Kazeta.info - 73 hautetsik bat egin dute "Egia nahi dugu" lelopean larunbatean eginen den manifestazioarekin

Publié le par Abertzaleen Batasuna

73 hautetsik bat egin dute "Egia nahi dugu" lelopean larunbatean eginen den manifestazioarekin

Nicolas MOLLO argazkia.

13 auzapez eta 60 herri kontseilari. Orotara Xiberoa, Baxe Nafarroa eta Lapurdiko 73 hautetsik erantzun diote Non da Jon kolektiboak luzaturiko deiari eta larunbatean Donibane Lohizunen (arratseko bostetan Louis XIV plazan ) eginen den manifestazioa sostengatu dute. Bestalde, atzo Baionan eginiko agerraldian, AB, EA, Aralar eta Batasuna alderdiek bat egin dute Anza desagertu zenetik lehen urtemuga kari antolatua izan den protesta ekimenarekin.

Urepele, Suhuskune, Azkarate, Mendibe, Lekunberri, Lakarra, Hiriburu, Lehuntze, Behorlegi, Gamarte, Eiherelarre, Banka eta Aldudetako auzapezek sostengatzen dute etzi Donibane Lohizunen eginen den manifestazioa. Gisa beran, bertze 60 herri kontseilariek baietza eman diote Non da Jon kolektiboa luzaturiko deialdiari. Sostengu anitzak eta eskualde ezberdinetarik etorri dira. Besteak beste, Uztaritze, Arbona, Biarritz, Ezpeleta, Donibane Lohizune, Hazparne, Larresoro, Urruña, Arberatze edo Angeluko kontseilariak atxeman daitezke manifestazioaren antolatzaileek plazaraturiko sostengu zerrendan.

Bestalde, atzo, Baionan eginiko agerraldian, AB, EA, Batasuna eta Aralar alderdietako ordezkariek euskal jendarteari gomita luzatu diote Jon Anza desagertu zenetik lehen urtemugara antolaturiko ekimenarekin.

Anza desagertu ondoren Baionako prokuradoreak abiatu ikerketak huts egin duela eta gorpua agertu ondotik «ardurak batetik bestera pasarazten dituztela» agerian utzi dute prentsare aitzinean.

Afera honen gainean arduradun judizial eta polizialek agertu duten portaera eta Anzaren familiari emandako «tratu umilagarria» salatzeakin batera, euskal militantearen gorpua agertu arren «iluntasun handia» dagoela kasuan azpimarratu dute.

«Hastapeneko susmo txarrak konfirmatzen joan dira, galdera asko pausatzen ditugu, izan ere galdera asko airean dira, eta euskal herritarrok erantzunak exijitzen ditugu» gaineratu dute.

Ondoren, frantses agintariei Anza kasuan egi osoa argitu eta publikoki jakinazi dezaten exijitzeko larunbatean Donibane Lohizunen eginen den manifestazioan parte hartzera deia luzatu diote euskal jendarteari. NPA alderdi ezkertiarraren Angeluko komiteak, bere aldetik, prentsa-agiria zabaldu du ere manifestapenari begira.

Manifestazioaren bezperan, Jonen kasua aipatuko dute Biarritzeko le Royal zineman. Hartara, « J'ai vu tuer Ben Barka » Serge Le Péronen filma eman ondoren, debatea izanen da Gabi Mouesca Jon Anza
kolektiboaren kidea eta Ludivine Thouverez irakasle ikertzailearekin.

 

http://www.kazeta.info/euskalherria/73-hautetsik-bat-egin-dute-egia-nahi-dugu-lelopean-larunbatean-eginen-den-manifetazioarekin

Publié dans Berriak - Infos

Commenter cet article