Kazeta.info - Frantziako Barne ministroak oharrarazi duenez, ETA desagertu bitartean ez dituzte presoak hurbilduko ez eta lurralde elkargoa onartuko ere

Publié le par Abertzaleen Batasuna

Frantziako Barne ministroak oharrarazi duenez, ETA desagertu bitartean ez dituzte presoak hurbilduko ez eta lurralde elkargoa onartuko ere


Espainiako eta Frantziako Barne ministroak, Fernandez eta Valls, hurrenez hurren. argazkia, Ministerio de Interior.

Manuel Valls bete betean sartu du Euskal Herrian zabalik den eztabaida politikoan. Iragan igandean Mâcon herrian eginiko polizi operazioaren harira, Vallsek argiki erran du "ETA desagertu bitartean Frantziak irmo segituko duela". Are, iazko urtean bere jarduera armatua behin-betirako utzi zuen erakunde armatuaren etorkizunarekin lotu du erabat euskal jendartean oihartzun zabala duten bi aldarrikapen gauzapena: preso polikoek eta beraien familiek pairatzen duten dispertsioa politikoaren bukaera eta Ipar Euskal Herriko aitortza instituzionala. Manuel Vallsek "El Pais" egunkariari eginiko adierazpen horiek -AFP berri agentziak elkarrizketaren pasartze batzuk jaso ditu- hautsak harrotuko dituztela Euskal Herrian aurreikusi daiteke. ( Irakurri ere: 150tik gora hautetsi, tartean zonbait sozialista, Azaroaren 10erako Herrira mugimenduak Baionan deitu duen manifestazioarekin bat etorri dira.Zerrenda osoa hemen )

Manuel Valls harro agertzen da "Guardia Zibilak aspalditik zelatatzen zituen" ustezko ETAko militante bi Frantziako Poliziaren elite unitateak atxilotu izanagatik.

Mâcon herrian larunbatetik iganderako gauean eginiko polizi operazioa goraipatzeaz gain, atxiloketa horiek "Frantziako gobernua %100 izanen dela Espainiako gobernuaren ondoan" erakusten dutela azaldu du Vallsek.

Izan ere, Hollanderen Barne ministroa askoz urrunago joan da. ETAren desagertzea Euskal Herrian abian den eztabaida politikoarekin azkarki lotuz.

"ETA desagertu bitartean tinko segituko dugu" behin eta berriro errepikatuz, Vallsek espreski aipatu ditu euskal gizartean oihartzun oso zabala duten aldarrikapen bi. Bistan dena bata zein bestea deusestatzeko.

Presoek eta haien familiek pairatzen duten dispertsio politikari buruz, Justizia ministroari dagokion gaia dela hori adierazi ostean, bere iritzia ezkorra agertu du Vallsek. "Jujeek erabaki behar dute horri buruz, baina guk ez dugu hori egiten -presoen hurbiltzea- hala nola Corsican, oso irmo jokatzen dugu horrekin".

Vallsek ahantzi zaio aipatzea, ordea, Frantziako gobernuak Corsicako Borgo espetxea egokitu zuela preso korsikarrek espetxe zigorra irlako presondegi horretan bete ahal zezaten. Frantziako Justizia ministroak iazko martxoan plazaratu zuen agirian jasotzen da preso korsikarrak hurbiltzeko erabakia. Sarkozyren garaian, beraz, posible izan zen Barne ministro sozialistak ukatzen duen urratsa.

Lurralde Elkargorik ez da ere 
Izan ere, hori ez da Manuel Vallsek egin duen adierazpen eztabaidagarri bakarra. EAEko hauteskundeak aipatuz -zehatz mehatz EH Bilduk lortu emaitzak gogora ekarri diru-  "Espainiarena den eztabaida politikoan sartzea" ez dagokiola berari erantzun du Frantziako Barne ministroak.

Hori errana, ordea, aitortza instituzionalari buruz Ipar Euskal Herrian zabalik den eztabaidan bete-betean sartu da Barne ministroa. Honetan ere eskaera hori errefusatzearen alde agertuz.

Presoen gaia aipatuz Justizia ministroaren eremuan sartu bada, lurralde eztabaidari buruz bere iritzia emanez oso egoera ezerosoan utzi du Vallesek Deszentralizaziorako ministroa Marylise Lebrachu.

Lebranchuk euskal ordezkaritza zabala jaso zuen hilaren 11ean Parisen. Bertan lurralde elkargoa sortzeko proposamena aztertuko zuela erran zuen, nahiz eta aitortu zaila ikusten zuela, Iparraldeko eragileek eskatu bezala, eskaera hori Frantziako gobernuak bultzatu nahi duen Deszentralizazioaren III Aktan jasotzea.

Lebranchu ministroa heldu den urtarrilean berriz etorriko da Ipar Euskal Herria gaiari buruz euskal hautetsiekin mintzatzeko. Alta, Manuel Vallsek argiki utzi du estatuak prestatzen duen erreformak ez duela aitzat hartuko euskal herritarrek hamaika aldiz, beti ere modu baketsuan, luzatu duten aldarrikapena.

"Zonbait deputatuk eta auzapezek euskal eskualde bat eskatzen dute. Senatuan argiki mintzatu niz: Euskal Herria ez da aipatua Deszentralizazioari buruzko lege berrian. Ez da euskal egitura administratiboa izanen. Ez dugu eztabaida hori ideki nahi. Gauzak argi ditugu: ETAk armak eman bitartean tinko jokatuko dugu". Horra hor "El Pais" egunkarian mintzo zelarik Vallsek eginiko adierazpena. AFP berri agentziak, ordea, lurralde elkargoari  buruzko hitz horiek ez ditu jaso elkarrizketari buruz egin duen laburpenean.

www.kazeta.info

Publié dans Berriak - Infos

Commenter cet article