Kazeta.info - Ehundaka lagun bildu dira Garazin Daniel Dergiren aldeko martxan

Publié le par Abertzaleen Batasuna

Ehundaka lagun bildu dira Garazin Daniel Dergiren aldeko martxan

Argitaratua: 14 ordu eta 27 minutu
Iragan uztailean Baionan eginiko martxan mila bat lagun bildu ziren errepresioa salatzeko eta aterabide politikoak eskatzeko.

Karrikan bada ere Espainiaratua izateko arriskuan dagoen Daniel Dergi euskal preso politiko ohiak elkartasuna jaso astelehen arratsaldean Donibane Garazin. Izan ere, ehundaka lagunek manifestazioa egin dute haren aurkako auzia salatzeko. 17.00etan abiatu da martxa, eta mezua argia izan da: Ageneko auzitegiari jakinaraztea ez dagoela arrazoirik Dergiren aurka egiteko, besteak beste orain leporatu nahi dizkioten delituak preskribituta daudelako frantses legediaren arabera.

Dagoeneko hala dela onartu du Marie-Helene Heyte Estatuko abokatu nagusiak berak, eta horregatik adierazi du Madrilgo eskaerari ezetza eman behar zaiola. Ageneko auzitegiak asteazken honetan emanen du jakitera bere erabakia.

Dergik elkartasuna jaso zuen uztailaren 27an ere, egun horretan 50 lagun inguru heldu baitiren Agenera. Aitzinetik, Baionan, mila lagun inguru bildu ziren AB, EA eta Batasuna alderdiek deituriko martxan. Aurretik, uztailaren 6an Cahorsen atxilotua izan zen Hiriburuko preso ohia, eta astebete eman zuen horrela, hilaren 13ra arte ez baitzuten askatu.

Auzia aztertu ondoren, aske jarraitu behar zuela deliberatu zuen auzitegiak; baina Espainiaratuko ote duten ez dute asteazkenera arte jakinaraziko.

Horiek horrela, kalera ateratzea erabaki dute Daniel Dergiren lagun eta auzokideek, baita oro har gisa honetako prozeduren aurka dauden herritarrek ere, Euroaginduaren Aurkako Kolektiboan batu direlarik. Orotara 600 bat lagun bildu dira Baxe Nafarroako hiriburuan antolatu ekimenean.

ELB eta NPA
Egonezaren seinalea da eragile oso ezberdinek mobilizazioari emandako babesa (ELB) sindikatuak "euroagindua aski, Daniel Derguy libre!", eskatu du, prentsa ohar baten bidez. Hainbesteko harrabotsa eta sostengua piztu duen Aurore Martinen auziari erreparatu ondoren, "Euskal Herrian ideki den aro berriaren kontra jokatzea helburu du Espainiak -salatu du-. Alta, bake bidearen jorratzeko nahikeria argia erakusten du euskal gizarteak. Aurore Martinendako bezala, 124 hautetsik sostengua ekarri diote Derguyri" diote.

NPA alderdiak Angelutik helarazi du atxikimendua, eta honek ere Aurore Martin eta Daniel Dergiren kasuak lotzen ditu. Gatazka politikoetarako errepresioa ez dela konponbidea nabarmendu du.

 

http://www.kazeta.info/euskalherria/dergiren-aurkako-euroaginduaren-emaitza-jakin-aitzin-manifestazioa-gaur-donibane-garazin

Publié dans Berriak - Infos

Commenter cet article