Kazeta.info - Hamarnaka hautetsik Bil Gaiten manifestua plazaratu dute ezkertiar eta abertzaleak elkarlanera deituz

Publié le par Abertzaleen Batasuna

Hamarnaka hautetsik Bil Gaiten manifestua plazaratu dute ezkertiar eta abertzaleak elkarlanera deituz
 

Berrogei bat hautetsik izenpetu duten Bil Gaiten manifestua ezagutzera eman dute gaur goizean Baionan. Agerraldian bere burua ezkertiar eta abertzaletzat hartzen duten hogei bat hautetsik hartu dute parte. Alderdi ezberdinetan, EH Bai plataformaren baitan edo lerro autonomo samar eraman duten hautetsiak bildu dira ez ohiko agerraldian. Horien arte Alain Iriart, Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusiaren hautetsia eta Garazi Baigorriko Herri Elkargoaren burua, Jean Mixel Galant. Iraganeko ezadostasunetara begiratu beharrean, estatuen "probokazioen" gainetik Euskal Herrian idekitzen ari den esperantza aroak geldegiten duen erantzuna emateko deia egin dute. Hego Euskal Herrian Bilduk lortu garaipena loratuz, "elgarrateratze deiak Iparraldean ororengandik aditua eta hedatua izan dadin" lan egiteko gomita zabaldu dute.

Maite UBIRIA | BAIONA
Abertzale eta ezkertiar gisa aurkeztu dira gaur Baionan ez ohiko agerraldia burutu duten hautetsiak. Batzuk EH bai etiketapean hautatuak izan dira, beste batzuk bestelako aliantzak hautatu dituztela. Izan ere, "biltzeko unea dela" erranez, aitzina begira elkarlanean jarduteko engaiamendua hartu dute.

Haien hautua ez dutela hartu 2011-2012 estatu frantziarrean izanen diren hauteskundeei begira hartu argiki utziz, aitzinago begiratzea ezinbestekotzat jo dute gaur hitza hartu duten hautetsiek. Elkarlanaren abiatuntua herrietan kokatu dute. Eta jakina denez, 2014an izanen da herriko etxeak berritzeko hitzordua...

Mahainean, besteak beste, Mattin Etxepare, EAko Iparraldeko idazkaria eta hautetsia Lekornen; Ixabel Etxeberria, Urruñako Herritarrak taldeko kidea, hautetsia eta garaian EHAko zerrenda-burua; Alain Iriart, Hiruburuko auzapeza eta etiketarik gabeko kontseilari nagusia Pauen; Daniel Olzomendi, Izurako auzapeza eta azken kantnamendu hauteskundeetan EHBaiko hautagaia Iholdi aldean; Biarritzeko Herriko Etxean hautetsi eta Kultura arloko arduradun den den Jakes Abeberri eta Iker Elissalde, Hendaiako hautetsia.

Haien gibelean bertze ordezkari esanguratsu, horien artean Garazi Baigorriko Herri Elkargoaren burua, Jean Mixel Galant; Panpi Dirassar, Batera plataformaren ohiko bozeramalea; Battit Amestoi, Uztaritzeko hautetsia, Peio Claverie, Biarritzeko hautetsia.

EH Bai eredu, Bildu ere bai
Bil Gaiten ekimenaren sustatzaileek azken urtetan sakabanaturik izan diren indarrak batzeko deia egin dute. Olzomendik goraioatu duenez, Euskal Herria Bai "eredu zoragarria" izan da. Izan ere, ezkertiarren eta abertzaleen arteko elkarlana "dimentsio berria" hartu behar duela azpimarratu du, berehala, Iriartek.

Abertzaleek eta ezkertiarrek dtuzten baloreak "arlo guztietan eta eremu guztietan" begiarazteko nahikeria agertu dute manifestuaren bultzatzaileek. Ezker abertzalearen bultzadapean Hego Euskal Herrian abian den prozesu demokratikoa babestearekin batera "estatuek abian duten errepresioa salatzeko bat eginen dutela", nabarmendu du Ixabel Etxeberriak. Janeko, hilaren 16an, Baionan, Daniel Dergiren aurkako euroagindua salatzeko EAk, Batasunak eta ABk deitu manifestaziora deitu dute Bil Gaiten deialdiaren sustatzaileek.

Mementukoz Bil Gaiten ekimenak ez du bere ibilbidea zehaztu. Alderdier eta oinarri sozialari zuzendu dira gaur jakitera eman duten agiriaren bidez eta "ondoko aste eta hilabeteotan erantzunak entzuten ditugu, geroari buruz alderdiek eta militanteek duten iritzia biziki inportanta baita", azaldu du Etxeberriak.

Egiturak "berrasmatzeko" beharra
"Euskal Herri osoan, Hegoaldean Iparraldean bezala, iraganeko desadostasunek hazi fidagaiztasuna edo politikari kalkuluak elikatu zuhurtasunak baztertzeko" dei eginez, "politika eta hauteskunde sarean gure presentzia eta partehartzea antolatzeko ditugun egiturak berrasmatu behar ditugu" aldarrikatu dute.

Xiberua, Laurdi eta Baxe Nafarroan bertako erakunderik ez dela gogoraziz, Euskal Herri mailan harremanak sakontzeko ezinbestekotzat jo dute hiru lurraldeen aitortza. Etxeberriak zazpi herrialdeen arteko elkarlana sustatzeko bidean Udalbiltzaren eredua mahaingainean ezarri du. Iriartek, bestalde, herritarrendako inportantak diren eremu guztietan -zerbitzu publikoak eta bereziki garraioa aipatu ditu- elkarlean sakontzearen nahikeria agertu du.

Desmartxa eraikitzeak sustatu estatuak mugiarazteko
Euskal Herriak bizi duen egoera aztertuz, Hiriburuko auzapezak bi argazki zeharo ezberdinak irudikatu ditu: alde batetik ezkertiar eta abertzaleek martxan jarri duten prozesua txalotu du eta bestetik estatuek ezarritako oztopoak irmoki salatu ditu.

Horren aitzinean "desmartxa eraikitzeak" sostengatu du Bil Gaiten-ek eta, estatuen "probokazioen aitzinean", beharko duren sare guziak baliatuz "gatazka politioari aterabidea ekarriko eta luzara euskal preso politiko guzien askatasuna ekarriko duen urratsetan oro eskua hartzeea" prest azaltzen dira deialdiaren izenpetzaileek.

Deialdia mezu argi batekin amaitu dute ezker abertzalearen aniztasunatik abiatuz elkarlanean sustaturiko bide berria zabaldu nahi duten hautetsiek: "Ezker abertzaleko alderdi eta militate guzien elgarretaratzea, gaurregun, beharrezkoa izateaz gain, egingarria da".

 

http://www.kazeta.info/euskalherria/hamarnaka-hautetsik-bil-gaiten-manifestua-plazaratu-dute-ezkertiarrak-eta-abertzaleak-elkarlanera-deituz

Publié dans Abertzaleen Batasuna

Commenter cet article