Kazeta.info - Baionako manifestazioak oihartzun handia izan du frantziar hedabideetan

Publié le par Abertzaleen Batasuna

Baionako manifestazioak oihartzun handia izan du frantziar hedabideetan

Milaka pertsonek -15 000tik gora antolatzaileen arabera- parte hartu zuten iragan larunbatean Herrira mugimenduak Baionan antolatu manifestazioan. Mobilizazioak oihartzun zabala izan du Estatu frantseseko hedabideetan. Euskal preso eta errefuxiatuen eskubideen aldeko manifestazioa, baina, Aurore Martin militante abertzalearen atxiloketaren aurkako protesta gisa ikusi zuten gehienek. ( Irakurri ere: Azaroaren 17an ongi etorria eginen diote Eiheralarren Jean-Marie Saint-Pée Lako-ri ).

"Le Figaro" egunkari eskuindarrak "Euskal presoei elkartasuna" titularrarekin abiatu zuen albistea, eta mobilizazioa Aurore Martinen atxiloketak Ipar Euskal Herrian sortu duen "hunkipenaren" testuinguruarekin lotu du.

"Le Nouvel Observateur" astekariaren webguneak testuinguru berari egin zion erreferentzia. "Euskal presoen aldeko elkartasun manifestazioa Baionan" izenburupean, hedabideak Baionako manifestazio jendetsuari oihartzuna egin zion, eta Aurore Martinen atxiloketa gertatu eta hamar egunera egin dela nabarmendu zuen.

Hedabide honek sakondu egin zuen, Batasunako kidearen atxiloketa eta kartzelatzea "aurrekaririk ez duen" erabakia dela nabarmenduta. Egunkariak Aurore Martinen ahizpa Emilie Martinen hitzak jaso zituen mobilizazioaren garrantzia nabarmenduz. Halaber, Estatu frantsesean preso dauden pertsonei heldu, eta batez beste euren etxeetatik 808 kilometrora daudela preso ohartarazi zuen, eta Estatu espainolean, aldiz, batez besteko distantzia hori 632 kilometrokoa dela.

 
"Le Parisien" egunkari paristarrak testu zabalean Ipar Euskal Herrian azken urteetan egin den manifestaziorik jendetsuena izan zela gogora ekarri zuen eta bertan parte hartu zuten ordezkari politikoei egiten zien erreferentzia.

Zifra dantza handirik ez


Zenbaki dantza handirik ez da izan egunkarietan, gehienek antolatzaileek emandako zifrari heldu diotelako. "La Croix" egunkari katolikoak, baina, Baionako kaleetan elkartutako manifestari kopurua 3.000 lagunekoa izan zela zioen... martxan izandako kazetariak iturri gisa aipatuz ! Alta, Frantziako egunkariek 15.000 manifestari izan zirela erran dute. Hala egin dute, esaterako, "Liberation" eta L'Hummanitékazetek, baita  Telebista kateetan martxari eginiko aipamenetan ere. Nabarmendu behar da etengabe informazioa emanen duen BFM tv kateak behi eta berriro eman zuen mobilizazioaren berri eta baitaere Emilie Martin, Aurore Martinen ahizparen adierazpenak.

Manifestazioaren kontakizuna 
"Hurbildu bakera" lelopean, presoen senideek ireki zuten larunbatean Euskaldunen plazatik abiatu zen martxa. Handik Paulmy etorbidetik Saint-Leonera igo zen, ondoren Baionako Tttipiako norabidea hartzeko. Euripean abiatu zen martxa eta Herrirakeko parasolak eguneko protagonistak bilakatu ziren.

Preso eta iheslarien atzetik, herritarrak sartu ziren, nahiz eta "manifestazioaren gidoian" bi kolektibo horien atzetik eragileek eramandako banderola joan behar zen.

Martxaren hasieran adierazpenak egin zituzte, parasolaren babespean, Xabi Larralde Batasunako ordezkaria eta Laura Mintegi Euskal Herria Bilduko lehendakarigaiak. Bi estatuei bakearen aldeko "urratsak ematea" eskatu diete.

Ez ziren, bistan dena, ordezkari politiko bakarrak. Hamarnaka eragilek eta 150 hautetsik larunbateko dealdiarekin bat egin baitzuten. Hartara, hamahiru alderdi politikok martxara deitu zuten: EH Bai, EH Bildu, EAJ-PNB, Alternatiba, Aralar, Ezker Batua, ezker abertzalea, EA, Gorripidea, NPA, Oldartu, Autonomia Eraiki, Libertat-Bearn eta Indar Beltza-Energie Noirek. Bederatzi sindikatuk eta hainbat gizarte eragilek ere eman ziote atxikimendua mobilizazioari.

Bertan izan ziren, besteak beste, Frederique Espagnac PSko senataria eta alderdi bereko Kotte Ezenarro kontseilari orokorra, Sylviane Alaux eta Colette Capdevielle deputatu sozialistak, Olivier Dartigolles, PCFko kidea, Christine Bessonart, Auzapezen Biltzarreko lehendakaria, Philippe Potou, NPAko ordezkaria, Jean-René Etchegaray, MoDem-eko ordezkaria, Saveur Baxo, Arberatseko auzapeza, Alize Leizeagezahar, Europe Ecologie-Berdeak-eko eskualde kontseilaria, Peio Urizar, Eusko Alkartasunako lehendakaria, Martine Bisauta, Baionako herri kontseilari ekologista edo Sabino Cuadra, Amaiurreko deputatua.

Autobus ugari iritsi ziren Baionarat Euskal Herriko hainbat txokotatik: 60tik gora. Aipatu behar da, mugetan gaur arazorik ez dela izan eta jendea lasai asko iritsi zela Baionara.

Manifestazioaren burua 16.45ak aldera heldu zen helmugara, Saint-André plazara. Ordurako ibilbidea beterik zen eta jende anitzek ezin izan zuten plazan sartu. Amaiera ekitaldian Mixel Etxekoparren hitzak entzun genituen.

"Gizartearen borondateak entzuna izan beharko luke gartzeletako giltzak dituzten horien aldetik" adierazi du musikariak. Baionatik mezu argia igorri zuten milaka herritarrek: Parisko gobernuak euskal presoen alde eta bake prozesuaren alde Baionan zabaldu aldarrikapena entzun beharko luke. Bihar, prentsaurrekoa izanen da Eliseon. Agian kazetari batek 15 000 pertsona bildu zituen martxari buruz galdetuko dio François Hollande Frantziako presidenteari ?

 

www.kazeta.info

Commenter cet article