Kazeta.info - Hautetsien Kontseiluak Ipar Euskal Herrian lurralde kolektibitatea sortzeko aukera aztertu dezan eskatu dio Frantziako Senatuari

Publié le par Abertzaleen Batasuna

Hautetsien Kontseiluak Ipar Euskal Herrian lurralde kolektibitatea sortzeko aukera aztertu dezan eskatu dio Frantziako Senatuari


Hautetsien Kontseiluak iragan uztailean egin duen bere biltzar nagusia, Baionan. Gaizka IROZ argazkia.

Hautetsien Kontseiluak bilera egin du ostegun arratsaldean Baionan. Eskuineko hautetsi anitz falta ziren eta sozialisten presentzia nabarmena izan da. Baita alderdi horren ordezkariek agertu kontraesanak. Biltzarrak Ipar Euskal Herriak tokiko kolektibitatea behar duela aldarrikatzen duen agiria onartu du eta aukera hori aztertzea eskatzen dio Frantziako Senatuari, erakunde horretan izanen baita deszentralizazioari buruzko eztabaida. Alta, hainbat hautetsi sozialistek beste idatzi bat bozkatu dute. Bigarren agiri horretan auzian jartzen da azken hilabetetako gogoeta zerenta "lurralde kolektibitatearen" eskaria ez da aipatu ere egiten. Hilaren 13an Angelun izanen den eztabaida orokorrean aipatuko da berriz gaia. ( Irakurri: Hautetsien Kontseiluak irailaren 6an eginiko biltzarraren harira zabalduriko prentsa-agiria / "Contribution du Pays Basque aux états généraux de la démocratie territoriale. Point d'étape au 6 septembre 2012 )

Sartze politiko azkarra izanen da Ipar Euskal Herrian. Iragan uztailaren 17an eginiko biltzar nagusiaren ostean, Hautetsien Komtseiluak bilera berria egin du, atzo arratsean Baionan. Ipar Euskal Herrian tokiko kolektibitatea sortzeko beharra baieztatua izan da biltzar horretan. Ezer berririk. Alta, egitura horren izaerari buruz eta, batez ere, beren eskumenen gainean neholako hauturik ez dute egin hautetsiek.

Sozialistek agiri propio bat aurkeztu dute 
Bilerak utzi duen berri nagusia Alderdi Sozialistako ordezkariek gai honi buruz erakutsi duten adostasun falta izan da. Hainbat hautetsi sozialistek -Baionako hiru kontseilari nagusiak eta Atharratzekoa tarteko- agiri batekin joan dira atzoko biltzarrera eta horren alde bozkatu dute. Idatzian ez da gehiago aipatzen lurralde kolektibitatea. Beraz Hautetsien Kontseiluak azken hilabetetan burutu duen gogoeta aitzat harturik, gibelerat egin dute agiri hori sostengatu duten hautetsi sozialistek.

Bertze hautetsi batzuk, ordea, biltzarrak adostu agiria sostengatu dute. Colette Capdevielle legebiltzarkide baionarrak bere alderdikideen agiria zein biltzarrekoa sostengatu ditu. Bertze hautetsi sozialista bi, beren kasa, "pays" egitura jarraitzearen alde azaldu dira. Beraz, nahasmena nagusi da PSren baitan.

Hala eta guztiz ere, Hautetsien Kontseiluko lehendakaria, Jean Jacques Lasserre, baikorki mintzatu da. Tokiko kolektibitatearen aldeko eskaria igorriko dutela Senaturat baieztatu du Bidaxuneko senatariak.

Deszentralizazioari buruzko eztabaida 
Heldu den urriaren 5an eta 6an eztabaida abiatuko da Senatuan sozialistek iragarritako Deszentralizazioaren III. Aktar buruz. Aitzinetik, irailaren 13an, Angelun eta Pauen, bilkura orokorrak antolatu dituzte tokiko hautetsien iritzia jasotzeko. Bi bilkura horietan aurkeztuko da Hautetsien Kontseiluak atzo adostu eskaria orokorra. Handik aurrera, eztabaidarekin segituko du Jean Jacques Lasserre zentrista buru duen egiturak.

Gogoeta luzea burutu ostean, atzoko bilkuran Hautetsien Kontseiluak bere aldarrikapenari buruz xehetasunak ematea espero zen. Iragan uztailean adostasun orokor bat agertu zen lurralde berezitua sortzearen alde. Izan ere, bozketarik ez zen egin. Atzo, gauzak argitu beharrean iluntasun gehiago sortu da.

www.kazeta.info

Publié dans Berriak - Infos

Commenter cet article