Kazeta.info - Aurore Martin Batasunako militantea espainaratu dute

Publié le par Abertzaleen Batasuna

Aurore Martin Batasunako militantea espainaratu dute


Alderdi Sozialistako eta ezker abertzaleko ordezkariak Aurore Martinen ondoan, konponbide demokratikoaren alde Baionan eginiko manifestazioan.

Aurore Martin atzeman dute, gaur arratsaldean, Maule ondoan. Lehen berrien arabera, kontrol batean atxilotua izan da Batasunako militantea. 20.45ean mugara eraman eta espainiar polizien esku utzi dute Frantziako justiziak 2010. urteko ondarrean Martin espainaratzeko erabakia betez. Madrilgo espetxe batean emanen du lehen gaua epailearen aitzin eramana izan arte. Herrira mugimenduak gogor salatu du atxiloketa eta hori salatzeko azaroaren 10ean Baionako karrikak jen dez betetzeko deia luzatu du. Max Brisson UMPko buruzagi miarriztarrak twitterren bidez salatu du atxiloketa. Sylviane Alaux eta Colette Capdevielle diputatu sozialistek haien "harridura" agertu dute eta Jean Jacques Lasserre senatari zentristak bere ezadostasuna agertu du ere.  Batasunako eledunak Xabi Larraldek "irmotasun osoz" salatu du atxiloketa, eta alderdi abertzaleak urgentziazko prentsa-agerraldia deitu du ostiral goizerako Baionan. Bestalde,  Francois Hollande presidentearen twitter kontura (  ) mezuak helarazteko ekimena martxan jarri da. ( à lire aussi: Libérez Aurore Martin. Editorial - Antton Etxeberri (Directeur de publication du Journal du Pays Basque ).

2010eko ondarrean bere aurkako euroagindua onartu zuen lehenik Paueko eta ondoren Parisko auzitegiak. Izan ere, Batasunako militanteak agindu horri aurre egiteko asmoa agertu zuen. Sei hilabete gordeta izan eta gero, 2011ko ekainaren 19an Miarritzen antolatu mitin batean azaldu zen Martin. Handik pare bat egunetara Polizia bera atxikotzen saiatu zen. Izan ere, herritarrek galerazi zuten militantearen atxiloketa, Baionan. Geroztik eta Omia Saindu egunean Maulen atxilotua izan arte  bizitza publikoa eraman du.

Elkartasun uholdea 
Batasunako militantearen aurkako auziak elkartasun uholdea eragin zuen Ipar Euskal Herrian. Alderdi politiko guztietatko ordezkariek, sindikatuek, gizarte eragileek... behin baino gehiagotan bere sostengua adierazi zioten Martini. ( Hemen bere aldeko manifestua sostengatu zuten hautetsien zerrenda ).

Sarkozy gobernuan zen eta, besteak beste, Alderdi Sozialistako hautetsiek oso engaiamendu tinkoa hartu zuten Martin defendatzeko. PS, PCF, Europe Ecologie-Berdeak, Front de Gauche, NPA... alderdi politiko horiek guztiek ordezkariak igorri zituzten iazko ekainean Baionan eginiko manifestaziorat. 
Berdin, iazko abenduan konponbide demokratikoa aldarrikatzeko Baionan eginiko manifestazioan Iparraldeko gizartearen ordezkaritza anitza bezain zabala bildu zen.

PSk euroagindua salatu... eta bete 
4.000 lagun inguru bildu ziren Baionako erdigunea zeharkatu zuen martxan. Horien artean PSk igorritako ordezkaritza zabala nabarmendu zen. Pierre Cheret PSko  departamenduko idazkaria bertan egon zen, baita Frederique Espagnac senataria, Kotte Ezenarro, Christophe Martin eta Marie-Christine Aragon kontseilari orokorrak eta Frantxoa Maitia eskualde kontseilaria. Xehetasun gehiago hemen ).

Paradoxa bada ere, PSko euskal ordezkariek hartu jarrera horrek ez du galerazi, abantzu urtebete beranduago, kolore bereko gobernuak urratsa ematea Martin atxilotzeko.  Maulen sortua, Xiberoko hiriburuaren ondoan atzeman dute Omia Saindu eguna kari. 20.45ean mugara eraman eta espainiar polizien esku utzi dute bere jarduera politikoagarik jazartua izan den mimitante baxenafarra. Bere lehen gaua, beraz, Madrilgo espetxe batean eginen du. Biharko urgentziazko agerraldia deitu du Batasunak Baionan.

Herriraren prentsa-oharra 
Aurore Martinen atxiloketaren berri izan gero honako agiria plazaratu du Herrira mugimenduak:

  • Gatazka konpondu eta benetako bake egoera bat erdiesteko lan ugari egin da azken hilabeteotan. Ipar Euskal Herrian bertan alderdi eta eragile ugari elkartu gara bide horri gure ekarpena egin eta denon artean bestelako egoera bat bilatzeko. Atxiloketa honekin bake gogoz den gizarteko eremu zabal bati bizkarra ematen dio Frantziako Gobernuak, eta Madrilgo bulegoetan idatzitako gidoia jarraitzen du, gatazkaren konponbidean jarrera eraikitzaile bat hartu beharrean.
  • Gatazkaren konponbideak preso eta iheslarien herriratzea ahalbidetu behar du. Espetxeak husteko garaiak dira, eta ez espetxean herritar gehiago sartzekoak. Zentzu honetan, azken egunotan burutu diren atxiloketak eta eman diren espetxeratzeak deitoratu nahi ditugu Herriratik.
  • Azaroaren 10ean euskal preso politikoen eskubideen alde Baionan deitu den manifestazioa indartzeko deia luzatzen dugu, finean, manifestazio honekin gatazkaren konponbidea eta bake egoera justu bat ere bilatzen delako.

www.kazeta.info

Commenter cet article