Kazeta.info - Bruno Fay: "GAL auzian isiltasun ziniko bat da Frantziarena"

Publié le par Abertzaleen Batasuna

Bruno Fay: "GAL auzian isiltasun ziniko bat da Frantziarena"

Hilotza armairuan gorde arren kiratsa zabaldu egiten da. Euskal Herrian bizi den freelance kazetari hau Maisons Lafitte-n sortu zen 1971ko azaroaren 14an. Historian eta kazetaritzan lizentziatua, prentsa idatzirako (Science et vie, L'Express, Le Parisien, Sud-Ouest...) zein telebistarako (Arte, Canal+) egiten du lan. No Low Cost eta Complocratie liburuak idatzi ditu, eta oraintsu emititu berri den GAL: des tueurs d’Etat dokumentalaren egilea da Xavier Muntzekin batera. Sustrai Colinarekin elkarrizketa egin du "Argia" astekarian. ( Jarraian elkarrizketaren pasarte batzuk. Solasaldi osoa hemen irakurri ).

25 urte iragan dira GALen garaitik, eta apenas idatzi eta ikertu den Frantzian. Zergatik hain interes eskasa? 
GALena da Aljeriako gerraz geroztik Frantziako Estatuan gertatu den atentatu olde odoltsuena, eta hala ere, Frantzian inor ez da hortaz mintzo, inori ez dio barne-arrastorik laga, erabateko ezjakintasuna da nagusi. Garaiko artxiboetan atentatu bakoitzak badu bere kronika, iluntzeko albistegi nagusiko parte zen, baina ohiko aferen gisan lantzen zen gaia, banden edo korsikarren arteko kontu zuritzeak balira legez. Inork ez zuen hemengo gatazka ulertzeko, atentatu sortari tratamendu jarraiki eta iraunkorra emateko, eta gibelean zegoena ikertzeko temarik izan. Atentatu bakoitza ohiko kasu isolatu bezala aurkeztea zen gakoa, olde sentsazioaren zabalpena ekiditea. Euskal gatazka ez mediatizatzeko borondate politiko irmoa zegoen Parisen, ez zuten Euskal Herriko gatazka Frantziako lurretara inportatu nahi, eta ederki baliatzen zuten kazetarien nahasmen eta ezjakintasuna tiroen oihartzuna itotzeko. Beste garai batzuk ziren, atentatu guneetara inongo ministro, legebiltzarkide edo auzapez mugitzen ez zen sasoia, eta kamerak politikariekin eskuz esku ibiltzen zirenez... Aferaren konplexutasunak eta borondate politikoak bat egin zuten, eta denak keari begira geratu ziren, sutara egurra nork botatzen zuen aztertu beharrean.

Nahi dutenean estatuek fiteago erreakzionatzen dute erre usainaren aurrean. 
Jendeak uste duenaren kontra, GALek arazoak sortzen zizkion Parisi, oinetakoan zeramaten hartxintxarra zen. Frantziari ez zitzaion gustatzen beste estatu batek bere zorrak kitatzeko Frantziako lurrak erabiltzea, eta tentsio hori sekula mediatizatu ez bada ere, GALen urteetan biziki arantzatsuak izan dira Paris eta Madrilen arteko harreman diplomatikoak. Frantziak etengabe hartzen zion kargu Espainiari, eta Espainiak inplikazio eta kooperazio antiterrorista sendoagoa eskatuz ematen zion arrapostu. Frantzia harrapatuta zegoen, ordea. Batetik, ez zuen Euskal Herriko gatazkaren parte sentitu nahi, eta bestetik ez zuen Europar Batasunaren ateetan zegoen Espainiako demokrazia gaztea salatu eta toki txarrean utzi nahi. Auzoko herrialdea beti da partaide ekonomiko eta politiko garrantzitsua gisako egituretan, eta estatuek inork baino hobeki dakite hobe dela lagunak zaintzea etsaiak sortzea baino.

Justiziak ikertu ez zuena ez al luke kazetaritzak ikertu behar? 
Niri ikerketa gustatzen zait, ikusten ez dena agerian uztea, erakusleihoa ahantzi eta zakarretan arakatzea. Futbol partida bat komentatzen duenak ere kazetaritza egiten du, baina ez da ofizio bera. Nirea ikerketa da, eta zentzu horretan, GAL gai liluragarria da. Espainiako demokraziaren eskandalurik gorena da, Barne ministroa eta polizia-buruak epaitu eta kondenatu dituzte, eta atentatu guztiak Frantziako Estatuan gertatu arren Frantzian erabateko ezjakintasuna da nagusi. Madrilek GALen izan duen papera ezagutzen dugu, X jaunarena ez da misterio bat, polizia eta guardia zibilaren inplikazioa zalantza izpirik gabekoa da, baina Frantziaren rolaz inork ez dio ezer, inork ez daki deus. Hor eremu arrakalatu bat dago, eta arrakala da ikerketaren premisa. Zergatik uste duzu lortu dugula poliziaren atzaparretatik ihes egin zuen Francis mertzenario famatuarengana iristea? 25 urte pasa direlako, preskripzioak gainean daudelako, jende batek hitz egiteko beharra daukalako, eta kazetariekin poliziarekin baino errazago mintzatzen delako. Ez pentsa polizia ez zela behar beste saiatu, edo kazetariak polizia baino hobeak garenik. Ez, ziurtatu dezaket tipo abila bezain diskretua delako salbatu zela Francis, baina era berean, orain denbora alde jarri zaigu, eta kazetaritzak justizia egin ezin badu ere, egia jakinarazteko betebeharra du.

Aitzitik, egungo kazetaritza ez al dago egia kontatzearekin zerikusi gutxi duten betebeharretan itota? 
Presio politikoak baino, presio komertzialak itota gabiltza. Hedabide batek publizitatea saldu behar du, eta ondorioz, askoz errentagarriagoa da bi orrialdeko ikerketa seikoa baino. Baina jakina, bi orrialdetan apenas sakonduko duzun ezer, eta soldata ere araberakoa da. Ikerketa hiltzen ari bada ekonomikoki errentagarria ez delako da, edo bestela esanda, medioek errentagarriagoak diren beste arlo batzuetan inbertitu nahi dutelako. Bestalde, denborarekiko harremana izugarri aldatu da, eta denboraren azkartze zoro honek informazioaren hierarkizazioa kondenatu du. Berehalakotasunak agintzen du, notizia batek ehizatzen du bestea, eta deus aztertzen eta sakontzen ez duen albiste lasterketa bilakatu da kazetaritza. Guk 18 hilabete pasa ditugu GALi buruzko ikerketarekin, baina 52 minutuko dokumentala entregatzeagatik kobratu dugu, ez 18 hilabeteko ikerketagatik. Bi astean Hendaiako kanpinari buruzko erreportajea landu bagenu, berdin-berdin kobratuko genukeen, eta hori bai dela benetako presio eta mehatxua ikerketa kazetaritzarentzat. Baina niretzat hortxe datza kazetaritzaren esentzia, ez auskalo noren auzia twitter-en kontatzean. Horrexegatik diot, ene ustez, egungo kazetaritzaren erronka nagusia gertaerak esplikatu, ikertu eta hausnartzen dituen kazetaritza tradizionalaren eta berehalako aktualitateari lotutako kazetaritzaren arteko oreka aurkitzea dela.

www.kazeta.info

Publié dans Berriak - Infos

Pour être informé des derniers articles, inscrivez vous :

Commenter cet article