Kazeta.info - Baionako Bake Foroa: "Jendartearen parte-hartzea ezinbestekoa da gatazka konpontzeko prozesua aurrera eramateko"

Publié le par Abertzaleen Batasuna

Baionako Bake Foroa: "Jendartearen parte-hartzea ezinbestekoa da gatazka konpontzeko prozesua aurrera eramateko"


Gaizka IROZ argazkia

Lokarri, Bake Bidea eta Baionako Unibertsitatearen arteko partaidetzaren lehenengo urratsa izanen da heldu den abenduaren 15ean Lapurdiko hiriburuko fakultatean ospatuko den Bake Foroa. Hiru egitura horien ordezkariek nabarmendu dutenez, Aieteko Konferentziaren urtebete igaro denean, "bake prozesua aurrera eramateko jendartearen parte-hartzea ezinbestekoa dela" agerian utziko du foroak. Tokapeta hori, berez, ibilbide baten hasiera baizik ez da. Bake prozesuari buruz "gogoeta gune" iraunkorra sortzea baita asmoa. Heldu den urte osoan zehar gatazka konpontzeko prozesuari dagozkion atal guztiak aitzat hartuko dituzte.

Heldu den abenduaren 15ean Bakearen Foroa antolatuko dute Baionan. Ekimena Lokarri, Bake Bidea eta Baionako Unibertsitatearen arteko partaidetzaren lehenengo fruitua da. Egun horretan, Aieteko Konferentzian parte hartu zuten adituak izanen dira Lapurdiko hiriburuan: besteak beste Pierra Hazan eta Brian Currin.

Bi fundazioek sostengatzen dute Baionako fakultatean iraganen den jardunaldia. Bergoff eta Conciliation Resources fundazioak dira. Dagoeneko atazka konpontzeko prozesuetan esperientzia luzea duten bi fundazio hoiek Aieteko Konferentzian iazko urruaren 17an egin zen konferentzia sostengatu zuten.

Izan ere, Bakearen Foroa badu helburu nagusia: Aieteko Deklarazioa atalez-atal hartu eta aztertu nahi dute, betiere euskal jendartea konponbide prozesuaren bide orri horren partaide bilakatzeko xede.

Zergatik Baionan ? Lapurdi hiriburuko unibertsitatean badago lantalde bat euskal gatazka konpontzeko prozesuari jarraipen berezia egiten diona. Pierre Massias irakaslearen gidaritzapean, bake prozesuaren bilakaera aztertzen dute, beraz, Baionako ikasleek.

Gaurko agerraldian nabarmendu dutenez, heldu den abenduaren 5ean eginen den foroa Aieteko Adierazpena gizarteratzeko bidean lehen urratsa baizik ez da. "Gogoeta eremu" iraunkorra sortzea dute helburu. Hori dela eta, heldu den urte osoan zehar atalka helduko diote bake prozesuaren azterketari. Ikuspuntu ezberdinak jorratu nahi dituzte: gatazkaren ondorioak - biktimak, preso eta iheslarien egoera, desarmea eta desmilitarizazioa-, gizarte zibilaren parte-hartzeko formulak, hedabideen papera, gizartearen berradiskidetzea... euskal gatazkaren behin-betiko soluziobidea eraikitzeko bidean premiazko diren gai guztiak jorratzeko asmoa agertu dute foroaren antolatzaileek.

www.kazeta.info

Publié dans Berriak - Infos

Commenter cet article