Kazeta.info - EHBaik ez du boto kontsignarik eman bigarren itzuliari begira

Publié le par Abertzaleen Batasuna

EHBaik ez du boto kontsignarik eman bigarren itzuliari begira

Igandeko lehen itzuliak aitzinetik sumatzen zen aldaketa politikoa baieztatu du Ipar Euskal Herriko hauteskunde esparruan. Alderdi Sozialistak gorakada handia ukan zuen. Izan ere, bigarren itzulian sostengu berriak behar dituzte bildu sozialistek beren hautagaiak Pariserat eramaiteko. Alderdi Sozialistako ordezkariekin zein Jean Lassalle laugarren barrutiko MoDem-eko deputatuarekin bildu ondotik, gaur jakinarazi du koalizio abertzaleak bigarren itzuliari begira dituen asmoak. "Nahi ginuke bere hautagaiak sostengatu baina Alderdi Sozialistak duen politikak hori ezineskoa egiten du", adierazi du EHBaik. Beraz, bigarren itzuliari begira boto konsignarik ez du emanen. Alta. MoDem eta PS alderdietako zuzendaritzeei galdetegiak igorri dizkie zonbait proposamen gainean beren jokabidea argitu dezaten. ( Irakurri ere: EAJ-PNB: "Igandeko emaitzek erakusten dute zentrista familiaren berreraikitzearen behar gorria" )

Maite UBIRIA / Mattin PETRISSANS

Zazpi herrialdetako panorama politikoan ez ezik, hauteskunde esparruan ere beren pisua finkatzen ari dira ezkertiar eta abertzaleak. EHBai koalizioak 11.500 inguru bildu ziruen iragan igandeko bozketan. Hazkunde lasaia da abertzaleena, baina pausoz pauso bere eremua zabaltzen ari dira.

Oraingoan lortutako sostenguak ezkerreko abertzaleen proiektu estrategikoa sendotzeko baliatu nahi ditu Euskal Herria Baik. Izan ere, ez da ahantzi behar, hemendik bi urtetara, 2014an, herri bozak direla. Hitzordu hori prestatzeko oinarri sendoa finkatu du koalizioak.

Legebiltzarreko bozetako lehen itzulian lehenak edo bigarrenak arribatu dira barnealdeko herri eta eskualde anitzetan. Hiru eremu aitzat hartuta hirugarren indarra da EHBai, lehen aldikoz. Horrek sekulako pisua ematen dio. Bereziki beste alderdiekin hitz egiteko mementuan.

"Berresten dugu gure pizu politikoa ipar Euskal Herrian, hirugarren indar politiko bezala inposatzen da EH Bai. Gure emaitzak goiti doaz, bai boz kopuruan, bai portzentaietan. Alta testuingurua ez zen gure aldekoa lehendakaritzarako bozen ondotik kanpainia oso polarizatua baitzen", azaldu du Anita Lopepek.

Abertzaleen mapa 
Barnealdean ez ezik, Lapurdin emaitza nabarmenak lortu dituzte hainbat herritan -Senperen, Urruñan, Saran, Uztaritzen, Makean...-. Izan ere, hiri handietan oraindik ere zailtasunak badituzte abertzaleek eta bertan ahalegin bereziak egin behar dituzte geroari begira. Baionan %5aren marra gainditu du Laurence Hardouin abokatak. Bada zerbait, baina BAB eta orohar hiriburuetan bertzaleek dituzten arazoak hor dira. Bosgarren barrutia aitzat harturik, etsigarria bada FNk abertzaleek baino pizu gehiagi duela.

"Hori guretzat kezkagarria da -azaldu du gaur Baionan Anita Lopepek- eta are kezkagarriago ohartzen girelarik hemen ere, lokalki UMPren aldetik FNko bozkazaleer deialdi konkretu eta argiak egiten zaizkiola, lehendakaritzako bi itzulien artean Sarkozyk egin zuen bezala Le Penen bozkazalei buruz. Laugarren barrutian ere ikusten dugu MoDem alderdiari emandako sostengua baldintzatua dela hautagaiak atzerritarren bozka eskubideaz duen posizionamenduari. Horiek dira datu oso kezkagarriak guretako".

