Berria - Jon Anzaren desagerpena salatzeko nazio manifestazioa eginen dute apirilaren 17an Donibane Lohizunen

Publié le par Abertzaleen Batasuna


Jon Anzaren desagerpena salatzeko nazio manifestazioa eginen dute apirilaren 17an, Donibane Lohizunen


Euskal preso ohia iazko apirilaren 18an ikusi zuten azkeneko aldiz. Non da Jon? plataformak martxoko eskualde hauteskundeetako hautagai denei desagerpenaz "jarrera argia eta ofiziala" hartzeko galdegin die.

Apirilaren 18an urtea beteko da Jon Anza euskal preso ohia (Donostia, 47 urte) desagertu zenetik, eta apirilaren 17an -larunbata- kasua salatzeko nazio manifestazioa eginen dute Donibane Lohizunen (Lapurdi), Non da Jon? plataformak deituta. 17:00etan hasiko da, Luis XIV.a plazatik.

Martxoaren 14an Ipar Euskal Herrian eta Frantziako Errepublikan eskualde hauteskundeak izanen direla-eta, plataformak hautagai denei desagerpenaz "jarrera argia eta ofiziala" hartzeko galdegin die, gaur Baionan emandako prentsaurrekoan jakinarazi duenez. Gizarte eragile denei, berriz, apirileko ekimenera joateko dei egin die. 2009ko irailaren 19an ere egin zuten Donibane Lohizunen manifestazioa, eta jende asko bildu zen.

Anza Ahetzeko (Lapurdi) bizilagunari iazko apirilaren 18an neska-lagunak Baionako tren geltokira lagundu zion, eta hantxe ikusi zuen azkeneko aldiz. ETAk gero jakinarazi zuen bere militantea dela Anza, egun hartan hitzordua zeukala Okzitaniako Tolosan, baina ez zela azaldu.

Kasu hori gerra zikinaren "ondorio latzena" dela adierazi izan du Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM). "Espainiako Gobernuak bultzatzen duen eta Frantziakoak laguntzen duen gerra zikinaren jomuga izan dela argi baiezta dezakegu". Baionako Fiskaltzak ikerketa abiatua du, eta "hipotesi mahai gainean" dituela esana du.

1982tik 2002ra artean preso egon zen Anza, ETAko kidea zela leporatuta. Duela bi urte buruan tumorea sortu zitzaion. 

Anza

Publié dans Berriak - Infos

Pour être informé des derniers articles, inscrivez vous :

Commenter cet article