Kazeta.info - ABK Alternatiba herrixkan parte hartzeko deialdia zabaldu du

Publié le par Abertzaleen Batasuna

ABk Alternatiba herrixkan parte hartzeko deialdia zabaldu du

Urriaren 10ean, igandearekin, Bizi ! mugimenduak Baionan antolatuko duen Alternatiba herrixkan parte hartzeko deia zabaldu du Abertzaleen Batasunak. Hartara bere kideez gainera Euskal Herriko biztanle oro ekimen horretara hurbiltzeko deitu du. Oraiko sistemak "krisialdi ekonomiko, sozial, ekologiko eta demokratiko batetarat eraman gaituela" azaldu ostean, "Bizi ! mugimenduaren ekimenak garrantzi haundia du gure Herriaren askatasunerako bidean" azaldu du mugimendu abertzaleak.

ABren ustez, "produkzio, aberastasunen banaketa eta kontsumo ezin desorekatuagoak direla kausa, oraiko sistemak krisialdi ekonomiko, sozial, ekologiko eta demokratiko batetarat eraman gaitu". Krisialdi hau besteak beste, munduan zehar bainan baita ere Euskal Herrian, "sozialki zuzen kontrakoak eta ekologikoki suntsitzaileak diren estatuetako erabaki politikoen ondorioa da".

"Errekurtso naturalen neurrigabeko ustiaketa eta kapital bilketa asezinak sortzen duen kutsadurak lurraren geroa lanjerean ezartzen du klimaren aldaketa eraginez. Joan den urtean Copenhagueko gailurrean parada ezin hobea ukan zuten mundu guziko buruzagiek planetaren beroketari buru egiteko eta adostasun batetara heltzeko. Haatik, erabaki eraginkorrik ezin hartuz, estatu haundien zitalkeriek galarazi zuten azkenean akordioaren lorpena" gaineratu du ABk.

Alabainan premiak bultzaturik, geroztik klima aldaketaren ekiditeko aterabideak izan badirela erakutsi nahian, mobilizazioa ez dela eten mundu osoan zehar nabarmendu du ABk.

"Estatuetako buruzagiei presio egiteko bainan baita ere populazioa kontzientziatzeko ekimen frango antolaturik dira. Horietariko bat preseski igandekoa dugu Euskal Herrian ere eguneroko bizian baitezpadakoak diren beste praktika eta ohidura mota batzuk lehenetsi behar ditugula erakusteko gisan. Izan ere, gure Herria ez da sekulan aske izanen, produzitzeko, kontsumitzeko, elkartasunean bizitzeko beste gizarte bat eraikitzen ez badugu" azpimarratu du prentsa-ohar batean.

"Bizi ! mugimenduaren ekimenak garrantzi haundia du gure Herriaren askatasunerako bidean" erranez, ABk beren kide eta orohar hiiritar guzier heldu den igandean
Alternatiba herrixkan parte hartzeko gomita luzatu die.

 

http://www.kazeta.info/euskalherria/abk-alternatiba-herrixkan-parte-hartzeko-deialdia-zabaldu-du

Publié dans Berriak - Infos

Commenter cet article