Kazeta.info - Euskal Herriko Erretreten Kolektiboa urriaren 12ko grebatik harago joaiteko prest

Publié le par Abertzaleen Batasuna

Euskal Herriko Erretreten Kolektiboa urriaren 12ko grebatik harago joaiteko prest

 


Intersindikaleko kideek greba eta mobilizazio egunaren aldeko traktak banatu dituzte. Bob EDME argazkia.

Joan den larunbatean Baionan egindako jende elgarretaratzeak hauspo berria eman dio erretreten erreformaren aurkako mugimenduari. Gazteak, familiak, arlo pribatuko eragileak... Larunbateko martxa ainitza izan zen eta sindikatuek mobilizazio jendetsua lortu nahi dute urriaren 12an. Greba eta «altxamenduaren aldeko» deia zabaldu du intersindikalak. Euskal Herriko Erretreten Kolektiboak, bestalde, U12ko manifestazioaren ondoan "erreforma atzera bota arte" zer nolako jarduera hartuko duen eztabaidatzeko biltzarra eginen du 14.30etan Lan Burtsan. Nicolas Sarkozyk, bere aldetik, erretreta hartzeko adina bi urtez gibelatzeko asmoa berretsi du, nahiz eta lege egitasmoan aldaketa tipiak proposatu.

Sindikatuek traktak banatu dituzte, ostegun goizen, urriaren 12an izanen den protesta egunari begira. Data horren inguruan onartua izanen da erretreten erreforma Frantziako Legebiltzarrean.

Frantziako lehendakariak emendakin ttipi batzuk proposatu ditu erreforma egitasmoan, seme-alabak elbarriak dituzten burasoen eta 3 haur ukan dituzten emazteen egoerak hobetzeko. Oposizioak eta sindikatuek erran dutenez, aldaketa murritza horiekin "aurpegia zuritu nahian" dabil Sarkozy, "berez, egun janeko indarrean diren neurriak bere baitan atxikitzea baizik ez du proposatzen presidenteak".

Edonola ere, erretreten erreformaren pundu nagusia, erretretan partitzeko adinaren gibelatzea, bere baitan utziko du frantziar gobernuak.

Egoera honetan, sindikatuek ahotsa altxatzeko nahikeria agertu dute. Hartara hilaren 12ko mobilizazioari begira "altxamenduaren aldeko mezua" zabaldu dute Baionan egin duten agerraldian, greba egunari matxinada kutsua emanez.

Hain zuzen ere enpresa handietan -garraio arloan, SNCF kasu- greba iraunkorra bilakatzeko neurriak aztertzen ari dira. Ildo beretik zonbait sindikatu alderdi eta eragile biltzen dituen Euskal Herriko Erretreten Kolektiboak urriaren 12ko manifestazioarekin bat egin ondoren, egun berean, 14.30etan biltzarra deitu du Baionako Lan Burtsa, "erretreten erreforma atzera bota arte" jarduera berriak aztertzeko.

http://www.kazeta.info/euskalherria/sindikatuek-altxamenduaren-aldeko-mezua-zabaldu-dute-urriaren-12ko-mobilizazio-egunari-begira

Publié dans Berriak - Infos

Commenter cet article