Kazeta.info - Iosu Uribetxebarria, azkenik bai, aske !

Publié le par Abertzaleen Batasuna

Iosu Uribetxebarria, azkenik bai, aske !

Jose Luis Castro epaileak agorrilaren 30ean hartu zuen erabakia berretsi du asteazken arratsaldean Auzitegi Nazionaleko lehen zigor salak. Bost jujek osatzen dute areto hori. Kasu honen txostengilea den Nicolas Poveda alde batera utzita gainerako lau epaileek - salako presidente Fernando Grande-Marlaskak eta Javier Martinez Lazaro, Ramon Saez eta Alfonso Guevara epaileek- euskal presoa baldintzapeko askatasunean uzteko hautua sostengatu dute. Azken bi hilabetetan, era askotan, euskal gizarteak lau haizetara zabaldu duen leloa: "Iosu askatu", azkenik beteko da. Larriki eri den presoa, beranduegi bada ere, aske dago. Erabakia jakinarazi diote berehala Donostiako erietxeari. Lehen ondorio bezala, presoa gela arrunt batera -eta poliziaren zaintzarik gabe- eraman dute. Litekeena da, ordea, denbora batez erietxean gelditzea.

 
Auzitegi Nazionaleko lehen salak atzera bota du Iosu Uribetxebarria presoa aske uztearen aurka Pedro Rubira fisklak aurkeztu helegitea. Fiskalak Auzitegi Nazionaleko Carmen Baena forenseak eginiko txostenean oinarritu zen presoak gaisotasun larria bazuen ere hilzorian ez zela argudiatuz askatasuna ukatzearen alde agertzeko. Kartzelak azaldu irizpidearen aurka eginez, minbizia duen presoak Zaballako espetxean ahal zela artatua izan azaldu zuen fiskalak. ( Uribertxebarairen esker oneko mezua. Bideoa ).

Arrasateko presoa agorrilaren 1etik Donostiako erietxean da eta bertan erradioterapia tratamendua jasotzen ari da. Herrira mugimenduak gaur bertan baieztatu duenez presoa 47 kilotan da eta oso ahuldurik dago.

Azken asteetan milaka herritar presoaren askatasunq eskatzeko mobilizatu dira. Gaur bertan hamarnaka lagunek elkarretaratze bat egin dute erietxearen atarian auzitegiaren erabakiaren zain.

Berandu, oso berandu bada ere, euskal gizarteak eta eragile politiko anitzek eskatu bezala, Iosu Uribetxebarriari askatasuna aitortu dio Auzitegi Nazionalak.

Herrira: "Iosu Uribetxebarriaren kasuarekin denok atera gara galtzen" 
Erabakia ezagututa, Herrira mugimenduak lehen balorazioa egin du. Oroitarazi duenez, 2005. urtean aurkitu zioten lehen aldiz minbizia Iosu Uribetxebarriari, baina orduan eginiko askatasun eskaera atzera bota zuten epaitegiek. Espetxean mantendu zuten, jakitun, honek bere egoera okertu baino ez zuela egingo. Azkenean horrela izan da. Gaur, bere metastasia sendaezina da.

"Salbuespeneko espetxe politikak heriotzaren atariraino eraman duela Uribetxebarria" salatu ondoren,
"gobernuaren itxikeria agerian gelditu dela azken hilabeteotan" nabarmendu du Herrirak.

Mugimenduak salatu duenez, "eztabaida ez da hiltzera doazen presoak askatu behar diren edo ez. Argi dago gizatasun pixkatekin askatu egin beharko liratekeela. Xedea gatazka luze honen ondorioz pertsona gehiago ez hiltzea da, sufrimendu oro gainditzea, bakearen bidean benetako urratsak ematea. Baina azken asteotan Madriletik iritsi dena justu aurkakoa izan da, samina baino eragiten ez duen egoera da elikatu dena.

"Iosu Uribetxebarriaren kasuarekin denok atera gara galtzen" adierazi du Herrirak. "Josu askatu dute, berandu, baina askatu dute. Milaka herritarren eskaera beharrezkoa izan da horretarako. Baina oraindik, beste hamahiru euskal preso politiko dituzte preso gaixotasun larriekin, bizi osorako espetxe zigorra mantentzen dute, eta sakabanaketa politika indarrean dago oraindik", oroitarazi du Herrirak.

Sufrimendu honekin guztiarekin amaitzeko lanean jarraitzeko deia zabaldu du mugimenduak. Hartara, larunbat honetan hainbat herritan burutuko diren mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatu du. Berauetan, bizi osorako espetxe zigorrarekin amaitzeko aldarrikatuko du Herrirak.

Donibane Lohizunen elgarretaratzea larunbat huntan, eguerditan, eginen dute tren geltokiaren aitzinean.

www.kazeta.info

Pour être informé des derniers articles, inscrivez vous :

Commenter cet article