Kazeta.info - Bake Bidea mugimenduak Aurore Martinen askatasuna lortzeko "behar den guztia egiteko" agindu dio Hollande presidenteari

Publié le par Abertzaleen Batasuna

Bake Bidea mugimenduak Aurore Martinen askatasuna lortzeko "behar den guztia egiteko" agindu dio Hollande presidenteari

Bake Bidea mugimenduak ez ohiko prentsaurrekoa eskaini du larunbat goizean Baionan. Kazetarien aitzinean Ipar Euskal Herriko gizartearen ordezkaritza zinez anitza azaldu da. Orotara 80 bat pertsonek bat egin dute Batasunako militantearen askatasuna berehala eskatzea xede zuen ekimen azkar honekin. Bertan, alderdi guzietako ordezkariak ziren. PCF, MoDem, UMP, EE-Berdeak, NPA, Batasuna, AB, EA, EAJ-PNB eta Alderdi Sozialistako euskal ordezkariek argiki erakutsi dute ez datozela bat Martinen espainaratzeko beraien gobernuak emandako urratsarekin. Are, Jean-Marc Ayrault lehen ministroarekin bilera eskatuko dute haien ezadostasuna helarazteko eta Kontseilu Kontseilurat joko dute euroaginduaren "erabilpena ankerra" aztertu dezan. Egun nehoiz baino gehiago euskal jendartearen ekarpena ezinbestekoa dela bake prozesua aitzina eramateko adierazi dute Baionan bildutako eragileek. Hartara, heldu den astelehenean, 13.30etan, Suprefeturaren aitzinean antolatu duten elkarretaratzean parte hartzerat gomita zabaldu dute. ( Jarraian agerraldian irakurri duten manifestua ).

Alderdietao ordezkarien ondoan gizarte zibilaren ordezkaritza zabala bildu da Baionako hotel batean Bake Bideak antolatu agerraldian. Hor ziren CFDT, CGT, LAB, ELA, ELB, eta Solidaires sindikatuetako ordezkariak. Baita Baionako Abokatuen Elkargoaren burua, Gérard Ford, Cimadeko burua Laurence Hardouin. Azken honek eta Peio Dufau, CGTko ordezkariak irakurri dute jarraian osorik jaso dugun agiria:

"Hemen gauden Bake Bidea mugimenduko kide eta jendarte zibileko ordezkariek Aurore Martinen atxiloketa eta estradizioaren salatzeko gomitatu zaituztegu.

Badu urte bat jadanik Aieteko bake konferentzia gertatu zela eta Euskal Herrian bake prozesu bat abiatzeko bide orri bat proposatu zela.  Itxaropen ainitz eragin dituen gertakari horren ondotik, euskal jendartearen baitan aintzinamendu garrantzitsuak gertatu dira eta nazioarteko adituen sustengu irmoa agertu da.

Bake Bidea mugimenduaren helburua Euskal Herrian bake zuzen eta iraunkorrerako baldintzen sortzea da. Aurore Martin Bake Bideako kidea da eta honen atxiloketa bake prozesuari kalte egiten ahal dion probokazio bat besterik ez da.

Orroitarazi nahi dugu bere iharduera militantearen baitan hitza hartu izana baizik ez zaiola leporatua. Iritzi delitu bat da, ez gutiago ez gehiago. Eragile politiko, sozial eta elkarte ainitzek salatu dute aplikatu zaion euroagindua.

Gaurko testuinguruan, euroagindu honen aplikatzeko Barne ministroaren erabakia – itxura guzien arabera espainiar agintariekin adosturik – onartezina da eta fermuki kondenatua izan behar da.

François Hollande gaurko Errepublikako Lehendakariari gogorazten diogu 2011ko uztailan Aurorentzat barkaberatasuna aipatu zuela, Claude Guéant-en politikari aurka eginez horrela. Zer dio egun, bere Barne Ministeritza errepresio politikan Sarkozy gobernua baino haratago doalarik ?

Bake Bidea mugimenduak Errepublikako Lehendakariari eskatzen dio Auroren berehalako askatzearentzat behar diren urratsak egin ditzan eta Frantzia, Aieteko nazioarteko konferentziak zion bezala, bake prozesuaren alde behingotz engaia dadin eragin dezan.

Jendarte osoan eta bereziki Bake Bidearen baitan sortu den emozioaren gainetik, bakearen eta elgarrizketaren alde egiten dugun lanaren segitzeko determinazio osoa dugu. Jendarte zibila gure ekimenarekin bat egiterat eta probokazioei ez erantzuterat deitzen dugu, hauen helburu argia bake iraunkorraren eraikuntza trabatzea baita.

Gaur sekulan baino gehiago, bakeak Euskal Herrian denen beharra du, eta Bake Bidearen baitan gureganat hurbiltzerat deitzen zaituztegu".

www.kazeta.info

Publié dans Berriak - Infos

Pour être informé des derniers articles, inscrivez vous :

Commenter cet article