Kazeta.info - Hautagaitza ezkertiar eta abertzale bakarra izanen da heldu den urteko kantonamendu bozetan

Publié le par Abertzaleen Batasuna

Hautagaitza ezkertiar eta abertzale bakarra izanen da heldu den urteko kantonamendu bozetan

 

Abertzaleen Batasunaren biltzar nagusiak baiezkoa eman dio Euskal Herria Bai koalizioari. Ondorioz, heldu den martxoan ospatuko diren kantonamendu bozketan, ezkerreko abertzaleek hautagaitza bateratua aurkeztuko dute. 2011ko martxoaren 20 eta 27an Xiberoa, Baxe Nafarroa eta Lapurdiko 10 kantonamenduen ordezkariak hautatzeko deituak dira herritarrak.

Abertzaleen Batasunak biltzar nagusia ospatu du, larunbat arratsaldean, Uztaritzen. Arratseko seiak eta erdiak zirela, bilkuraren emaitza jakin berri dugu. Batasunak eta Eusko Alkartasunak aitzinetik egin zuten bezala, ABko militantziak 2011ko kantonamendu bozetan hautagaitza ezkertiar eta abertzale bateratua izaitea deliberatu dute.

Hastapenetik hiru proposamen ziren mahaigainean, beti ere heldu den urteko hauteskundeei begira ABk eginen duen hautua finkatzeko. Hortaz gain, ABk bertze indar abertzaleekin izanen dituen harremanei buruzko proposamena eztabaidatu dute bilkuran.

Ezker abertzalearen birfundazioa
Hartara, hauteskundeetatik harago, ildo politikoa finkatzen duen mozio horretan Aralar alderdiarekin harremana berezitua izateko ABk janeko hartua zuen hautua berriztatua izan da. Bir maneran, AB erabakitzeko eskubidearen aldeko lan amankomuna egitearen alde agertzen da. "Ezker abertzalearen birfundazioaren alde" lanean segitzeko nahikeria agertu du alderdiak.

Hauteskundeetan izanen duen estrategiari buruz baino, ABren ildo estrategikoari buruzko aipatu mozionea izan da eztabaida gehien sortu duen gaia aipatu dute bilkuran izandako jendeek.


13 boz aldearekin
Erran bezala, heldu den urteko bozak direla-eta, hiru aukera ezberdinen artean erabaki behar zuten ABren militanteek. Lehen mozioak AB bakarrik aurkeztea heldu den urteko kantonamendu bozketan defendatzen zuen; bigarrena, EA eta Batasunarekin batera ABk 2007an sortu zuen Euskal Herria Bai koalizioa berritzea proposatzen zuen; hirugarren aukera, janeko azken Europako Hauteskundeetan Abertzaleen Batasunak egin zuen bezala Europe Ecologiekin batera aurkeztea defendatzen zuen.

Andde Sainte-Marie bozeramale gisa aritu da. Nabarmendu duenez, 100-120 pertsona izan dira batzarrean, baina prokurazio bozak aitzat harturik 150 inguruk hartu dute parte bozketan.

ABko bozeramale berriak -azken urtetan Peio Etxeberri-Aintzart-ek jardun du lan horretan- nabarmendu duenez, EHBairen aldeko mozioa izan da sostengu gehien bildu duena.

Bozketari buruz emaitza zehatzak ez baditu eman ere, KAZETA.INFOK jakin duenez 13 boz aldearekin irabazi du EHBairen aldeko mozioneak.

Ñabardura gisa, ABren biltzarrak EHBairen zerrendak osatzeko orduan irizpidea zehaztu duela azpimarratu du Sainte-Mariek. Hartara, martxoko hauteskundeetan berrituko diren 10 kantonamenduetatik 6 edo 7tan hautagai nagusia ABrena izaitea aldarrikatuko du alderdi honek.

EH Bai koalizioaren ibilbidea
AB, Batasuna eta EA alderdiek osaturiko EHBai koalizioa 2007ko ekaineko frantziar legebiltzar hauteskundeetara aurkeztu zen lehen aldikoz. Lehen itzulian 10.600 bozka lortu zituen hiru herrialdeetan. Emaitza onenak Lapurdi Hegoaldean eskuratu zituen, VI. barrutian bozken %9,09a jaso zituen. Koalizio abertzale eta ezkertiarrak sei herritan lehen indar politikoa bilakatu zen: Muskildin, Ozazen, Bunuzen, Gamarten, Izuran eta Lexantzun. Hala ere, Ipar Euskal Herriko hiru barrutietan ez zuen lortu bigarren itzulira igarotzeko bozka nahikorik. Koalizioak bozka libre utzi zuen hauteskundeetako bigarren itzulian.

Euskal Herria Bai 2008ko martxoaren 9an eta 16an egin kantonamendu hauteskundeetara aurkeztu zen bigarren aldikoz . Iparraldeko kantonamenduen erdietako hautetsiak hiru urtean behin berritzen dira, eta horretako hauteskundeetan EH Bai hamaika eremutan aurkeztu zen. Jean Michel Galantek Baigorriko Kantonamenduan zuen hautetsi postua mantentzeko xedearekin. Jean Michel Galantek Baigorriko kantonamenduan lorturiko hautetsi postua berriztea ez bazuen lortu, hautagaitzak emaitza onak ukan zituen.

Azkenik, iazko frantziar eskualdeko bozetan protesta bozka aldarrikatu duen EHBaik. Izan ere, EAk, RPS-ren sortzaile gisa, Europe Ecologie sostegatu zuen ere eta ABn hautagaitza ekologistaren aldeko jarrerak pizu handia hartu zuen. EHBairen baitan hautagaitza ez aurkezteko erabakia ez zen ondo ulertua izan. Orotara 4 000 protesta boz inguru zenbatu ziren. PNBk, bere aldetik, hautagaiak aurkeztuz, 6000 bildu zituen.

Idazkaritza berrian emazterik ez
Bestalde, ABren idazkaritza aukeratua izan da biltzar nagusian. Hona hemen idazkaritzako kideak: Jean Marc Abadie (Baiona); David Aire (Angelu); Jean Michel Colson (Biarritz), Jakes Bortairu (Baiona); Pierre Espilondo (Bidarte), Joseba Garai (Maule), Arño Gaztambide (Hazparne), Mikel Ithurbide (Angelu), Jakes Maillard (Arrangoitze), Hartzai Mendibure (Senpere), Andde Sainte-Marie (Landibar).

 

http://www.kazeta.info/euskalherria/azken-orduko-berria-abertzaleen-batasunak-baietz-erran-dio-ehbai-koalizioari

Publié dans Abertzaleen Batasuna

Pour être informé des derniers articles, inscrivez vous :

Commenter cet article