Gora Herria ekitaldiako Andderen diskurtsoa

Publié le par Abertzaleen Batasuna

 

                                                Gora Herria, Euskal Herri berria !!

 

Bai, euskaldun eta abertzale giren heinean dugu horixe oihukatzen, oihukatzen ozenki. Herritarrek entzuteraino, gatibu gaituzten bi estadoek, Europak eta mundu osoak entzuteraino: Euskal Herria herri bat da, Euskal herriak badu bokazioa herri eta nazio libre gisa bizitzeko!

Justuki, bi estatu independente diren Frantzia eta Espainiarengandik bestelako musikarik entzuten dugu aspaldiko urteetan. Estatuek, Euskal Herriaren ezagupen gose eta egarriari, ukoa, errepresio zuzena edo maltzurra eta mespretxuaren bidez soilik erantzuten dute. Betiko estatu jokoa, estatu logika aplikatzen digute.

Egitate horren aintzinean, zoin da bidea, zoin da jokabidea, nola jokatu, norekin?

Ez dugu pentsatzen ABn, egia osoaren jabe girenik. Haatik argi dugu, agian gaurko egoera politiko, edo soziopolitikoari itzulia emaiten hasteko, agian soluziobideak, aterabideak bai badirela eta nahikunde eta kemenez jokatuz, eskupean ere ditugula. Herri hunek ,herri gisa bizitzeko aterabidea eskuetan dauka, bere eskuetan dauka. Herri hunek, Euskal herriak, berak asmatu eta obratu behar du, herri burujabe gisa egiteko bidea, bide xendra lehenik, bide nazionala gero … Bide horiek guziek, gure ustez oinarri sendo bat dute, premiazkoa, lehentasunez aktibatu beharrekoa Euskal herri osoan: Euskal herritar guziek, beren geroaz erabakitzeko eskubide osoa dugu. Funtsezko eskubide hori lortzeko premia dugu. Noski, autodeteminazioarako eskubide  hori herri gisa aldarrikatzen badugu ere, argi izan behar dugu, eskubide horren deklinazioak erabat asimetrikoa ere izan behar duela, eta guk nahi ala ez, herri hunen errealitate soziopolitikoari egokitua izanen dela, ala ez da izanen !

 

 Zentzu hortan eta Iparraldeari doakionez nola ez ginezake aipa Bateraren adibide argia, Bateraren lan bikaina, Bateraren potentzialitate harrigarria eta Baterak eskuetan duen lorpen politiko itxaropentsua. Bertute askorekin, pazientzia paregabearekin eta parte hartzaile moldean, Pariseko gobernamenduaren eskumakil den Paueko prefet/gobernadore zibilaren mehatxuak hutsean utziz, Iparraldeko 155 herrietarik 125etan, herri kontsulta eginik izan da. 125 herri horietariko, 90etan herri kontsulta eginik izan da, Herriko kontseiluaren baimen eta laguntzarekin. Berez hasieran “legezkoa” ez zen kontsulta, Herriko etxeek, hautetsiek eta herritarren parte hartzeak, ariketa partehartzaile demokratiko eta ofizial bihurtu dute. Orain badakigu, Baterak badaki, Prefetak badaki, Parisek badaki..!

 

Nor da herri huntan demokraziaren beldur? Bidea, bide bat da Batera. Ipar Euskal Herrian oraindik gehiago sakondu eta urratu behar dugun bidea, ildo hortarik joango da: indar metaketa hortik eraman behar dugu, indarrak hor sartu behar ditugu. Erabakitze eskubidearen gauzatzean, bai Iparraldean, baita agian Hego Euskal Herrian ere, indar metaketak gerta litaizke abertzale diren eta ez direnen artean. Indar metaketa berriak gerta litaizke aurrerakoi eta autodeterminazionista sentitzen direnen artean, gaurko inertzia eta errealitateen aldatzeko denen beharra izanen dugulako. Nehor ez delako soberakin izanen!!

 

Bide zibil eta politikoen egiazko kultura eta ariketa eskuratzeko premia dugu, bai iparraldean baina baita Euskal herri osoan ere. Hortarako euskal herritar guziak beraienak diren eskubide zibil eta demokratikoak eskura izanki, hauteskunde espazio berriak irabazi egin behar ditugu, akordio politiko eta programatiko eraginkorren bitartez, herritarren eguneroko kezkak eta premiak gureganatuz eta herri proiektu anbiziodun bezain pragmatikoak bultzatuz.

Herri mobilizazioak, bide hortan lagungarri eta baitezpadako izan litaizke alabainan eta nola ez aipa desobeditze zibilak izan behar duen lekua . Desobedientzia zibila ez da amentsetako hitz edo egitatea, baizik eta xumeki herri proiektu bati egokitzen ahal den zerbait: agian ainitz ohartu ez bagira, ez badira ere, Baterak bultzatu eta lortu duena hemen berriki, desobedientzia zibil ekintza bat izan da ! Oso molde zibilizatuan eramana, bainan desobedientzia ekintza halere!

