Kazeta.info - Ageneko jujeak atzera bota du Daniel Dergi espainaratzeko eskaera

Publié le par Abertzaleen Batasuna

Daniel Dergi libre gelditu da. Ageneko jujeak atzera bota du Auzitegi Nazionalak preso ohia espainaratzeko eskaera. Hiriburutarrari leporatzen dizkioten ekintzak frantziar lurraldean gertatu zirela eta 17 urte iragan ostean dagoeneko preskribituak direla Frantziako Kode Zigorraren arabera argudiatu du epaileak. Dergik 12 urte eman zituen Frantziako espetxeetan eta 2008az geroztik baldintzapeko askatasunean gelditu zen. Egun Cahorsen bizi da Euskal Herrian bizitzea debekatua baitu. Uztailaz geroztik mobilizazio ugari izan dira Euskal Herrian Dergiren aurkako euroagindua salatzeko. Azkenekoa iragan astelehenean egin zuten Donibane Garazin non 600 bat lagunek eskatu zuten Dergi bakean uztea.

 


600 lagun inguru bildu dira iragan astelehenean Garazin eginiko martxan.

 

Daniel Dergi behin-behineko askatasunean zen eroaginduaren auziaren emaitza jakin bitartean. Gaurdanik Espainaratua izateko arriskua desagertu da dagoeneko 12 urte preso eman dituen hiriburutarrarentzat. Aske, baina Euskal Herritik ehundaka kilometrora bizitzera behartua, beti. Ezin baita ahantzi, bere espetxealdia amaitu zuenean jujeak bere herritik urrun bizitzeko bigarren zigorra ezarri ziola.

Iza ere, gaur ezagutu dugun auziaren emaitza oso berri ona bada Daniel Dergirentzat. Baita euroaginduaren aurka borrokatzen duten elkarte eta militante guztiendako ere. Aurore Martin auziak itzal handia utzi badu, ziurtzat jo daiteke gaur Ageneko auzitegiak emandako urratsak ondorioak dituela. Arlo juridikoan ez ezik baita arlo politikoan ere.

Madrilgo Auzitegi Nazonalak igirritako euroaginduaren eskaera segituz, Dergi Cahorsen atzeman zuten, iragan uztailaren 6an. Epailearengana eramana izan ondoren, Yolanda Molina abokatuak Daniel Dergi libre uzteko eskaera aurkeztu zuen. Ministerio Publikoa ordezkatzen duen abokatu nagusiak ez zion oztoporik ezarri auzia gibelatzeko. Are auziari buruz xehetasun gehiago eskatu zuen.

Uztailaren 27an iragan zen Ageneko auzitegian Daniel Dergiren aurkako euroagindu auzia. Izan ere, auzi horretan abokatu orokorraren jarrera ez zen guztiz argia izan. Bere txosten idatzian euroaginduaren eskaera errefusatzeko pisuzko argudioak eman bazituen ere ahozko auzian Hiribiruko militantea espainaratzeko arrazoinak ere bazirela adierazi zuen abokatu orokorrak.

Auziaren egun berean ehundaka lagunek parte hartu zuten Baionako beste karietara eginik giza-katean. Bistan dena hori ez da izan Dergiren aldeko mobilizazio bakarra. Uztailaren 17an mila lagun inguru bildu ziren Baionako karriketan errepresioa salatzeo eta aterabide politikoen sostenguz.

Iragan astelehenean, Donibane Garazin 600 lagun izan ziren euroaginduaren aurka deituriko martxan.

 

http://www.kazeta.info/euskalherria/ageneko-jujeak-atzera-bota-du-daniel-dergi-espainaratzeko-eskaera

Publié dans Berriak - Infos

Commenter cet article