Kazeta.info - Hendaiako manifestaziora joateko deialdi bateratua plazaratu dute Ezker Abertzalea, EA, Aralar, Alternatiba eta AB alderdiek

Publié le par Abertzaleen Batasuna

Hendaiako manifestaziora joateko deialdi bateratua plazaratu dute Ezker Abertzalea, EA, Aralar, Alternatiba eta AB alderdiek


Seaskako ordezkariak eta Hendaiako auzapeza, Battitta Sallaverry, astelehenean Gure Ikastolako egoitzan eginiko agerraldian. Gaizka IROZ argazkia.

Ezker Abertzalea, Eusko Alkartasuna, Aralar, Alternatiba eta Abertzaleen Batasuna, 2012ko apirilaren 28an, Irunen, Ficoban sinatutako akordio estrategikoak biltzen dituen indar politikoek, Baionako suprefetak Hendaian ikastola berri baten eraikitzearen aurkako erasoari elkarrekin ihardestea erabaki dute. Gaur zabaldu duten agiriaren bidez, suprefetaren erabakia "euskara murgiltze sistemaren aurkako eraso zuzena dela" adierazi dute, heldu den larunbatean, Hendaian izanen den manifestaziora joateko deia luzatuz. Eragile anitzek bat egin duten azken ordutan "Ikastola, Herri eskola!" lelopean Seaskak deitu martxa horrekin. (Irakurri ere: "Larunbatean denak Hendaiara ". Seaskak plazaratu agirian mobilizazio gehiago iragarri ditu ).

Baionako suprefetak Hendaiako Herriko Etxeari eginiko ohartarazpenak, hau da, herrian ikastola berria eraikitzeko egitasmoa, legez, ezin dela diru publikoarekin lagundu abisatuz, hautsak harrotu ditu.

Kezka, haserrea eta erantzun egiteko nahikeria nagusitzen dira azken ordutan  euskalgintzan eta hezkuntzan diharduten eragileek eginiko adierazpenetan. Espainiako Hezkuntza ministroaren erreforma eta Baionako suprefetaren gutuna adibidetzat hartuta, "hezkuntzari lotutako erasoaldiaren aurrean erantzuteko beharra nabarmendu du" Kontseiluak.

Kontseiluak eta Euskal Konfederazioak agiria plazaratu dute ostegun huntan,. Agiri horretan, euskara murgiltze sistemaren aurkako erasoa salatu eta oharra egin dute: "euskararen alde urratsak, tikiak izanik ere, ematen ari diren garai hauetan, gibelapen ñimiñorik ere ez dugu onartuko!".

"Seaskako gurasoak izan ala ez, Seaskak larunbat honetan Hendaian antolatu manifestaldian parte hartzeko" deia luzatu dute Euskal Konfederazioak eta Kontseiluak. ( Hemen agiria ).

Batera plataformak ere bere arrangura azaldu du. Ohar baten bidez azaldu duenez, "gertakari horrek berriz ere agerian uzten du, lege babes ezean, euskararen aldeko herri ekimen nahiz hizkuntza politiko publikoaren iraunkortasun eskasa". 
Plataformak Seaskari bere sustengu osoa adierazi dio eta heldu den larunbateko manifestaldian parte hartzera deitu du. Halaber "jende orori euskarazko irakaskuntzaren kontrako erasoa hau salatu eta euskarari lege babesaren alde" agertzea galdegin dio.

Eragile politikoen artean erantzunak ez dira falta. Familia politiko ezberdinetarik kexak heldu zaizkio Seaskari. Adierazpen horien gehigarriz zonbait alderdik oharrak plazaratu dituzte.

EAJ-PNBk ikastola berriaren eraikuntza "trabatzeko" suprefet berriak aspaldiko Falloux legea baliatzea kritikatu du. "Euskara salbatzeko eta azkartzeko eraginkortasuna erakutsi duen murgiltze sistema" sustatu behar dela deritzo. Horrenbestez, "XIX. mendeko legea egungo egoerara" egokitu dezala eskatu dio Gobernuari, "ikastoletan zein eskola katolikoetan euskarazko hezkuntzaren garapena oztopatua izan ez dadin".

Egoeraren larritasunaz jabeturik, iragan urteko apirilean Ficoban akordio estrategiko nazionala izenpetu zuten alderdiek urrats bat harago eman dute. Baionako suprefetak Hendaian ikastola berri baten eraikitzearen aurkako erasoari elkarrekin ihardestea erabaki dute Ezker Abertzalea, Eusko Alkartasuna, Aralar, Alternatiba eta Abertzaleen Batasuna. ( Hemen agiria ).

www.kazeta.info

Publié dans Abertzaleen Batasuna

Commenter cet article