 

Estrategia berri horiei leku eta lehentasun osoa uzteko, estrategia politiko militarra gainditu beharra dago. Agian estrategia politiko militarrek beraiena eman dute iraganean, bai Iparraldean, bai Hegoaldean eta hori ere ez dugu ahanzten. Bainan aspaldi beren betebeharra bete dute. Iraganeko tresna eta estrategiak dira, zaharkitu dira eta hori ere erran egin behar. Ahoan bilorik gabe. Argi ta garbi mintzatu behar gira hortaz ere!

Bizi dugun egoeratik ateratzeko edo behintzat ateratzen hasteko, behar gorria dugu bide eta estrategia soilik politiko kementsu, ausart eta demokratikoak adostea lehenik, eta ondotik bideratzea.

 

Ezker Abertzalea deitzen diogun esparru zabal hortan ere, haize freskoaren beharra daukagu. Bainan hor ere argi mintza gaitezen: esparru hori zabala bezain ainitza da, ez gaurtik, betidanik baizik. Agian nukleo nagusi bat dauka ezker abertzale esparru horrek, bainan dauzka hainbat nukleo edo pentsamolde antolatu eta ez antolatu ere. Biharko ezker abertzalearen osaketa berriak izan behar du berritzaileaz gain, partaide guzi ezberdin horien arteko errespetuzko harremanetan oinarritua. Deus gehiago, bainan deus ez guttiago!

Elkarrenganako errespetu hortan oinarrituko da, ezker abertzale berritua edo ez da izango!

 

Xendratik, errebide nazionalerat eramanen gaituen bidean, eragile polítiko baita sozialen arteko akordio egonkorrak eta serioak landu eta adostu beharrean gira baita ere. Akordio zabalak guttienezko eta batzen gaituzten punduen inguruan. Kontsentsu politikoaren kultura berri bat irekitzeak ez gaitu beldurtu behar: bide hortatik ez dugulako deus galtzeko bainan ainitz irabazteko! Akordio zabalak aipatzerakoan, eragile sozial eta sindikalekin batera, nola ez aipa herri huntan 110 000 kide lerrokatzen dituen indar sindikala. Izan ere, subiranisten artean guttienezko oinarri batzuen inguruan, biltzeko beharra aipatzen duelarik, arrunt ados girela proposamen horrekin ozenki erran behar diogu! Eta  bide batez, beste eragileekin batera  ausardiaz jokatzeko gomita luzatu nahi diogu.

 

Besteak beste, bizi dugun krisialdi ekonomiko, sozial eta ekologikoari buru egin behar horrek politikan aritzeko molde berriak eskatzen baititu. Hortarako, nazio askapenerako ikuspegiari dimenstio sozial eta ekologikoak ere uztartzea behar beharrezkoa da.

 

Akordio politiko zabalak bideratzeko, herri hunen indar bizi eta kementsu guziak ditugu beharrezko. Zentzu hortan nola ez aipa kateaturik, dispertsaturik, zokoraturik diren euskal preso politiko guziak. Bai haei ere pentsatzen dugu momento huntan, gure herriko zati direlakotz. Haieri pentsatzen dugu eta ez ditugu usteltzen utzi nahi, ez ditugu usteltzen utzi behar dauden zuloetan. Etxean nahi ditugu, herrian nahi ditugu, herritarren artean, libre eta beren hitzaren jabe. Asko emaiten ari dira, agian geihiegi ere. Orain nahikoa da. Akordio poliko zabalen bitartez, Valdemorotik, Puertotik, Fresnesetik edota desterrutik, presoak eta iheslariak Euskal Herrian behar ditugu, indar bizi gisa. Amnistiarekin, amnistia lege berri batekin, hori ere lortu beharrean gaude.

 

Xendra patartsutik, bide nazionalerat! Bai, posible da eta posible egin behar dugu. Nahizta denbora gure kontra joan askotan, edo behintzat inpresio hori ukan, konbentzimendu eta pazientziaz ibili beharrean gira ere. Bide politikoek hori dute ere paradoxa. Abiadura hartu aintzin eta abiadura epe luzean mantentzekotan, lehenik motorra luzaz berotu beharra!

Has gaiten beraz motorrak berotzen. Has gaiten lan xehea eta egunerokoa egiten. Has gaiten bide xendra bazterrak garbitzen, has gaiten mendi tontorrerat gehiegi edo usuegi so egin gabe, bide xendra eta patartsua igotzen. Bidea eginez gailurrerat helduko gira eta.

Herri hunek tradizioz, hainbat mendigoizale famatu ezagutu ditu, munduko mendi gailur famatuenak zapaldu dituztenak. Euskal politikagintzak, Euskal herri berriak, biharko Euskal herri burujabeak agian premiazkoena lortzea ez dira Pasaban, Oihartzabal edo Inurrategi berriak, baizik eta mendigoizale orori hain beharrezkoak diren sherpa berriak. Sherpa xume, apal bezain kementsuak, gailurrerako bide xendra urratuko dutenak. Bakotxak gure lekutik, bakotxak gure bide xendratik bilaka gaiten beraz Euskal Herri berriaren sherpa nekaezinak.

Balio du eta. Euskal herriak balio du eta. Bidean ikusiko girelakoan!

 

                                                   Andde Sainte-Marie, Joseba Garai

                                     Abertzaleen Batasunako kideak

Publié dans Abertzaleen Batasuna

Pour être informé des derniers articles, inscrivez vous :

Commenter cet article