Hauteskundeek utzitako emaitzeei buruz irakurketa egin ondotik, bistan dena bigarren itzuliari begira bere asmoak zehaztu behar dituen EHBaik. Koalizioaren baitan eztabaida emana izan da. Ohiturari segituz eztabaida pasionatua da. Beroa, mementu batzutan. Edonola ere, erabakia plazaratu du asteazken huntan Baionan eskainitako prentsaitzinean: euskal jendartean zabaldu den jardungo deputatuak -Lassalle zentrista de Alliot-Marie eta Grenet eskuindarrak- etxera igortzeko gogoa konpartitzen dute ezkerreko abertzaleek. Beraz, nahi lukete benetako aldaketa ekarriko duen hautagaia sostengatu.

"Ideologikoki amildegi bat bada UMPk edo eskuinak orokorki defenditzen duen proiektu politikoa eta gurearen artean. Teorian nahi ginuke konsigna bat eman eskuinaren erorarazteko bainan ezin dugu, ezin dugu Alderdi Sozialistarengatik. Gurearekin konparatuz PSk duen proiektu politikoa arrunt ezberdina da eta guk defenditzen ditugun baloreetatik biziki urrun da", azaldu du Peio Etxeberri-Aintzartek.

Tamalez, PS zein MoDem alderdiekin izandako hartu-harremanetan abertzaleek ez omen dute neholako bermerik jaso EHBaik defendatzen dituen proposamenen gainean.

"Krisi egoera batean Alderdi Sozialistako proiektu politikoa biziki uzkur edo beldurtia da aldaketa erradikalak beharko genituzkelarik. Euskal Herria mailan aldaketa batzuk erakutsi badituzte ere, adibidez Aieteko konferentzian parte hartuz, ikusi dugu ukazioak badirela hainbat gaietan: instituzioa, gatazkaren konponbidea, AHTa… Ez dugu konfientsarik PSarengan" gaineratu du Etxeberri-Aintzartek.


Boto agindurik ez, baina hautua egiteko galdetegi bat 
Boto konsignarik eman ez arren, bozka -edo abstenzioa- erabakitzeko mementuan lagungarri litaike tresna proposatu du Euskal Herria Baik: Bigarren itzulian lehiatuko diren hautagaien alderdietako galdetegia igorriko die euskara, gatazka politikoa, eredu sozio-ekonomikoa, AHT... , finean, EHBairentzat lehentasun osoa duten gaien inguruan haien posizionamendua argiki azaldu dezaten- Erantzun horiek jakinaraziko dituzte, hautesleek irizpide gehiago ukan ditzaten heldu den igandeari begira.

"Galdegiten delarik gure hauteslegoak zer eginen duten heldu den igandean, erantzunkizun hori Alderdi Sozialistari uzten diogu. Hari doakio mahai gaineratu ditugun gai nagusien aitzinean beharrezkoak diren aldaketak egitea, Ipar Euskal Herrian eskuina eror dadin" gaineratu du Etxeberri-Aintzartek.

Brissonek Biarritz autrement udal taldeko kideen jarrera salatu du 
Gaurko erabakia jakinarazi aitzin,  Biarritz autrement herri taldeak, bere kabuz, seigarren barrutian Sylviane Alaux hautagai sozialista sostengatzerat deitu zuen. KAZETA.INFOk aurreratu zuen bezala, "barneko demokraziaren aurkako" posizionamendu horrek haserre eragin du koalizioaren baitan. Hori baieztatuz, seigarren barrutiko EHBaiko hautagaiak argiki adierazi du EHBairen baitan desmartxa kolektiboak nagusitzen direla. Ondoren, Miarritzeko hautetsi horiek emandako urratsa deitoratu du.

