Kazeta.info - Ehunka lagun bildu dira, poliziez inguraturik, Aurore Martinen sostenguz Baionako suprefeturaren aitzinean

Publié le par Abertzaleen Batasuna

Ehunka lagun bildu dira, poliziez inguraturik, Aurore Martinen sostenguz Baionako suprefeturaren aitzinean

Ehunka lagunek erantzun dute iragan larunbatean Bake Bidea mugimenduak eginiko deialdiari. 13.30etan Baionako suprefeturara hurbildu dira. Elkarretaratzearen xedea Aurore Martinen askatasuna exijitzea da, baina baita frantziar gobernuari bake prozesuaren aldeko engaiamendua hartu dezala eskatzeko. Antolatzaileak saiatu dira bere mezua suprefetari eramatea. Alta, poliziek bidea moztu diete hautetsier. Colette Capdevielle deputatu sozialistak atarian irakurri behar izan du mezua. Irudiak benetan esanguratsuak eman dituzte twiterren bidez @Amaia_Cazenavek eta @laurenceSG-ek. Azkenik, ordea, 9 hautetsiez osaturiko ordezkaritza anitza bezain zabala Suprefeturan sarry da bertan François Hollande frantziar presidenteari igorritako eskutitza uzteko.

Bake Bidea mugimenduak ez ohiko prentsaurrekoa eskaini du larunbat goizean Baionan. Kazetarien aitzinean Ipar Euskal Herriko gizartearen ordezkaritza zinez anitza azaldu da. Orotara 80 bat pertsonek bat egin dute Batasunako militantearen askatasuna berehala eskatzea xede zuen ekimen azkar horrekin.

Bertan, alderdi guzietako ordezkariak ziren. PCF, MoDem, UMP, EE-Berdeak, NPA, Batasuna, AB, EA, EAJ-PNB eta Alderdi Sozialistako euskal ordezkariek argiki erakutsi dute ez datozela bat Martinen espainaratzeko beraien gobernuak emandako urratsarekin. Are, Jean-Marc Ayrault lehen ministroarekin bilera eskatuko dute haien ezadostasuna helarazteko eta Kontseilu Kontseilurat joko dute euroaginduaren "erabilpena ankerra" aztertu dezan.

Egun nehoiz baino gehiago euskal jendartearen ekarpena ezinbestekoa dela bake prozesua aitzina eramateko adierazi dute Baionan bildutako eragileek. Hartara, astelehenean, 13.30etan, Suprefeturaren aitzinean antolatu duten elkarretaratzean parte hartzerat gomita zabaldu dute.

Jendeak erantzun du, eta nola ! 500 lagunetik gora atera dira karrikara. Hori bai, poliziak ezarritako hesiarekin egin dute topo. Karrika, hots suprefeturaren sarbidea hetsirik, hautetsiek plaza librean irakurri behar izan dure beren mezua. Irudia benetan harrigarria: Colette Capdevielle deputatu sozialistak poliziez inguraturik bere alderdiko lehendakariari, François Hollanderi, igorritako eskutitza irakurtzen.

Azkenik, ordea, hesia gaindituz, 9 hautetsiz osaturiko ordezkaritza bat sartu da Suprefeturan Aurore Martinen auzia salatuz frantziar presidenteari helarazitako eskutitza uzteko. Alize Leizagezaharrek Berdeetako eskualde konteilariak Suprefutarik irten ondoren azaldu duenez, "Hollanderentzat eskutzitza utzi dugu eta espero dugu bere arrapostua". Manuel Vallsek "Le Parisien" egunkarian eginiko adierazpenek "zinismoa" erakusten dutela salatu du, bestalde, Max Brisson, UMPko kontselari orokorrak. Bere ustez "Barne ministroak aitzat hartu beharko luke, bederen, eginiko akatsa".

Politikariak eta gizarte eragileak 
Benetan jendetsua suertatu da Aurore Martinen espainaratzea salatzeko Bake Bidea mugimenduak antolatu ekimena. Ordezkari politiko eta gizarte aktore anitz hurbildu dira. Han ziren, besteak, Max Brisson, UMP alderdi eskuindarraren burua, Jean Jacques Lasserre, MoDem alderdiaren senataria, Jean Lissar, Les Verts alderdiaren bozeramalea, Marie-Jose Espiaube, Bokaleko auzapez sozialista, Kotte Ezenarro, Hendaiako kontseilari orokorra... eta baita hautetsi anitz ere. Hor ziren, besteak beste, Martine Bisauta Baionako auzapez axudanta ekologista, Hendaiako auzapeza, Jean-Baptiste Sallaverry eta Daniel Oltzomendi Izurako auzapez abertzalea.

Hortaz gain Cimade, Batera, Giza Eskubideen Liga, Anai Artea edo Bizi elkarteek ordezkariak bidali dituzte elkarretaratzerat, baita sindikatu gehienek ere.

Bestalde, 17.30etan, eragile anitzen sosteguz beste protesta ekimena deitua da Oloroneko suprefeturaren aitzinean eta ordu erdi beranduago hirugarren bat Paueko prefeturaren aurrean.

www.kazeta.info


Publié dans Berriak - Infos

Pour être informé des derniers articles, inscrivez vous :

Commenter cet article