Kazeta.info - Ipar Euskal Herriko ezkertiar eta abertzaleak batasuneranzko bidean

Publié le par Abertzaleen Batasuna

Ipar Euskal Herriko ezkertiar eta abertzaleak batasuneranzko bidean

Urtebete pasa da Xiberoa, Baxe Nafarroa eta Lapurdiko hamarnaka hautetsik Bil Gaiten manifestatua aurkeztu zutenetik. Urtemuga honen karietara, ezker abertzaleko ordezkariek zehaztutako ibilbidean urrats berriak emateko prest direla jakitera eman dute. Helburu politikoak finkatu eta horien gainean ahal den eta adostasun maila handiagoa lortzea dute xede. Estrategia eraginkorra eraikitzeko gogoeta abian da eta emaitzak 2014an ospatuko diren herri eta kantonamendu bozetako prestaketan igurikatuko da.

Iazko uztailean aurkeztu zen Bil Gaiten manifestuak alderdiek zein etiketarik izan gabe ezker abertzaleko baloreak aitzat hartzen dituzten herritarrek begi onez hartu dutela nabarmendu dute Baionan AB, Batasuna eta EAko ordezkariak. Urtebete honetan eginiko elkarlana positibotzat jo dute. Besteak beste, aurten egin diren bi hauteskundeetan - Frantziako Lehendakaritzako eta Legebiltzarrerajo bozak- lan bateratu horri esker lortu emaitzak azpimarratu dituzte. Ezin da ahantzi bestela, 3 000 heritarren partehartzeaz eginiko inkesta. Galdezketa zabal horrek militanteek nola irudikatzen duten etorkizuneko ezker abertzalea jakiteko zinez baliogarria izan da.

Bil Gaiten manifestatuak eta herritarren iritziek finkatu oinarrietan, barne eztabaida abiatu da eta gogoeta horrek helburu zehatza du gainera.

"Proiektu abertzalea hobekio defendatu ahalko dugu ezkerreko eta ekologista baloreetan oinarrituz. Euskal Herriaren onarpena hobekio azalduko dugu Ipar Euskal Herriaren berezitasuna azpimarratuz; gizarte gaietan eragin gehio izanen dugu lurralde kolektibitate autonomoa aldarrikatuz" adierazi dute ezkertiar eta abertzaleek sortu nahi duten egitasmoa defendatzeko orduan.

Hiriburu auzapeza eta kontseilari orokorra den Alain Iriartek nabarmendu duenez Legebiltzarreko bozetan EHBai hirugarren indarra izan da. Azaldu duenez, emaitza horren ondotik "benetako premia sentitzen dugu gure ideiak entzunarazteko, gure proposamenak gizartean zabaltzeko". Hori lortzeko, ezkertiar eta abertzaleek "proiektu politikoa definitu behar dute eremu abertzaletik harago beste sektoreak erakartzeko".

Gogoeta sakona eta lasaia bilatzen dute, behar den denbora hartuta ahal den eta prozesu partehartzaileagoa bermatzeko.

Talde dinamizatzaileak berehala abiatuko du tokiko talde eta eragileekin harremanetan sartzeko dinamika. Proposamena orokorrak aurkeztu ondoren herriz herri ekarpenak hartuko dituzte, proiektua tokiko errealitatean txertatuz ahal den eta atxikimendu zabalagoak lortzea baita asmoa.

Proiektu politikoa azkartu 
Angeluko herri kontseilaria Mixel Ithurbidek laburbildu duenez "gure eskaintza politikoa mamitu behar dugu, ikuspundu guztiak hartuta -ekonomia, kultura, hezkuntza, azpiegiturak- proposamen koherenteak eginez». Erronka tamainakoa da. Are gehiago kontuan harturik "urte luzetan izan ditugun desadostasunak". Izan ere, denok badute zerbait argi: hau dela momentu egokia batasuneratz urratsak emateko.

2014ko herri eta kantonamenduetako bozak hitzordu garrantzitsua da ezkerreko abertzaleentzat. Horregatik, patxadaz prestatu nahi dituzte. Batasunako ordezkariak Jean-François Lefortek azaldu duenez, hemendik eta urte bukaera arte herri guztietan desmartxa aurkeztu eta bilera irekiak egin dituzte. Ondoren, heldu den urteko martxoan, jardunaldiak antolatuko dituzte. Topaketa horietan proiektu politikoaren ardatz nagusiak finkatzeaz gain, estrategia elektoralari buruz gogoeta eginen dute. Hartara hautetsien funtzioa eta beraien arteko antolaketa maila zehaztuko dituzte.

Jardunaldiek militante guztiak elkartzea dute helburu -karta dutenak zein alderdi bateti kanpo direnak- baina, agerraldian nabarmendu dutenez, 2014ko bozeei buruzko azken erabakia herri bakoitzak hartuko du, "gure xedea ez baita proiektu bat inposatzea jendeak proiektu horri konbenzimenduz lotzea baizik".

www.kazeta.info

Publié dans Berriak - Infos

Pour être informé des derniers articles, inscrivez vous :

Commenter cet article