Kazeta.info - Hautetsien Biltzarrak azaroaren 10eko manifestaziorat deitu du

Publié le par Abertzaleen Batasuna

Hautetsien Biltzarrak azaroaren 10eko manifestaziorat deitu du


Rennes-en (Bretainia) elkarretaratzea egin dute Aurore Martinen atxiloketa salatzeko eta Azaroaren 10eko manifestaziora deitzeko.

Euskal preso eta iheslari politikoen eskubideen alde heldu den larunbatean Baionan iraganen den manifestazioa gero eta sostengu gehiago jasotzen ari da. Hartara, Hautetsien Biltzarrak mobilizazio horrekin bat egin du. Hortaz gain, herriz herri, hautetsien eta eragileen atxikimenduak metatzen ari dira. Ondoko lerrotan Baxe Nafarroako Herrirak bildutako sostenguen berri eman dizuegu. ( à lire aussi: Des représentants des comités bretons de solidarité avec le peuple basque dénoncent l’arrestation d’Aurore Martin et appellent à la manifestation de Bayonne ).

Heldu den azaroaren 10ean, Baionan, euskal preso eta iheslari politikoen eskubideen alde iraganen den manifestaldiari begira, Baxe Nafarroako Herrira taldeak orain arte eraman duen lanaren bilana egin du agiri baten bidez.

Lehen urrats gisa, Baxe Nafarroako herriko etxe guzieri sustengu mozioa helarazi die elkarteak, auzapez eta kontseilarieri zuzendua.

Agiri batean azaldu dutenez, "gaur arte, 25 auzapezek baikorki erantzun daukute eta azpimarratu nahi dugu Garazi-Baigorriko auzapezen 2/3ak manifarat deitzen duela. Izan ere, Behorlegi, Eiheralarre, Bustintze, Arnegi, Lakarra, Gamarte, Lekunberri, Mendibe, Izpura, Duzunaritze, Jatxu, Donazaharre, Banka, Aldude, Urepele, Anhauze, Azkarate, Arrosa, eta Bidarraikoak dira gure desmartxari juntatu direnak".

Aipatzekoa da, bestalde, auzapez batzuen sustengua jaso duela deialdiak hala nola Irisarri, Suhuskune, Arberatze, Izura edo Bunuzekoena. Eta atxikimendu zerrendari hamarnaka kontseilarien izenak gehitu behar zaizkio.

Kultura arloan 
Arloz arlo, gero eta jende gehiago prest da errepresaliatuen eskubideak defendatuz bake bidearen alde egiteko. Hartara Kattalin Indaburu, Jojo Bordagaray eta Erramun Marticorena kantariak, Mattin Lucu eta Bixente Hirigaray bertsolariak, Asisko Urmeneta marrazkilaria, Antton Lucu, Mattin Irigoyen eta Pantzo Hirigaray idazleak edota Buuzbu eta Kadafis’t brother’s musika taldeak lotu dira deialdirat.

Kirol arloan, hona hemen oraino bildutako atxikimenduak: Jean Pierre Elissalde, nazioarte mailako errugbilari ohi, Aviron Bayonnais taldeko trebatzaile ohi eta telebistako kirol berriketari dena, Marc Duzan Midi Olympique-eko kazetaria, Jean Marc Oçafrain Zaharrer Segiko kidea , Patrick Oçafrain pilotaria, Dioni Aguerre ASBko errugbilaria, eta Benat Seychal, Joakin Etcheverria, Pettan Gastambide eta Xabi Harlouchet US Nafarroako errugbilariak.

Elkarteeri dagokienez, sustengatzaile dira ere Garaziko gaztetxea, Donapauleko Aldaka gaztetxea eta Oztibarreko Bota gaztetxea, bainan ere Basaizea Baigorriko kultur elkartea, Euskaldun Gazteria eta Garaztarrak dantza taldea.

"Euskal Herriak bizi duen memento historiko huntan denek izan behar dugu bakearen eraikitzaile, eta argi dugu preso eta iheslarien eskubideen denfantsa jendarte osoaren ardura dela. Zentzu horretan, esker haundia helarazi nahi diegu ardura hori hartu duten aipatu eragile guzieri. Baionan bilduko giren milaka Euskal Herritarren artean, sekulan juntatu ez giren Baxe Nafartar andana izanen girela espero dugu !!!", adierazi du Baxe Nafarroako Herrirak.

Izan ere, sustengu zerrenda idekia dela jakitera eman du elkartean eta nahi duen orok helbide huntarat helarazten ahal du bere atxikimendua : herrirabaxenafarroa@gmail.com 
Azkenik, elkarteak fermuki salatu du Aurore Martin militantearen atxiloketa eta presondegiratzea. "Eraikitzen ari den bake bideari eraso bat baizik ez dela argi dugu eta berehalako askatzea galdegiten dugu", erran du Behe Nafarroako Herrirak.

www.kazeta.info

Commenter cet article