Kazeta.info - Gazte dinamikak sendo eta baikor ekin dio bide berriari Ezpeletan

Publié le par Abertzaleen Batasuna

Gazte dinamikak sendo eta baikor ekin dio bide berriari Ezpeletan


Bob EDME argazkia

Euriak, txingorrak eta alimaleko haize ufadek  ez zituzten kikildu Ezpeletara dozenaka bertaratu ziren gazteak. Eguraldi deseroso eta petralari gaina hartuta, ilusioz eta gogotsu aritu ziren larunbatean. Ipar Euskal Herriko gazte mugimendu berria sortze bidean, Ezpeletakoa lehen ekimen kolektiboa izan zen, beren problematikak identifikatu eta ikuspegi ezkertiar eta abertzaletik nola aurre egin aztertzeko ez ezik, elkar ezagutzeko baliatu zutena.

Arantxa MANTEROLA / EZPELETA 
Duela hilabete batzuk hasi ziren egun hori antolatzen, Euskal Herrian irekitako garai berrian Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoko gazteek ere zer esana eta zer egina dutela jabetuta. Are, beren errealitate eta problematikak aintzat hartu eta ematen ari den aldaketa politiko eta sozialean protagonista bilakatzea dute xede. Gai mamitsu horien hausnarketarekin hasi zuten eguna. "«Biziki kontent gara, goizeko eztabaidetan esparru askotariko eta lurralde guztietatik jindako 120bat gaztek parte hartu baitute" zioen Ana Unhassobizkaik, debateak "oso partehartzaileak" izan zirela nabarmenduz.

Euskararen egoerarekin kezkatuta daudenak, ikasketak beren hizkuntzan eta kanpora joan beharrik gabe egiteko aukera izatea nahi dutenak, Ipar Euskal Herriak pairatzen duen lurren eta etxebizitzen espekulazioarekin amaitu behar dela pentsatzen dutenak, folklorismo hutsaletik harago euskal kultura eta identitatea babestu eta  mantentzea nahi dutenak, euskal preso eta iheslarien egoera axola zaienak edota bake prozesuan euskal gazteriak ere bere ekarpena egiteko prest daudenak murgildu ziren arazo horiei guztiei nola aurre egin eztabaidatzeko.

Udazkenera arte 
"Lehen gogoeta horietan gai anitz atera dira. Horietan sakonduko dugu datozen hilabeteetan. Definizio garai hori udazken aldera arte luzatuko da. Orduan adieraziko ditugu publikoki gure dinamikaren nondik norakoak eta erabaki ditugun lan-ardatzak" gaineratu zuen Unhassobizkaik.

Dinamika hori Segiren edo aurretik izandako beste erakundeen bilakaeratzat jotzen dute. "Dinamika berri hau ez da Segiren jarraipen bat. Bere garaian Segik bere balorazioa egin zuen eta tresna agortutzat jo zuen bere burua. Mugimendu hau ezkertiar eta abertzale sentitzen den gazteria zabal batek abiatu du. Oinarri horiek eta gazteen esparrua konpartitzen ditugun heinean, Segi, Gazteriak, Patxa edo Euskal Herrian ezagutu ditugun beste mugimendu batzuen bilakaera naturala da" adierazi zuen Koldo Etxegaraik.

Beren asmoak Hego Euskal Herrian une bertsuan ematen ari den ZukGua eztabaida prozesuarekin harremanik ba ote duen galdetuta, argi utzi zuten "nazio ikuspegia" mantentzen dutela, nahiz eta bi dinamikak  bereiziak diren. "Hasieran hegoaldeko gazteekin elkartu ginen dinamika bakar bat edo bi desberdin zein zen egokiena gogoetatzeko. Lehen etapa batean, bederen, dinamika bereiziak izatea deliberatu dugu. Hegoaldean jadanik beren prozesua biziki antolatua eta aitzinatua zegoen eta zaila iruditzen zitzaigun hemen erritmo bera inposatzea, azken finean errealitateak ezberdinak baitira. Baina argi dugu gure jarduna hemen kokatuko den arren, beti ere nazio ikuspegia atxikiko dugula. Beraz, lotura eta harreman sendoak izango ditugu Hegoaldean sortzen ari den dinamikarekin" argitu zuten.

Horrekin batera, bai Etxegaraik zein Unhassobizkaik azpimarratu nahi izan zuten, helburua, berez, ez dela egitura bat sortzea: "Gure helburu behinena gazteen  problematikak identifikatuz erantzunak eta alternatibak ematen saiatzea da eta  Euskal Herriko bizitza politikoan eragile izanez, gure herria eraikitzen joatea. Hori aurrera eramateko sortuko den egitura tresna bat, bitarteko bat izanen da" gaineratu zuten biek ala biek bazkal ostean abesten ari ziren beren kideekin elkartu aitzin.

Izan ere, eztabaidak eztabaida, egunak beste jomuga garrantzitsua ere bazuen, "elkar ezagutzea, une on bat elkarrekin pasatzea igarotzea eta guztion artean dinamika positibo bat sustatzea", alegia.

Eta elkarlanerako giro aproposa sortzeko eta eguna borobiltzeko, zein parada egokiagoa arratsean izan zituzten kontzertuak baino !

www.kazeta.info

Publié dans Berriak - Infos

Pour être informé des derniers articles, inscrivez vous :

Commenter cet article