Kazeta.info - Ezkerreko abertzaleen gune politiko komuna egituratzea bozkatuko du ABren batzarrak

Publié le par Abertzaleen Batasuna

Ezkerreko abertzaleen gune politiko komuna egituratzea bozkatuko du ABren batzarrak


Michael Alzibar eta Peio Etxeberri-Aintzart. Gaizka IROZ argazkia.

Iaztik lantzen ari diren ezker abertzalearen berrosaketan aitzinatzea eztabaidatuko dute ABko ohiko batzarrean. "Azken urteetan alor askotan elkarlanean aritu gara eta urrats handiak egin ditugu estrategiak bateratzeko orduan. Egun esan genezake, 2001eko zatiketa gainditua dagoela eta lan-ildoetan sintonia erdietsi dugula. Orain urrats berriak egin behar ditugu espazio politiko komuna egituratze aldera" esan dute Peio Etxeberri-Aintzartek eta Michael Alzibarrek.

Prozesu hori "urratsez urrats" egingo dela gaineratu dute: "Irunen hitzartutako engaiamendu estrategikoa oinarri hartuta, hiru alderdiok –AB, Batasuna eta EA– mugimendu politikoa eraiki behar dugu Ipar Euskal Herrian, alderdikideez gain, ezkerreko abertzale independenteak ere bere baitan integratuko dituena".

Argi utzi dute "momentuz" ez direla alderdi berri bati buruz ari, mugimendu bateratzaileaz baizik.
ABren idazkaritzak ildo horretan doan ponentzia bakarra aurkeztu dio militantziari, azaroaren 10eko ( goizeko 9:00tan hasiko da Uztaritzeko Lapurdi aretoan ) biltzarrean bozkatuko dena.

Etxeberri-Aintzartek ez du ezkutatu jarrera ezberdinak –"betiko bi ikusmoldeak"– daudela planteatzen duten urrats horrekiko.

Lan oparoa 
Aldez aurretik, igarotako urtean egindako lan-politiko oparoaren (bost alderdien arteko akordioa, hauteskundeak, Ipar Euskal Herriko erakundetzea, barne-galdeketa, gatazkaren konponketan egindako urratsa Bake Bidea ren sorrerarekin, Bil Gaiten ekimena...) balantzea egingo dute.

Aurrera begirako lanak ere hizpide izango dituzte, besteren artean, bake-prozesua, eraikuntza nazionala eta 2014-2015eko bozei begira "ahalik eta era koherente eta adostuenean" egin beharreko lan mardula.

Azken errepresio ekimenak salatu dituzte 
Bestalde, prentsaurrekoan azken egunotan izan diren "ekintza errepresiboak" salatu dituzte ABko kideek. Maconeko atxiloketak Aieteko lehen urtemugarekin lotu dituzte, nazioatreko eragileen babespean plazaraturiko adierazpenaren jarraipenari buruz  balantze gazi-gozoa eginez. "Lehen puntua (ETAri egindako eskakizuna) bete da baina ez horrela bigarrena, bi estatuek ez baitute aitzinamendurik egin eta errepresioak bere horretan segitzen duelako" salatu du ABk.

"Ezinezkoa da alde batetik bakea xekatzea eta, aldi berean garaipena bestetik. Alde guztiek bakea izan behar dute helburu" adierazi dute alderdi honen ordezkariek, segidan Baionako manifestaziora deitu dutela.

Vallsen adierazpenak, euskal lurralde elkargo baten sorrera ukatuz, aipatu dituzte ere Aurore Martinen atxiloketa gertatu aitzin eginiko agerraldian. Gai honen inguruan Vallsek izan dezakeen jarrera kontrakoa zilegia izanik ere, "ezinezkoa dela eztabaida demokratikoa ukatzea eta hori egin du" agerian utzi du ABk.  Galdera zuzena igorri dio ondoren gobernuari: presidenteak edo lehen ministroak argitu dezatela Vallsen iritzia soilik berea den edo gobernuarena ere bai. "Eskaerari muzin egitea baldin bada, Estatuko ordezkariek ez dira ongi etorriak izanen Euskal Herrian eta litekeena da Sarkozyk izan zuen harrera bera izatea" oharrarazi du Abertzaleen Batasunak.

www.kazeta.info

Publié dans Abertzaleen Batasuna

Pour être informé des derniers articles, inscrivez vous :

Commenter cet article