Kazeta.info - Donaixtiko eskola zaharra okupatzen duten gazteer 72 orenen buruan egoitza libre uzteko agindua eman die Baionako auzitegiak

Publié le par Abertzaleen Batasuna

Donaixtiko eskola zaharra okupatzen duten gazteer 72 orenen buruan egoitza libre uzteko agindua eman die Baionako auzitegiak


Donaixtiko San Mixel eskola okupatzen duten gazteak Baionako auzitegian. Gaizka IROZ argazkia.

Donaixtiko San Mixel eskola zaharra berpizteko xede jarduten duten gazteek astearte huntan jakin dute egoitza horren karieta joan den abuztuaren 10ean Baionan egin zen auziaren emaitza. Baionako Auzitegiak Herriko Etxearen sostenguz seroreen elkarteak aurkeztu plenta onartu ondoren, gazteek 72 oren dituzte egoitza libratzeko. Huxerrak jujeak hartu erabakia jakinarazi ondoren sartuko da indarrean egoitza husteko auzitegiak eman duen epea. Egun osoan zehar auzolanaren balioa aldarrikatzeko ekimenak antolatu dituzte astearte honetan bada hilabete bat Donaixtin okupazioa burutzen duten lagunek. Emaitza ezaguturik hauxe adierazi du Bethi Aintzina elkarteak: "Baionako auzitegiak hartu duen erabakia ez da nihundik ere oinarritua, ez eta zuzena. Zeren, gure okupazio desmartxa ez bada legala, errotik legitimoa da". ( Irakurri ere: Bethi aintzina elkartearen lehen ihardokipen bat Baionako auzitegiak hartu duen erabakiari buruz ).

Goizean goizetik abiatu da auzolan eguna San Mixelen. Hala, goizeko 09.00etatik goiti garbiketa, tindaketa edo-ta gelen apainketari ekinen diote Donaixtin okupazioa burutzen duten lagunek.

Oren batean bazkaria izanen da. Zerbait ekartzea denen artean partekatzeko eskatzen dute Donaixtiko gazteek. Arratsean arrotze eta xingar alaitua antolatu dute.

Bailarako auzokideen eta bereziki kultur eragileen sostegua jaso dute asken asteotan eskola zaharra okupatzen dute gazteek.

Bada hilabete okupatua den egoitza seroreen elkarte batena da. Horrek okupazioaren kontra plenta ezarrita, Baionako auzitegiak erabakia hartu du gaur. Bere salaketa horretan bi argudio emanen zituzten: egoitza jabego pribatua da eta lokala zaharkiturik dagoenez segurtasun arazoak izan daitezke. Okupazioa burutu duten gazteen defentsak, ordea, horiek ez dutela auzitan ematen jabegoa eta egoitza erreberritzen ari direla aldarrikatu zuen jujearen aitzinean.

Epaileak egoitzaren jabeer arrazoina eman die eta okupazioa 48 ordutan amaitutzat eman beharko luketela adierazi die gazteer.

Izan ere, auzitegiaren erabakiak ez dituela haien ametsak suntsituko azaldu dute San Mixeleko eskolan sartuak diren lagunek. Ebazpena eskutan geroari buruz dituzten asmoak jakitera emanen dituzte bihar okupa baxenabarrek Donaixtin antolatu prentsaitzinekoaren bidez.

Ondoko egunetako egitaraua

  • Azteazkena, agorrilak 22: -10.00etan prentsaurrekoa; -15.00etan haurren tailerra: olinpiadak ( lasto altxatzea, zaku jokoa, etbr...); 20.00etan kantu afaria.
  • Osteguna, agorrilak 23: -arratseko 8ak30etan: "L'argent dette" filmaren proiekzioa. Ondoren, "Eusko", euskal moneta sortzeko proiektuari buruzko eztabaida antolatua da.

www.kazeta.info

Publié dans Berriak - Infos

Commenter cet article