Kazeta.info - 450 herritarren elkartasunari esker fidantza ordaindu ondoren larunbat arratsean libre atera da Aurore Martin

Publié le par Abertzaleen Batasuna

450 herritarren elkartasunari esker fidantza ordaindu ondoren larunbat arratsean libre atera da Aurore Martin

Goizeko 09.00etik 11.00etara Baionako Pyrénnées eta Donibane Garaziko Kalaka ostatuetan diru bilketa masiboa egin dute Aurore Martini juje espainiarak ezarritako fidantza ordaintzeko. 450 herritar inguruk eman dute laguntza ekonomikoa eta bildu dituzte Aurore Martin askatzeko behar diren 15.000 euroak. Bermea ordainduta izan da dagoeneko. Batasuneko militanteak pozik dagoela aitortu dio Jone Goirizelaia abokatuari eta eskertza mezua helarazi du azken asteetan bere askatasunagatik borrokatu duten guztientzat. Martin arratsaldeko 17.00etan atera da espetxetik, kanpoan bere lagunak zituela.  Gaur berant helduko da etxera eta, horrendako, familiak azaldu duenez, ondoko egunotan izanen da ongi etorria.

Guztira 400 herritar inguruk parte hartu dute bilketa masiboan eta lortu dituzte Martinen askatasuna lortzeko beharrezkoak diren 15.000 euroak.

Eguerdi huntan bermea ondaindu eta gero, arratseko 17.00etan baldintzapeko askatasunean atera da militante abertzalea Madrilgo Soto del Realgo espetxetik. Bertan familia eta lagunak zituen zain.

Martinen familiak adierazi duenez, ez zaio ongietorri publikorik eginen, berant helduko baita etxera. Baina datozen egunetan harrera ekitaldia egitea espero da.

50 egun espetxean 
Aurore Martin iragan azaroaren 1ean atzeman zuten Mauletik hurbil berehala espainaratua izateko, euroagindu bat dela-medio. Bere estraditatzeak hautsak harrotu zituen, Euskal Herrian ez ezik, baita Estatu fransesean ez. Hala nola, ezkerreko alderdi guztiek agerraldia egin zuten Parisen, Giza Eskubideen Ligaren eskutik, François Hollande presidenteari "bere esku den guztia egin dezan" Martinen askatasuna eskatzeko.

Azken sostengu adierazpena Akitaniatik heldu da aste honetan bertan. Eskualde Kontseiluak aho batez militantearen aldeko adierazpena onartu zuen iragan astelehenean.

Aurore Martinen askatasuna berri pozgarria dela "bai berarentzat, bai bere familiarentzat, baina baita Ipar Euskal Herrian bere alde lan egin duten guztientzat ere" azaldu du Jone Goirizelaiak Info7 irratian salaren ebazpena jakin eta minuta gutxitara. Abokatuak baieztatu duenez, 13.15etan jaso du albiste ona. Beraz, Aurorekin mintzatzeko aukera ez duela izan azaldu du Goirizelaiak.

Albisteak ezustean harrapatu du baitaere Auroren familia. Bere ama "Berria" kazetarekin mintzatu da. Azaldu duenez, ez zuten espero libre uztea eguberri aitzin. Are, bisita egiteko baimena eskatua zeukatela baieztatu du.

Familiak 15.000 euro bildu behar ditu. Jujeak diru kopuru handi hori eskatu baitu berme gisa. Horrendako,Batasunak diru bilketa antolatu du. Hitzordua, larunbatean, goizeko 9.00etatik 11.00etara, Baionako Pyrénnées ostatuan eta Donibane Garaziko Kalakan emanik da. 300 lagun serkatzen direla bakotxak 50 euro emanez 15.000 euroko bermea biltzeko azaldu du Batasunak. Txekeek ez dutela balio, sosa eskatu baitu jujeak zehaztu du alderdiak. Bake Bidea mugimendua fidantza ordaintzeko antolatutako diru laguntza kolektatzeari juntatu da, agiri baten bidez iragarri duenez. 
Bermea ordaintzeaz gain, Aurore Martinek estatu espainiarrean egoitza edo helbide bat jakinarazi behar dio jujeari. Egoitza horretarik hurbilen den auzitegian aurkeztu beharko da hilero Batasunako militantea.

