gara.net - Etxeratek jasan dituen "presio, irain, akusazio faltsu eta erasoekin amaitzeko" galdegin dute hainbat eragilek

Publié le par Abertzaleen Batasuna

Etxeratek jasan dituen "presio, irain, akusazio faltsu eta erasoekin amaitzeko" galdegin dute hainbat eragilek

Ezker abertzaleak, EAk, Alternatibak, Aralarrek, Abertzaleen Batasunak, LABek, ELAk, EHNEk eta STEE-EILASek elkartasuna adierazi diote Etxerati azken egunetan jasan dituen "eraso eta presioen" aurrean.

12/08/2011 12:44:00

AzkenEzketx.jpg
Eragile ezberdinetako ordezkariek haien babesa eskaini diete Etxerateko kideei. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)

DONOSTIA-. Donostian egindako agerraldi batean, Etxerat elkarteari "babesa eta elkartasuna" adierazi diote "azken asteetan jaso dituen presio eta irainen aurrean" eta "erabateko errefusa" agertu dute Gasteizko egoitzan jasan zuten lapurretarekiko. Horrelako "gertakari larri eta praktika zaharrek" Euskal Herrian "zabaltzen ari den aro berrian" lekurik ez dutela nabarmendu dute ezker abertzaleko, EAko, Alternatibako, Aralarreko, Abertzaleen Batasuneko, LABeko, ELAko, EHNEko eta STEE-EILASeko ordezkariek.

"Etxerat elkartea osatzen duten pertsona guztiek euren eskubide zibil eta politikoak dituzte. Hortaz, ez dugu onartzen Etxeraten eta berau osatzen duten pertsonen kontrako inolako irain, jazarpen edo mehatxurik", esan dute, "euren senide eta lagunen egoera salatzeko eskubide osoa" dutela ohartarazi ostean.

Hala, "egun indarrean dagoen espetxe politikak errepresio, erabilpen eta konfrontazio terminoetatik, konponbide demorkatiko bat ahalbidetzeko klabeetara pasa behar duela" iritzi diote, eta "berehala" eman beharreko pasua dela esan dute.

"Sakabanaketa politika eta bere ondorio larriak salatzea, gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten preso politikoen askatasuna exijitzea, bizi osorako zigorra de fakto aplikatzea ahalbidetzen duen doktrina bertan behera uzteko eskatzea edo isolamendu, bakartze, jipoi edo espetxe politikak eragiten dituen beste hainbat eskubide urraketaren amaiera eskatzea ez da delitua", salatu dute.

Ildo horretatik, pertsona guztien eskubide guztien errespetuaren aldeko hautua berretsi eta Etxerat jasaten ari den "presio, irain, akusazio faltsu eta mota guztietako erasoekin amaitzeko" galdegin dute.

 

http://www.berria.info/albisteak/53947/etxerat_ek_jasaten_dituen_presio_irain_akusazio_eta_mota_guztietako_erasoak_amaitzeko_eskatu_dute_hainbat_alderdi_eta_sindikatuk.htm

Publié dans Berriak - Infos

Commenter cet article