Kazeta.info - Frantziako Asanblea Nazionalak erretreten erreforma aztertuko du gaur

Publié le par Abertzaleen Batasuna

Frantziako Asanblea Nazionalak erretreten erreforma aztertuko du gaur

 


Erretreten erreformaren aurka manifestaldi jendetsua izan da, joan den irailaren 7an, Baionan. Bob EDME argazkia.

 

Senatuak erretreta hartzeko adina gibelatzea onartu eta gero gaurdanik Frantziako Asanblea Nazionalak jendarte eta eragile sozialen artean kezka bizia sortu duen lege egitasmoa aztertuko du. Intersindikalak bilera bat egin zuen, herenegun Baionan, mobilizazioak prestatzeko. Horren ondoren, gaur, asteazkenarekin, bi elgarretaratze, bata Ziburun eta bestea Biarritzen, eginen dituzte. Erretretaren adina 60 urtetan atxikitzea aldarrikazten duen kolektiboak, bere aldetik, gaur arratsalderako, UMPren egoitzaren aitzinean, Biarritzen, eta Daniel Poulou legebltzarkidearen permanentziaren ondoan Ziburun deituriko mobilizazioak sostengatu ditu.

Hilaren 10ean plazaraturiko agiriaren bidez, erretretaren erreformaren aurkako mobilizazioa segitzeko asmoa berretsi zuten janeko intersindikaleko kideek. Hartara, Pirinio Atlantikoetako enpresa guzietan bilerak eta asanbleak burutzen ari dira sindikatuak, irailaren 23an izanen den grebari begira sostenguak biltzeko.

Dinamika horren baitan, lege egitasmoa Legebiltzarrera heltzen den egunean, elgarretaratzeak antolatu dituzte. Bereziki, Asanblea Nazionalean jarduten duten euskal ordezkariengan presioa egin nahi dute.

Hartara, Biarritzeko Borotra senatorea, Baionako Grenet deputatua eta Urruña-Ziburuko Daniel Poulou deputatuen permanentzietara zuzendu dira "Parisen hartuko duten jarrera hurbiletik behatzen dugula erraiteko».

Joan den irailaren 7an erretreten ereformaren aurka mobilizazio zinez arrakastatsua izan zen Baionan. Sindikatuen erranetan 15 000 herritar inguru karrikara jauzi zirela. Sarkozyren gobernuak ez duela erreforma egitasmoaren pundu nagusiak aldatuko baieztatu eta gero, mobilizazioa azkartzeko unea dela uste dute sindikatuek.

Erretretaren aldeko kolektiboaren ekimena
Bestalde erretreta sistemaren defentsan sorturiko kolektiboak ekimenak burutu ditu ere. Hartara, joan den larunbatean BABen, 60 kilometroko ibilbidea antolatu dute. Tarteka Medef-en edo UMPren egoitzaren aitzinean geldialdiak egin ditu auto-karabanak.

Joan den maiatzean sorturiko kolektiboa anitza da. Bertan, PS, AB, PC, Batasuna, EA edo Ezkerraren Alderdia elkartzen dira, sindikatu gehienak eta baita ATTAC edo Bizi! bezalako gizarte mugimenduak ere.

LABek manifestazio nazionala deitu du larunbatean
LAB sindikatuak langileen eskubideen murrizketa gelditzeko bidean greba eta mobilizazio mugimendu iraunkorra garatu behar dela uste du. Horren bidean, manifestazio nazionala deitu du larunbatean Baionan.

"Inposaketarik ez. Erretreta sistema justu eta solidarioaren alde" lelopean manifestaldia eginen du LABek, larunbatean, Baionan. Martxa arratseko 17.00etan aterako da Lan Burtsatik eta Herriko Etxearen aitzinean bururatuko da.

Jabi Garnika, LABeko Idazkaritza Nazionaleko ordezkariaren ustez «sistema publikoa suntsitzeko asmoa dute finantza entitateen interesa elikatzeko». Horren aitzinean, «pentsioen sistema publiko sendo, zuzen eta elkarkidea eraikitzeko premia» agertuko du LABek Baionako karriketan. Euskal Herritik kanpo onartutako erreformak errefusatuz, euskal langileak hunkitzen dituzten erabakiak Euskal Herrian hartzea aldarrikatuko du sindikatuak. Era berean, sistema publiko orekatua garatu behar dela eskatuko du.

 

http://www.kazeta.info/euskalherria/asanblea-nazionalak-erretreten-erreforma-aztertuko-du-gaur

Publié dans Berriak - Infos

Commenter cet article