Kazeta.info - 5 000 lagun Baionako karriketan enplegua, eros-ahalmena, zerbitzu publikoak eta erretreta sistema defendatzeko

Publié le par Abertzaleen Batasuna

5 000 lagun Baionako karriketan enplegua, eros-ahalmena, zerbitzu publikoak eta erretreta sistema defendatzeko


5 000 lagun Baionako karriketan enplegua, eros-ahalmena, zerbitzu publikoak eta erretreta sistema defendatzeko Argitaratua: 1 ordu eta 22 minutu 5 000 lagun elkartu dira Baionan Sarkozyren gobernuaren erreformen kontra protesta egiteko. Joan den igandeko bozken ondoan, UMPk bigarren mezu ozena jaso du gaur karriketatik. Lan burtsatik atera den manifestazioak gizarteko eremu ezberdinetako herritarrak bildu ditu. Intersindikalaren deialdiari erantzunez enpresa pribatuetatko langileak, zerbitzu publikoetako ajenteak, erretretadunak, eta oro har krisia eta gobernu politikoaren eraginak pairatzen dituzten lagunak. Greba deialdia sektore publiko zein pribatuan sentitu da gaur. Bereziki garraioetan eta hezkuntza arloan nabarmendu dira lan uzteak. Maite UBIRIA | BAIONA Intersindikalaren banderolak zabaldu du 10.50etan Lan Burtsatik atera den martxa. Pankartan enplegua, zerbitzu publikoa eta erretretaren defentsarako deialdia luzatzen duten sindikatuen. Banderola amankomun horen gibelean, deialdia egin duten sindikatu bakoitzeko ordezkariak elkartu dira, taldeka. Bata bestearen atzetik, han dira CGT, CFDT, SUD, FSU eta UNSAko sindikatuetako afiliatuak. Tartean, enpresa eta arlo ezberdinetako langileak bere aldarrikapen propioak eraman dituzte. Hartara, krisia pairatzen ari diren enpreseseko langileen presentzia sentitu da manifestazioan. Han izan dira heldu den buruilean itxiko den Salines de Bayonneko langileak, eta baita AGEM, Turbomeca, Telecom, edo ospitaleko langileak, besteak beste. Greban diren Aduanetako langileek Hexagonoan 1 200 lanpostu lanjeran direla bere zerbitzuan oharrarazi dute. Erretretan diren pertsonen elkarteek bat egun dute protestarekin. Han izan dira banderla eta guzti PTT Retraités taldeko langile ohiak pentsiodunen eskubideakdefendatzeko. Atzeko partean LAB sindikatuak parte hartu du martxan pankarta propioarekin. 250 pertsona inguru bildu dira. Arlo pribatua, publikoa, enplegua dutenak edo langabetuak, denak elgarrekin mobilizatzera deitu ditu gaur LAB sindikatuak. «Nagusien zerbitzuko den gobernua burutzen ari dituen neurri eta erreforma antisozialei aurre egiteko, borroken orokortzea eta bateratzea da bide bakarra» zabaldu du sindikatuak. «Errepartizio sistemaren kontra ofentsiba berri hau ez dugula pasatzen utzi behar!» aldarrikatu du sindikatu abertzaleak. 1993, 1994, 1996 eta 2003an osagarrizko erretretak hunkitzen zituzten erreformak gogoan egin du adierazpen hau langileen erakunde abertzaleak. NPA alderdi politikoaren militanteek itxi dute Lapurdiko hiriburu nagusiak zeharkatu ondoren 12.30ak aldera Baionako Herriko Etxearen aitzinean amaitu den martxa. Greba eguna eta gobernu aldaketa Gaurko protestaren bezperan, frantziar presidenteak gobernua birmoldatu du. Besteak beste erretreta erreforma kudeatu behar zuen Lan ministroa, Xavier Darcos, kargutik kendu du Sarkozyk. Sindikatu ezberdinek egoeraren irakurketa sozial ezberdina egiten badute ere bat egiten dute «amorru soziala handitzen ari dela nabarmena» dela azpimarratzeko mementuan. Zerbitzu publikoen murrizketa gizarteko eremu guztietan pairatzen ari dela nabarmendu dute sindikatuek Baionako martxa amaitu aitzinetik egin duten mintzaldian. Joan den urtean hasi ziren Gobernuaren politikaren kontrako mugimenduaren jarraipena da gaurkoa. Sarkozyren gobernua eramaten ari den erreformen politika zerbitzu publikoa lanjeran jartzean ari dela salatzearekin batera «erreforma hauek Estatuaren aurrekontuetan aurrezkiak txikitzeko besterik ez direla eginak» azpimarratu dute sindikatuek. Eztabaida soziala gobernuarekin hautsia dela jakinik greba egunera deialdia egin behar izan dutela jakinarazi dute langileen erakundeek. Batasunaren deialdia Batasuna erretretaren erreforma salatzeko eta orohar zerbitzu publikoen desegitearen kontra agertu da, mobilizazio egunarekin bat eginez. Alderdi abertzaleak aldarrikatu duenez, «langileriari ez dagokio krisiaren kalte-ordainak pagatzea». Alderdi abertzaleak «botereak duen krisia guztien arazo bilakatzen duela» salatu du. Horrekin batera boterean indarrean den kudeaketa eredu liberala atxikiz erreformak indarrez inposatu nahi dituztela ondorioztatuz azkenean «langileriaren bizkar kokatu nahi dute krisiaren ordainketa osoa» argitara atera nahi du. Jokabide hori onartezina dela eta gizartea erreformen kontra borrokatzeko deialdia egin du Batasunak.

http://www.kazeta.info/euskalherria/5-000-lagun-baionako-karriketan-enplegua-eros-ahalmena-zerbitzu-publikoak-eta-erretreta-sistema-defendatzeko

Publié dans Berriak - Infos

Commenter cet article