Kazeta.info - Abertzaleen Batasuna: "Dozierra nagusietan gobernu sozialistarengandik dezepzioa baizik ez dugu jaso"

Publié le par Abertzaleen Batasuna

Abertzaleen Batasuna: "Dozierra nagusietan gobernu sozialistarengandik dezepzioa baizik ez dugu jaso"

Abertzaleen Batasunak urte berriak dakartzan erronkak marraztu ditu prentsaurreko baten bidez. Jakes Bortairu Estatu frantsesari begira jarri da Hexagonoko gaurkotasun handiko gaiak aipatuz. Peio Etxeberri-Aintzartek, bere aldetik, Euskal Herrian gori-gori diren gaiak jorratu ditu. Gizarte gaietan gobernu sozialistak ekarri dituen zonbait aldaketa baikorki hartu ditu ABk. Hala nola sexu bereko pertsonen arteko ezkontza arautuko duen lege proiektua edo etxebizitza sozialen portzentaia areagotzea xede duen proposamena goraipatu ditu. Izan ere, Hollandek garatu duen politika sozio-ekonomikoari kritika zorrotza egin dio alderdi abertzaleak. Bestalde, Euskal Herrira begira Hollandek ez duela aldaketarik ekarri nabarmendu du ABk. "Dozierra nagusietan -bake prozesua, euskara, aitortza instituzionala...- gobernu sozialistarengandik dezepzioa baizik ez dugu jaso", agerian utzi du alderdi abertzaleak.

Dozierra sozialetan sakonduz, ABk orohar begionez ikusten duela etxebizitzari buruzko lege egitasmoa azaldu du, nahiz eta bigarren etxebizitzaren gainean hutsuneak antzeman.

Atzerritarren eskubideak direla-eta, irakurketa ilunagoa egin du. ABren ustez, "Valls ministroak egin duen zirkularra ez da gehiegi aldetzen Sarkozyk zeraman politikatik". Etorkinei bozka eskubidea aitortzearen alde agertu da AB, Hollandek gai honetan daraman gibelatzea deitoratuz.

Ondoren, "gobernuaren ikuspegi arrunt produktibista" erakusten duten "proiektu inutilak" arbuiatu ditu Abertzaleen Batasunako idazkaritzako kidea, bereziki Notre Dame des Landeseko aeroportua eta AHTren egitasmoa aipatuz. Azpiegitura horien kontra borrokatzen duten herritarrei bere elkartasuna agertu die ABk.

"Ezustean ez badu harrapatu ere" Gobernu sozialistak garatzen duen politika sozio-ekonomikoa dela-eta bere kezka agertu du ABk. "Lan munduaren kontrako eraso bortitzek segitzen dutela" nabarmenduz, egoera honetan borrokak indartzea ezinbestekoa ikusten du alderdi abertzaleak.

Bortairuren ondotik Peio Etxeberri-Aintzartek hartu du hitza Euskal Herriko erronkak aipatzeko. Euskarak ezagupen ofiziala ukan dezan iazko ikasturte politikoan eginiko lana azpimarratu du. Alta, gobernu aldaketak aitzinamenduak ez dituela ekarri momentukoz azpimarratu du. Are, urratsak ez egiteaz gain hainbat atzerapausu aurreikusten dira: hala nola eskola lege berriak hizkuntz guttituak ahazten duelako.

Ezagupen instituzionalaren gainean, sozial mailan eta hautetsien artean, gehiengo oso sendoa agertu dela uste du ABk. "Alde hortarik ere, gobernu sozialistaren aldetik dezepzioa baizik ez dugu jaso: deus konkreturik ez dute egin eta entzuten ditugun adierazpenak, Vallsenak bereziki, Iparraldeko gizarteak adierazi duen nahiaren kontra doaz", laburbildu du Etxeberri-Aintzartek.

Ezetza borobila 
Bake prozesuari dagokionez, horrelako zerbait gertatzen dela uste du ABK. Alde batetik, gero eta sektore gehiago hurbiltzen dira "konsenso berri batera" -Baionako foroa eta Aurore Martinen auzia aipatu ditu- baina gobernuaren aldetik "ezetza borobila baizik ez dator".

Euskal Herrian gatazka politikoa konpontzeke dagoela oroitaraziz, Eskozian eta Catalunyan abian diren prozesuak izan ditu aipagai Etxeberri-Aintzartek. Lurralde horietan bezala, Euskal Herrian soluziobideak aitzina eramateko "gizarte zibilak izanen duen paper garrantzitsua" azpimarratu du ABk.

Menane Oxandabaratzek ABren ildo politikoa zehaztu du. Ficoban bost alderdien artean sinaturiko akordio estrategikoa aitzat hartuta, ABren biltzarrak "EH Bai hautes koaliziotik harago Iparraldeko abertzaleentzat gune barri bat sortzeko helburuari heltzea" deliberatu zuela oroitarazi du Oxandabaratzek. Alderdietarik harago, "kartarik ez duen abertzaleei" eskaintza zabaltzea dutela xede nabarmendu du.

Bakea eta konpobide prozesua lehentasunak direla alderdiarentzat azaldu du ABko ordezkariak.

www.kazeta.info

Publié dans Abertzaleen Batasuna

Pour être informé des derniers articles, inscrivez vous :
Commenter cet article