Max Brisson UMPko buruak ez du aukera galdu, bere aldetik, Miarritzeko hautetsiek hartu posizionamendua salatzeko. Gogoratu behar da, abertzale horiek zentro-eskuinarekin gobernatzen dutela kostako hirian. Hala ta guztiz ere, Alaux sozialistaren alde bozka emateko deitu dute.

Brissonek nabarmendu duenez, Abeberry, Pouyets, bref Biarritz autrement taldeko ordezkari abertzaleek "Peio Etxeberri-Aintzartek Miarritzen egin dituen emaitza kaskarren ardura dute. Ez dute deus egin EHBairen alde eta beraiek ez balira, agian abertzaleek emaitza hobeagoak eginen zituzte" erran du, haserre oso, UMPko arduradunak.

Maitia, Lassalle, Alaux sostengu eske... baina urratsak emateko prest  ? 
Zenbakiak begiratuta, bigarren itzulirako abertzaleen indarra erabakigarria izango da PSko hautagaientzat, batez ere IV. eta VI. barrutietan. Bosgarrenean, berriz, badirudi oraingoan Colette Capdevielle PSko hautagaiak aparteko arazorik ez duela izanen Jean Grenet gainditzeko.

Horrendako, PSko hautagai eta alderdiko ordezkariekin bildu da, astelehenean, EHBaiko ordezkaritza bat.

Euskal Herrian abian den konponbide prozesua, euskararen ofizialtasuna, Euskal Herriaren aitortza instituzionala... PSko jarrera fidelki adierazten duen Pierre Cheret, departamenduko idazkari nagusiak argiki adierazi du hainbat elkarrizketetan afera horiek guztietan Alderdi Sozialistak, gaur egun, aitzinamenduak egiteko asmorik ez duela.

EHBai eta PS arteko solasaldian hautagaien hitzak eta alderdiaren ekintzen arteko kontraesanak agerian geratu dira. Izan ere, hainbat gaietan adostasuna agertu da: solaskide abertzaleentzat bereziki mingarria izan da hautagai sozialistek Manuel Valls Barne ministroak euskal militanteak atxilotzeko aginduak babestea. Irmoki, gainera. Jarrera hori harriduraz haru dute abertzaleek, are gehiago aitzat hartzen bada laugarren barrutian hautagai den Frantxua Maitiak Aieteko Konferentzian parte hartu zuela.

KAZETA.INFOk jakin duenez, hautagai sozialistek bere engaiamendu pertsonala aldarrikatu dute. Izan ere, argiki adierazi dute euskararen ofizialtasunaren alde neholako lege proposamena ez dutela aitzineratuko. Berdin euskal erakunde bat sortzeko proposamenari buruz. Hortan ere urratsak ematea ez da lehentasuna.

Izan ere, JPB-rekin mintzatuz, Maitiak nabarmendu du euskara, presoak, erakundea.. zonbait gaietan aspalditik agertu duen engaiamendua. Koleran azaldu da, berarentzat zerbait argi delako: "kontua ez da PSk zer egiten duen gai horretan, baizik eta Lassallek ez duela ezer egin eta ez duela deus eginen horri buruz", azaldu du Izpurakoak.

Seugarren barrutian AHTren auzian jarrera malgotu du Sylviane Allaux hautagai sozialistak bere alderdiak defendatzen duen azpiegituari buruz erreferendum bat proposatuz. Hala eta guztiz ere Alderdi Sozialistako iturriek nabarmentzen dutenez "PSk ez du hitza emanen ondoren jateko".

Ezaguna da PSk AHTren egitasmoa bultzatzen duela berdin Eskualdean zein Departamenduan. Baina egia da ere AHTren kontra kanpainia egiten duen Michèle Alliot-Mariek proiektua babesten duen UMP alderdiko kidea eta gobernu kide ohia badela ere. Beraz, AHTren auziaren harago, beste irizpideak aitzat hartu beharko dituzte hautesleek heldu den igandean bozka erabakitzeko orduan.

 

www.kazeta.info

Publié dans EHBai

Commenter cet article