Salak zuzendu du jujearen erabakia 
Jone Goirizelaiak nola gauzatu den Aurore askatatzeko erabakia azaldu du. Jujeak Batasunako kartzelatzearen aurkako helegiteak ezeztatu eta gero aretora jo zuen abokatuak. Info7n zehaztu duenez, salak defentsaren argudioak aitzat hartu ditu. Bere ebazpen horrekin "salak lehen eginiko hanka-sartzea" zuzendu du, era berean, zeharka bada ere, "Auroren tokia bere etxean dagoela, Euskal Herrian" onartuz.

Batasuna kontent, baina beste 600 preso direla ahantzi gabe 
Batasunak prentsa-oharra zabaldu du Aurore Martin aske uzteko erabakia txalotzeko. Bere poza agertu badu ere, Auzitegi Nazionalak militanteari ezarritako fidantza ekonomikoa salatu du alderdiak. Ber maneran, beste 600 bat preso espainiar eta frantziar espetxeetan direla beti oroitarazi du Batasunak.

"Eskertu nahi ditugu orain arte mobilizatu diren pertsona, antolakunde  eta elkarte  guziak, argi da indar erakustaldiak duela Aurore askatu eta bide horretan segitzeko deia egiten dugu", adierazi du Batasunak.

Jean-François Lefort, Batasunako ordezkariak Euskal Irratietan azaldu duenez, "indar metaketaren bidez estatuak mugitzera behartu ditugu". 
Esker eta eskuin, lanean segitzeko deiak

Martin aske uzteko erabakia ziztu batean zabaldu da Ipar Euskal Herrian. Frédérique Espagnac, PSko senatariak bere poza agertzeaz gain, Aurore Martinen "askatasun osoa" lortu arte "borrokatuko dugu", adierazi du twiterren bidez.

Ildo beretik, Colette Capdevielle alderdi bereko deputatuak hauxe aitortu du sare sozial horretan: "oso hunkitua naiz, mobilizazioak emaitza eman du, segituko dugu".

EE-LV taldeak bake prozesuarekin lotu du albistea. France3 Euskal Herri-kin mintzatuz, "Aurore Martinen askatasuna bake prozesuaren aldeko urratsa dela" adierazi dute, lanean segitzeko gomita luzatuz.

UMPko kontseilari orokorrak, Max Brissonek, Martinen askatasuna txalotu du. "Beratzat, zein bere senideentzat berri on bat dela" erran ondoren "diferentzia politikoen gainetik antolatu den borrokak ahalbideratu duela" Aurore Martinen askatasuna eta bide beretik segitu behar dela azaldu du twiterren bidez.

Pepela Mirande, MoDem-eko hautetsi xiberotarrak bere poztasuna agertu du ere. Kontseilu Nagusian eroaginduaren aurka mozionea aurkeztu zuela gogoratu ostean, Mauleko militantea aske uztearen erabakiak "justizia egiten duela" gaineratu du. Alderdi bereko Jean-Jacques Lasserre senatariaren uztez "herri mobilizazioak espainiar juztiziaren arreta piztu du".

Atarratzeko ezkerreko auzapezak, Arnaud Villeneuvek, Martin libre uztea "norabide onean doan deliberoa dela" azaldu dio "Le Journal du Pays Basque" kazetari.

Prentsan itzala utzi duen albistea 
Euskal hedabideetan lehenik eta ondoren frantziakoek berriari garrantzi berezia eman diote. Batzuk soilik aipatzearren,  BFMTV telebista"Le Monde""Le Nouvel Obs""Libération"TV5Monde hedabideek berria jaso dute.  Izan ere, jakin behar da berria lehenik sare sozialetik zabaldu dela.

Euskal Irratiek zabaldu dute lehen albistea,  13.30ak pasatxo. Eta berria bolo bolo hedatu da. 15.00etan Frantziako TT bilduman hirugarren gai aipatuena zen (#AuroreMartin).

www.kazeta.info

Publié dans Berriak - Infos

Pour être informé des derniers articles, inscrivez vous :

Commenter cet article