Kazeta.info - Euskal Herriko Jardunaldiak, Batera plataformaren eskutik, larunbatean Baionan

Publié le par Abertzaleen Batasuna

Euskal Herriko Jardunaldiak, Batera plataformaren eskutik, larunbatean Baionan

Baterak Euskal Herriko Jardunaldiak antolatu ditu irailaren 29an, larunbatarekin, Baionako Merkatal eta Industria Ganbaran (MIG). Hautetsier baina baita gizarte eragileer gomita helarazi die plataformak Euskal Herrian lurralde elkargoa sortzeko egitasmoa egia bihurtzeko "baitezpadakoa delako -Bateraren ustez- gizarte zibilaren parte hartzea". Bilkura horretan adierazpena adostu nahi dute. "Lurralde elkargoa sortzeko proposamenak euskal jendartean atxikimendu zabala bildu duela agerian utzi nahi dugu ondoren goi mailako erakundeetara euskal gizartearen ahotsa entzunaraziz", azaldu dute plataformako kideek.

Azkenaldion bai Hautetsien Kontseiluaren biltzarrean bai frantziar sanatuak Lurralde Demokrazioari buruzko Eztabaidan "lurralde elkargoa sortzearen alde irudikatu den adostasun politikoa" urrats garrantzitsutzat jo du plataformak.

Izan ere, hautetsiek hartu engaiamendua inportanta izanik ere, Baterak gizarte zibilaren bultzadarik gabe nekez lortuko direla egiazko aurrerapausuak uste du. Senatuak urriaren hastapenean helduko dio III. Deszentralizazio Aktari buruzko eztabaidari. Bestalde, George Labazée, Pirinio Atlantikoetako Kontseiluko presidenteak eta senatariak urriaren 8 aurkeztuko deszentralizazioari buruzko txostena.

Parisen, beraz, ondoko egunotan hitzordu garrantzitsuak finkatuak dira. Izan ere, lurralde elkargoa sortzeko egitasmoaren gainean "euskal gizartean adostasu maila handia dagoela" erakutsi nahi du Baterak.

Larunbat honetan Baionan antolatu dituen Euskal Herriko Jardunaldien bitartez herritarrek erakundetze prozesuari adierazitako atxikimendua agerian utzi nahi du. Adostasun maila handi hori adierazpena batean jaso nahi du plataformak. Ondotik, adierazpen hori Parisko goi mailako erakundeetara eramanen du.

Baterako kideek "gizarte zibilaren topaketa" bilakatu nahi dute, beraz, gaurko bilkura. "Herritarrek jakin behar dute lurralde elkargo baten sorrerak duen indorio bakarra ez dela Euskal Herriaren aitortza instituzionala, jakin behar dute egitura horrek ondorio baikorrak dituela kultura eta ekonomia sailetan, besteak beste", laburbildu du Mixel Berhokoirigoinek bilera honen bezperetan.

Hurrengo faseari begira 
Gizartearen inplikazioa inportanta izan bada lurralde elkargoaren gaineko eztabaida agenda politikan sartzeko, herritarren inplikazioa are eta inportantagoa izanen da hurrengo fasean. " Urrats handia eman dira baina aurrera begira lurralde elkargo horrek zer nolako antolakuntza duen, zer fiskalitate eredua, zoin hauteskunde ereduari segituz eta zoin hautes-eremuan hautatuko den bere biltzarra, edo-ta bertze egitura publikoekin zer nolako harremanak dituen... eta beste zonbait gauza zehaztu behar ditugu", laburbildu dute Baterako kideek.

Mementua politikoa, "benetan erabakigarria" izan dadin, euskal jendartearen aktore orori Baionan antolatu eztabaida mamitsu horretan parte hartzeko deia luzatu diote Baterako ordezkariek. Euskal Herriko Jardunaldiak irailaren 29an, larunbatarekin, 14.30etarik goiti iragaiten dira Baionako MIG-en.

( Irakurri: Mixel Berhokoirigoin: "Lurralde antolaketaren trena huts egiten badugu, historiatik at geldituko gara" . Aitor Renteria. "Berria" kazeta. )

www.kazeta.info

Publié dans Berriak - Infos

Commenter cet article