez da bat-bateko gertaera bat, prozesu bat baizik -erantsi zuen Powellek Europako Legebiltzarrean egindako ekitaldi honetan-. Prozesurik ez bada, hutsune bat sortzen da eta hutsune hori indarkeriaz betetzen da. Konponbidea lortzeko prozesu bat behar da, beraz. Ezin da akordio batera heldu prozesurik ez bada".

 

www.kazeta.info

Publié dans Berriak - Infos

Commenter cet article