Kazeta.info - Grebaren bezperan hitzordu berriak ezarriak dira erretreten erreformaren kontra gaur

Publié le par Abertzaleen Batasuna

Grebaren bezperan hitzordu berriak ezarriak dira erretreten erreformaren kontra gaur

 

Bihar greba eta mobilizazio eguna izanen da erretreten erreformaren kontra. Hori dela eta ekimen ainitz antolatuak izan dira. Hala nola, astelehen arratsean Oldartu kolektiboko kideak Baionako Suprefeturan sartu dira eta, atzo, berriz, Biarritzeko aeroportuan ekimena izan da. Egunean zehar kurkuilu edo karakoil operazioa egin dute Hendaiatik Baionarat, horrek ilara luzeak egin dituela A63 autobidean. Intersindikalak, bestalde, Baiona eta Biarritzeko Herriko Etxeen aitzinean ekimenak egin dituzte Grenet deputatuak eta Borotra senatariak erretreten erreformaren alde bozkatu izana salatzeko. Gaurko hitzorduak hurrengo lerrotan atxemanen dituzue.

Bistan denez, arlo ezberdinetan ekimen anitz sortzen ari dira joan den ostiralean Frantziako senatuak onartu zuen lege egitasmoaren kontrako mugimenduaren alde. Sindikatuek bi mobilizaio berri iragarri dituzte, lehena , bihar ostegunerako, eta hurrengoa azaroaren 6an.

Ortzegunean manifestaldi bat antolaturik da Baionan, 10.30etan. Garazi aldetik Baionara hurbildu nahi dutenentzat, hitz ordu bat emanik da 8:15tan Ortzaizeko artisau gunean.

Egun berean, Hazparnealdean mobilizazioak antolatu ditu Erretreten aldeko Kolektiboak. Hartara, Baionako manifestazioan parte hartzera deitzeaz gain, arratseko 18.00etan elgarretaratzea deitu dute Hazparneko Tilleuls plazan.

Kanbon, bestalde, Errobi Kolektiboak agiria plazaratu du intersindikalak antolaturiko manifestaldira deituz. Ber maneran, ortzegunean, arratseko 18.00etan ekitaldia deitu dute Kanboko Herriko Etxearen aitzinean.

LAB sindikatuak agiria plazaratu du gaur biharko mobilizazioen garrantzia azpimarratuzeta bere sostengua adieraziz Baionan zoin barnekaldean antolaturiko ekimenetara. Lehenik eta behin sindikata abertzaleak hauxe azpimarratu du: senatua erretreten erreformaren alde agertu izanak ez duela deus aldatzen.

"Grebak sektore desberdinetan segitzen du : ezantza biltegiak, portuak, SNCF, lurralde zerbitzuak eta enpresa pribatuak... Langile gehiago ere grebari lotu dira : garraiolariak, ASF (autopistak), karrika garbitzaileak..." azpimarratu du LABek.

Egunero eta leku ezberdinetan, ekintzak burutzen ari direla goraipatu du baitaere. " Euskal kostaldean, herriko etxeen aintzinetan elgarretaratzeak, autopistetan karakoil ibilaldiak, Baionako portuaren eta autopistetako bidesarien blokaketak, Crama eta suprefeturaren okupazioak... Barnekaldean ere mobilizazioak egon dira : Donapaleu, Maule, Donibane Garazi, Kanbo..." aipatu ditu sindikatak.

Poderearen hertsikeriaren aintzinean, borroka dinamika hau zabaltzea baitezpadakoa dela uste du sindikatuak. Hori dela eta, Baionako manifestazioarekin bat egiteaz gain, ondorengo mugimenduen karietara mintzatzeko Donapauleko Herriko Etxearen gela berdean, ortzegunean, seiak eta erdietan antolatua den biltzar nagusian parte hartzeko gomita zabaldu du LABek.

 

http://www.kazeta.info/euskalherria/grebaren-bezperan-hitzordu-berriak-ezarriak-dira-erretreten-erreformaren-kontra-gaur

Pour être informé des derniers articles, inscrivez vous :

Commenter cet article